Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Patua, 'Patois', Batua

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Patuak hala nahita, ez nindunan euskaldun jaio Euskal Herrian. Bekaizkeriak janda, inoiz amestu izan dinat nolakoa izango nindukeenan Paya Ruiz ordez, atzizkiz jantzitako abizen parea jaso izan banin, badakin, zuhaizti eta ez-dakit-nongoetxea horietako bana, adibidez. Abizenok euskal grafiaz idatziko genitinan etxekook, noski, gure jatorrizko euskalduntasunaren seinale. Lehen hitzak euskaraz egingo nitinan, erraz ahoskatuko nitinan dd, tt eta txistukariak, eta zailtasun xarmagarriak izango nitinan, koskortutakoan, gaztelaniaz hitzen gramatika-generoa hautatzeko. Ederra izan behar din Euskal Herrian euskaldun jaiotzea, Alemanian aleman-hiztun edo Ingalaterran ingeles-hiztun sortzea bezain ederra; zer izango dun etxean ikasitako euskara jantzita irtetea kalera, inork soinekoa zalantzan jartzeko beldurrik gabe? Are gehiago, nola eutsi besteen janzki xelebreak ikusi eta etxean jasotako estetikaren araberako zuzenketak egiteko tentazioari? «Patois» nahi izan gabe, erdalgune deritzon Euskal Herriko bazter horietariko batean jaio nindunan, familia «erdaldun zahar» batean. Ikastolan guraso erdalduneko seme-alaben B taldean sartu nindutenan; gerundioaren eta etorkizunaren arteko nahasketa (joaten naiz vs joango naiz), hitzen azken-aurreko silaba markatzeko joera (eskerrikásko, ikastóla, azterkéta…), euskarazko esamoldeen eta esaera zaharren erabilera espontaneorik eza, eta, nagusiki, patuak jaiotzetik gure inguruko gutxi batzuei ematen zien «gure etxean horrela esaten da» komodina erabiltzeko ezintasuna oroitzen ditinat nire euskara nerabea gogora ekartzean. Izan ere, bertsotan ibiltzeko erabakia hartu ninan, eta Bizkaiko bertsolarien artean, salbuespenen bat salbu, denak zitunan patuaren hatz euskaldunak ukitutakoak. Nire euskara «patois» itsusia iruditzen zitzaidanan Lea-Artibai, Arratia edo Busturialdeko bizkaiera ederren artean. «Patois», euskal wikipediaren arabera, «frantses hiztunek, frantsesa ez den Frantziako estatuko hizkuntzak eta frantsesaren dialektoak izendatzeko erabiltzen duten mesprezuzko hitza da». Hitza «hankekin mintzatu» esan nahi duen «patoyer» aditzetik omen zetorren, eta, ingurukoen mingain-dantza arinaren aurrean, halaxe sentitzen nindunan ni, hankekin edo eskuekin komunikatzen saiatzen. Ulertzen dinat ikastolako B taldeko lagun batzuek euskara galdua izatea egun, frustrazio horrek etsipena eta amorrua eragiten baititin: ustez, gainditu ditun euskaraz jakiteko azterketa guztiak, hezi haute euskaraz, baina beste zenbait hiztunekin gaindiezina egiten zain herren sentsazioa. Baten batek noizbait seinalatu din hire hutsen bat, eta horrek hire baitan garatutako «hiztun-ez-legitimoaren» mina areagotu besterik ez din egiten, hire euskararengatiko desenkusak elkarrizketa askoren hitzaurre bihurtzeraino.

Batua nahi izanda zein nahi gabe, euskara biziko badun, hiztunok salbatuko dinagu. Espero dinat gero eta gehiago izatea patuak euskaldundutako hiztunak, baina azken aldiko sareko eztabaidak eta hedabideetako artikuluak ikusita, arreta handiz tratatu beharreko gaitza iruditzen zaidan euren euskara «patois» gisa sentitzen dutenena, edo euskara hori behar baino gehiago zilegitzeko arriskuarena ere. Euskara guztiak ditun normalak; batzuk besteak baino hobeak ditun, bai, kalitatezkoagoak edo jatorragoak, irizpide horiek aintzat hartuta, baina denak ditun normalak, eta egokiak testuinguruaren arabera. Gotzon Aurrekoetxeak, Euskalkien Sailkapen berria argitaratzearen karietara, esan din «kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko» direla. Onartu beharko dinagu euskarak izango duela hiztunek konpartitutako eremu arautu bat, testuinguru arautuetan jarraitu beharrekoa (batua baita euskara normatiboa arautu bakarra); baina ikasi beharko dinagu hizkuntzak izango dituela eremu batzuk araudirik gabeak, zuzentasun eta jatortasunik gabeko baina euskara bizi-bizikoak, eta horietan, baldintzak ez ditun izango patuak ezarriak, norberak erabakitakoak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.