Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Patuaren gaua

2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Laster udan sartuko garela eta, gehienok aisialdirako eta oporretarako planak egiteari ekiten diogu. Horretan jardun dugu lagunok asteburuan; besteak beste, elkarrekin egin ohi ditugun eskapadatxoei azken errepaso ematen; eta detailetxoak birpasatu ondoren, dena kontrolatuta dagoela iruditu zaigu. Laburrak zein atseginak izaten diren lagunarteko txangotxoak; mendia bada, ibilaldia burutuko ote dugun; hiria denean, zein gauza interesgarri ikusi, eta, zelan ez, janak, edanak eta berriketa atseginak. Elkarrekiko planak martxan daudela ikusita, plan nagusiak, bakoitzak izan ditzakeen planak komentatzen hasten garenean, askok oraindik ez dakigula norantz egingo dugun, ezta inorantz egingo dugun ere, aitortu behar izan dugu. Gogoa bai, ordea. Etxekoekin edo hurbilekoekin egunerokotasunetik urrundu eta beste ingurumari batzuetan solasaldi eta ibilaldi ezberdinen gosea asetu beharra dagoela oso argi baitugu. Orokorrean, su artifizialek sortzen dituzten eztanda bezain zaratatsuak izaten dira bisitatzea gustatuko litzaizkigukeen zenbait herrialderen izen eta mirariren kontaketak. Baina... azken bolada honetan atzetik dabilkigun segurtasun faltak eta hezurretaraino sartzen zaigun beldur ilun horrek baina-z betetzen dizkigute planak, eta aukeraketarako ez dute gauza handirik laguntzen; Londresen egindakoak eta Turinen gertatutakoak adibide ezin argiagoak ditugu.

Asteburu gogorra jasan duguna. Jakin badakit horrelakoak Ekialdeko herrietan eguneroko ogia direla, eta badakit, era berean, bizia bat dena dagoela dagoenean. Halere, ezin dut barruko ikara ekidin heriotzak eta terroreak beste mundu baten aldeko apustua egin duen gizartea jotzen dutenean, eta gure oinarri eta etorkizunak kolokan jartzearen irudiak bihotza kikildu egiten dit. Iluntasunaren Illuminati berriak. «Zibilen kontrako erasoak dira eraginkorrenak, eta asko gustatzen zaizkigu», esan omen du Daexek, eta «egin dezagun! eta zeruko sari apartak ekarriko dizkigu Ramadanek; hau gerra totala da» gaineratu. Ramadanen izenean. Ramadanek Korana etorrarazi zuen, gizonen gidaria izan dadin. Eta etorrera Lailat edo Kard, Patuaren gauean gertatu zen. Patuaren gauak mila hilabetek baino gehiago balio du, aingeruak eta izpirituak, Jaungoikoaren baimenaz, jaitsi egiten dira dena finkatzeko. Egunsentia urratu arteko bake gaua da! Hau da joandako asteburuan zendu den Juan Goytisolok, beste gauza askoren artean, Ramadani buruz egindako entseguan adierazten duena. Goytisolok, bere ekarpenetan, arabiar munduari zion miresmen eta errespetua adierazi zigun adimentsu. Baita dituen zuri-beltzak ere, eta guk geure ezjakintasunetik egiten diogun epai baldarra ere bai. Arazo sozialekin erabat sentsibilizaturik zegoen idazle ateoak bere obran mezu argi bat bidali zigun; islamak, oso atsegin ez zitzaizkion beste fede eta sinesmenen antzean, funtsean duen mezua bakea dela. Horregatik ez zituen batere atsegin bere izenean atsekabea eta beldurra sortzen zutenak, ezta hori aprobetxatuz osotasuna zatitzat hartzen zutenak ere. Seguru nago, beraz, ez zitzaizkiola batere gustatuko asteburuan gertatutakoekin su-eragiteko zirrikituak topatzen dituzten adierazpenak.

Ulergaitzak hauteskundeak ez baleude, Britainia Handiko Mayk egindakoak; estremismoarekiko malgutasuna salatu eta «ideologia maltzurraren» terrorismoaren kontrako legedia berrikusiko dutela esan digu. Lehenago egitea zeukan! Ikaragarriak Hamza Bin Ladenek botatakoak ere; bidea heriotza eta odola direla dio terroristaren semeak, eta arerioaren jugularren kontra egitera animatzen ditu jarraitzaileak. Eta izenbakoak, gero eta kirtenago ematen duen Trumpenak. Armen kontra daudenei burla eginez, berriz ere migranteak eta terroristak nahastu egiten ditu betoaren aldarrikapena justifikatzearren. Bazioen Goethek: «Ergelkeriaren kontra, jaungoikoek ere jai daukate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.