Ana Malagon.
ARKUPEAN

Pijamak

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gizartea bitan banatzen da. Gosaldu baino lehen dutxatzen direnak daude eta dutxara gosaldu ondoren doazenak. Ni bigarren taldean nago. Telelanaren garai hauetan ere, ez naiz pijaman eguerdira arte gelditzen den horietakoa, ez pentsa. Gosaria amaitu eta berehala sartzen naiz komunean. Etxean egoteko dudan txandal galtza eta elastiko kolekzio zahar bezain beldurgarria ezagutuko bazenu jakingo zenuke ez dela neure burua dotoretzeko. Beharbada egunen hasierak ondo markatu behar izaten ditut. Atzokoa amaitu da, hanka sartu eta eguna izorratzeko aukera berri bat dut. Beharbada, Lidl-en erosi nuen zera koadrodun hau gainetik kendu nahi dut, besterik gabe.

Neure burua Ingalaterrako XIX. mendean bizi zela konbentzitzen saiatu nintzen adin batean (modaren ikuspegitik oso post-nerabezaro konplikatua izan nuen) kamisoiak erabiltzen hasi nintzen. Flanelazko kamisoi deseroso batzuk izan nituen, ohean mugitzean altxatu edo tira egiten zidatenak. Guztiok ditugu altxatuta edo tiraka bizi ditugun faseak. Pijamak Europan XIX. mende amaiera aldera zabaltzen hasi ziren. Ni 2000. urtean sartu nintzen XX. mendean, pijametara itzuli nintzenean. Ez naiz XXI. mendera oraindik heldu, ur poltsa bero bat dut negurako. Emadazue denbora apur bat, berehala izango naiz zuekin.

Badakit euskaldun bakoitzak, futbol entrenatzaile bat izateaz gain, bere baitan filologo bat duela, baina ni behintzat ez naiz pijama hitzaren jatorriaz arduratu orain arte. Pijama hitzaren jatorriaz ez delako inor arduratzen. Ingelesek hinditik hartu zuten, eta haiek, persiarretik. Britainiarren inperialismoari zor diogun erosotasuna da, beraz, pijama, eta ez dut inor gaizki sentiarazi nahi honekin, baina inperialismoak barne gatazka hauek eragiten ditu. Moden joan-etorrian bueltaren bat eman zuen arren, XIX. mendera arte ez zen gizonezkoen artean zabaldu ohean bi piezatan sartzearena. Gizonezkoak esan dut, ez baita emakumezkoen erabileraren aipamenik jaso I. Mundu Gerrara arte, eta dauden aipamenak freak deitzeko dira. Badakizue freak horrek zer gordetzen duen.

1914ko gerran emakumeak pijamak janzten hasi baziren, edozein momentutan ospitalean amaitu dezakezulako kulero presentagarriak jartzera eramaten zaituen jarrera optimista berberagatik izan zen. Gerta zitekeen gauaren erdian zepelin alemaniarren erasoengatik etxetik korrika atera behar izatea, eta horretarako askoz ere praktikoagoa zen pijama kamisoia baino. Garai hartan hala aurkeztu ziren pijamaren bertute praktiko eta ez hain praktikoak: zepelinetatik ihes egin bitartean goizeko ordu txikietan bizilagunekin topo egiteko jantzi errespetagarri perfektua bezala. Etxeko intimitatetik eta oheko babesetik kanporaturik zirenentzako desorduko gerrarako armadura zibil bat. Poltsikoak zituen gainera. Soinekoen hegemoniarekin urteetan zehar emakumeoi ukatu zaigun oinarriko eskubide hori.

Gauza intimoa da pijama, arropa intimoa deitu dena baino are intimoagoa esango nuke. Gaur egun, armaduraren zentzua galdu dute pijamek. Babestu baino gehiago, gure esparru hauskorrenetan kokatzen dira. Pijama baten erruz lotsatzen gara barkamena eskatzera beharturik sentitzera arte. Ez da pijama, gu gara. Geure burua eta bere utzikeria da lotsatzen gaituena. Pijama itsusi baten defentsa sutsuan geure buruarengan dugun segurtasun faltaren defentsa bat dago. Pijama batzuk ezkutatu nahi izaten ditugu, oroitzapen txarrak bezala, burkoaren azpian, inoiz botatzera heldu gabe. Etengabeko aldaketan dagoen mundu honetan, zerbait egonkorra delakoan gordetzen dugun zerbait da.

Ez dakit zuk, baina nik, biziditugun egun nahasi hauetan, ametsetan gertatzen den bezala, konturatu gabe kalera pijaman ateratzen ari garen sentipena daukat. Armadura zaurgarri kitsch samar batekin, eguneroko zepelinen bonbardaketan presentagarri agertu nahian baina denborarekin zulo egin zaizkigun higadurak agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.