Fantasia da. Eztanda. Bada. Taupada. Osorik da. Da asko dira. Sormenaren lurraldea da. Bizitzekoa da. Ez dakit DA leloa amaitu den ala ezer originalik okurrituko zaien oraindik.
Ni ere izan nintzen Durangoko Azokan. Kotxea urruti aparkatu behar izan nuen. Inoiz gaztetxea izandako harri pilaren parean. Bakarrik egin nuen Landakora arteko paseoa. Paseanteongan ohikoa den gisan, behaketa konstantean.
Idazteko eskatzen didatenean, ez dakit nondik idazteko eskatzen didaten. Hemen idazten dudanean ere ez dakit zer espero duzuen nigandik, Oihana poeta espero duzuen, Oihana antropologoa, Oihana gaztea, Oihana bertsolaria... edo Oihana paseantea, akaso. Esango nuke orain arteko artikuluetan ihes egin diodala publikoki auzi antropologikoei buruz berba egiteari. Barruko poeta tristeak hartu du ia protagonismo guztia eta, egiari zor, zilegi iruditzen zait, nire pertsonalitaterik xarmagarriena da inondik ere.
Durangoko paseoak dakar, ordea, gaurko artikulua. Behingoarren demostratu ahal izango dut ikasi dudala zerbait fakultatean. Hasieratik esango dut orokorkeria asko esango ditudala eta argudioak ez direla inondik ere guztiz serio hartzeko helburuarekin idatziak izan. Besterik gabe, intuizio baten berri eman nahi dut. Etorkizuneko ikerketarik balekar poztu egingo nintzateke, hori ere hala da.
Ukaezina da Durangoko Azokak pisu sinboliko handia duela euskal kulturan, eta erritualizatuta dagoen praktika bat dela bertara joatea. Behin eta berriz errepikatzen dugu, balio sinbolikoa du eta identitate kolektiboa sendotzeko balio du. Ohikoa da umetan eskolarekin eta familiarekin egitea txangoa. Nerabetu ahala, lagunek ordezkatzen dituzte gurasoak. Baina zer gertatzen da gero?
Landakon paseoan ari nintzela ikusi nuen lehenengo, Goienkalen gero, Plateruenan ere bai. Jendea bikoteka, eskutik helduta, irri inozoak jantzita. Poltsa bana eskuan baina gorputzak elkarrengandik zentimetro gutxitara. Ez da nobedade, jendea bikoteka joaten da azokara. Bikote diodanean, ez naiz bikote hitzaren adiera zabalenaz ari. Badakizue zertaz ari naizen. Auzia konplexua da, baina benetan uste dut jendeak bikotekideak Gabonetan familiari aurkezten dizkion bezala aurkezten dizkiola Durangoko Azokan euskal jendarteari.
Ez naiz ezagun bat aurkitzen duzun aldiro «hau nire bikotekidea da» esateaz ari. Denok dakigu halako ekitaldi kanonikoetara norbaiten eskutik agertzea oso esanguratsua dela. Are gehiago, Gipuzkoako beste puntatik autoan elkarrekin joan baldin bazarete. Egiari zor, ulertzen dut zergatik egiten duen jendeak hori, alde batetik, ezagunei esaten ari zara: «Lasai, nire bikotekidea gutarra da». Bestalde, anonimotasunaren eta publikotasun absolutuaren arteko lurrak trantsitatzen ditugu halako egoeretan, ikusten ditugun pertsona batzuek ez gaituzte ikusten eta ikusten ez ditugun hainbatek ikusten gaituzte, hortaz, errazagoa da erdi ezkutaketan jolasten aritzea.
Ikusiak izan nahi ez duzuela performatuko duzue, lotsa emango dizue inork ikusten zaituzten uneak, baina barru-barruan denok dakigu helburua ikusia izatea dela. Bestela, herriko liburu dendan erosiko zenituzkete elkarrentzako Gabonetako opariak.
Ez dut aipatu gabe utzi nahi batez ere jende heterosexualak egiten duen zerbait dela iruditu zitzaidala. Jende pribilegiodunak egin dezakeen zerbait da. Behar da dirua, bikotea, oro har kotxea... Eta hori performatzeko adorea eta onarpen publikoa jasoko duzulako ziurtasuna. Ez da, akaso, irakurketa zuzenena izango, baina ez dakit, hala iruditu zitzaidan.
Iluntzean Donostiara nirekin zetorren lagunarekin (gizona) kotxerainoko bidea egiteak beldur apur bat eman zidan. Auskalo zenbatek pentsatuko ote zuten gu ere Durangoko Azokako performancea egitetik gentozela.