Non kokatu daiteke pentsamendua? Mendebaldeko filosofiaren historian arimaren mugetan sartzea izan da ohikoena, izpirituari lotzea. Pentsamenduak, horren arabera, ez omen dauka kokagune materialik, ideien munduari dagokio. Eta gorputza pentsatzeko oztopo baino ez da: arimaren kartzela, Platonek esan bezala.
Egun, berriz, ematen du kontrako muturrera pasatu garela. Pentsamenduak kokagune material zehatza dauka, gorputzaren barruan gainera: burmuina. Horixe dugu modan jarritako neuro-ikerketa askoren hipotesia. NeuroSpin deituriko Frantziako ikerketa-gune erraldoian, adibidez, pentsamenduaren argazkia lortu nahi dute burmuinaren mapa osoa eginez. Hipotesia aurreko teoria baten ordezkaria da: XIX. mendean Angelo Mossok burmuinaren odol-fluxua eta ekintza intelektuala lotu zituen. Egun, odolaren mugimendua baino gehiago neuronen mugimendua aipatzen da. Aitzitik, burmuina al da pentsamenduaren egoitza? Nerbio-sistema zentrala beharrezkoa izan daiteke, baina ez du zertan nahikoa ezta kausala izan ere...
Historian zehar pentsamenduarentzako bestelako toki posible asko pentsatu dira. Metafora askotarikoak, batzuk besteak baino poetikoagoak. XIV. mendeko Ramon Llull filosofoak, adibidez, biriketan kokatzen zuen. Zergatik ez? Behin irudikatzen hasita, hori ere izan zitekeen toki aproposa: pentsamendua airea baino ez da eta ideiak haizeak daramatza, lehenago edo beranduago... Jacques Lacanek, berriz, oinekin pentsatzen zuela zioen, lurra zapaltzean zerbaiten kontra egiten dutelako. Martin Heideggerrek, aldiz, aproposena eskuekin pentsatzea zela uste zuen: pentsamendua artisautza da eta kontzeptuei forma ematean datza; kontzeptuekin altzairu teorikoak eraiki behar dira. Edo, metaforaz metafora, Eduardo Galeanok bihotz-pentsalariak garela poetizatzen zuen. Zoritxarrez, badira pentsamendua gizonen gorputzetan soilik dagoela esan dutenak ere, Rousseauren moduan. Emakumeei ez zegokien pentsatzea! Horra hor mende askotan zehar filosofiatik ezabatutako emakumeen ahotsak: bada hori aldatzeko garaia.
Kontua da, beraz, pentsamendua pentsatzeko tokia iheskorra izan dela: ariman, buruan, biriketan, oinetan, eskuetan, bihotzean... Non ote dago? Nik, gaurkoan, Hannah Arendten bideari jarraitu nahi diot: pentsamendua giza harremanetan datza eta hizkuntza du oinarri. Beste batengandik jasotako hizkuntza erabiltzen dugu gizakiok pentsatzeko. Izan ere, ume jaioberria negarrez ari denean, bere negarrari, gizakumearen oihuari, norbaitek hitza jartzen dio, hizkuntzaren sare sinbolikoan sartuz. Umetxoa negarrez ari da gose omen delako, logura, beldur edo auskalo... Baina, negar hori interpretatzean, izendatzean (edozein modutan izanda ere), etorkizuneko elkarrizketan sartuko dugu jaioberria. Eta, txikitan ez badigute hitz egiten, ez dago horrek pentsatzeko ahalmenean eragindako kalteak konpontzerik.
Lotuta daude, beraz, hizkuntza, pentsamendua eta komunitatea. Eta, zentzu horretan, Aristotelesek izendatutako zoon politikón edo gizakion izaera publikoa, burmuin bat izatera kondenatuta dagoen egungo gizaki neuronalarekin kontrajarriko nuke.
Pentsamenduaren toki iheskorra, orduan, giza harremanetan dago, zentzu dinamikoan, erabat harrapaezinean. Ahoz aho dabil, bidaiari. Kurioski, umeei galdetuta, ahoarekin pentsatzen dugula esan ohi dute! Agian ez da pista txarra umeak entzutea eta, oro har, entzumena lantzea.Akaso belarriak ere izan daitezke pentsamenduarentzako gune aproposa, solasaldia eta pentsamendua harremanetan jartzeko metafora polita. Horrek pentsatzea elkarrekin egindako ikerketa bat dela azpimarratuko luke, bere izaera asanblearioari eutsiz. Ez al da hori polisa ulertzeko modu bat? Metaforek garrantzi politiko zuzena daukate.
Egun, pentsamendua ikerketa komunitario gisa ulertzeko bidean, gune txikiak eraikitzen ahalegintzen da, besteak beste, Agora Filosofia Elkartea: Tolosako Hiru tabernan, Gasteizeko The Tapen, Bilboko Bira espazioan, Iruñeko Laban... Elkarrekin pentsatu, eta pentsamendua gorpuztu egiten da kafe eta pote filosofikoetan, presentzialki egiten baitira. Bertan ez dira soilik arimak edota burmuinak elkartzen. Gorputzek, ahotsen doinuek, begiradek... zerbait berezia ematendiete elkarrizketei, nahiz eta ez nukeen jakingo zehazki zer ote den. Zapore kontua? Jatorri beretik datoz, behintzat, sapere eta zapore hitzak.
ARKUPEAN
Pentsamenduaren tokiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu