Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Pentsaezina, kalkulaezina

2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Giza bizitzan kalkulaezinak diren hainbat gertakari izaten dira. Eta, gertatu ondoren, orduan hasten gara horien inguruko azalpenak bilatzen: ustezko aurreikuspen falta gure gabezia intelektualaren ondorio gisa hartu ohi dugu.

Nassim Nicholas Taleb matematikariak zisne beltza izena jarri die salbuespenezko gertakari horiei. Eta hiru ezaugarri atxikitzen dizkie: espero genuenetik erabat kanpo suertatzen dira, izugarrizko inpaktua eragiten dute gugan, eta, aipatu bezala, atzetik aurrera sortzen ditugu gertatutakoa ulertzeko ezinezko teoriak.

Zisne beltzek, akaso, kontubakar bat erakusten digute: dakiguna baino askoz handiagoa dela ez dakigun hori. Umberto Ecok 3.000 liburu inguru zeuzkan bere etxeko liburutegi pribatuan. Horien artean, noski, gehienak irakurri gabeak, kontsultarako erosiak. Kontua da, urteak aurrera joan ahala, irakurri gabeko liburu horiek berari begira sumatzen zituela, bere ezjakintasuna seinalatuz. Irakurritako liburuek, berriz, (jakin bazekienak) gero eta balio gutxiago zeukaten berarentzat. Zisne beltzek ere horixe seinalatzen dute: gure ezjakintasuna.Ez daude idatzita eta gure aurreikuspenen miseriaren aurrean jartzen gaituzte. Beraz, liburutegiko liburu guztiak irakurritaere, ezinezko egingo zitzaion Umberto Ecori hainbat zisne beltz aurreikustea.

Aipatutako Nassim Nicholas Taleb matematikariak, adibidez, oso ondo gogoratzen ditu gaztaroan, Libanoko guda hasi aurretik, bere inguruko helduei entzundakoak: «Ez da gudarik egongo», esaten zuten argi eta garbi. Baina guda, tamalez, hasi egin zen, eta, gainera, urte asko iraun zuen. «Laster amaituko da», entzuten zuen behin eta berriz. Nola nahasten zaizkigu, orduan, egindako aurreikuspenetan, gure ilusioak, gure nahiak, gure beldurrak? Nola saihets ditzakegu zisne beltzak? Kontu zaila, benetan.

Gure ingurukook, tamalez,horrelako zisne beltz bat pairatu dugu azken egunetan. Horregatik, gaurkoa ez da iritzi artikulu soil bat. Gaurkoak oroigarri bat izan nahi du, omenaldi bat, agur bat. Izan ere, Veronan hil zaigu Xabi, senide eta musikari gaztea. Bere presentziarekin eta bere biolarekin mundua eta bizitza ederragoak egiten zituen. Zoritxarrez, istripu batek eraman du: espero gabeko zisne beltza, pentsaezina, kalkulaezina. Eta mutu geratu gara. Ezinezkoa zaigu orain gertatutakoa ulertzekoteoriak sortzea. Agian modu anti-teorikoan esan daitekeen bakarra da bi gertaera pentsaezin nagusi daudela gure existentzian: jaiotza eta heriotza. Gure inkontzientean ez omen dago bi horien errepresentaziorik, pentsamenduaren hutsuneak baino ez dira. Eta, bi hutsune horien artean, zer? Gorabeheraz beteriko ibilbidea, alaia eta tristea, gordina eta samurra. Bizitza hutsuneen inguruan ibiltzea baino ez da. Batzuetan, hutsuneen inguruan hitzak jartzea, edo musika, edo besarkatzeko besoak.

Musikari gazteak utzi egin gaitu, baina bere doinua gurekin dago, bizitzaren zentzugabekeriaren aurrean elkarrekin abesten jarraitzeko. Entzule ederra zen Xabi, entzule arretatsua, jatorra. Musika klasikoa zuen gustuko, modatik kanpo irauteko bokazioa duen musika. Eta, modu berean, musika klasikoa beste musika estilo batzuekin fusionatzea zuen gustuko: euskal kultura eta italiar kultura, biak zituen horretarako iturri. Aniztasuna, nahasketa. Nahasketa gara gu ere, lagunak, ez gara bakunak: maite ditugun pertsonen zauriek eta pozek egiten gaituzte.

Zisne beltzek, akaso, giza existentziaren oinarrian dagoen isiltasun sakona erakusten digute, baina hitz hauek gurekin egon zarelako eta gurekin zaudelako testigantza txiki bat izan nahi dute. Denboraren jariotasunean, musika klasikoak bezala, zure aztarnak iraun egingo du senide eta lagunen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.