Aqui txikiari adaxken istorioaren bidez azaldu zioten batasun soziala zertan den. «Begira», esan zuen andereñoak, «adaxka bakar bat aise apurtu daiteke. Klak. Baina denak elkarrekin jarriz gero...», eta lokarritxo batekin lotu zituen, «ezingo ditu inork apurtu, ikusten?». «Egia da!», «Egia da!», esan zuten aho batez ikasle inuzenteenek, pelotenek. «Nik galdera bat dut», bota zuen Aquik. «Nahi duzuna, Aquiliano», andereñoak. «Eta eskuan duzun multzo horretan tartean, erdi-erdian geratzen diren adaxkak… ez al dira itotzen?».
Sara Mesaren La Familia eleberriko familiako txikiena da Aqui. Aquiliano, hobe esanda. Traumak eta kulpak ez ezik, izen zatar hori ere jaso zuelako herentzian. Rosa, Damian, Martina eta Padre eta Madre dira gainerako kideak. Bi horiek izen propiorik badute ere, letra larriz idazten diren Padre eta Madre dira, maiuskulak bere duen autoritatearekin. Familia bat dira. «Familia bat gara», predikatzen du Padrek. «Familia bat, elkarrekin gaude».
Lehen begi kolpean esanekoak eta lasaiak dirudite, manera onekoak. Barru-barruan, ezin kabitu bizi dira. Rosak komunean hozkatzen ditu hatz-bizar eta azazkalak. Damianek ikasi zuen hobe dagoela isilik, eta Martinak, galdera batzuek zikindu egiten dutela. Denek dute minik, baina ez dute ezer esaten. Ai, paretek hitz egingo balute, dio esanak. Baina paretek ez dute berbarik, umedadeak eta pitzadurak baizik. Eta hozkia ematen didan ‘gotelea’. Paretek ez dute hitz egiten eta familiako kideek ere ez. Hitz egiteak familia traizionatzea dakar, eta familia ez da traizionatzen.
Zaila da, zinez, familiarekin haustea. Kulparen eta lotsaren peajea ordaindu nahi ez baduzu bederen. Sara Ahmedek dio hori hala dela, besteak beste, zoriontasun-promesa dagoelako tarteko. Ahmedek zoriontasuna aztertzen du bizimolde, arau eta ordena jakin batzuetara bultzatzen gaituen motor gisa. Beauvoirrek zioen beti dela errazago inposatu nahi den egoera bat zoriontsutzat saltzea. Egin da kapitalismoarekin, heteroarauarekin, feminitatearekin, eta, noski, baita familiarekin ere. Propaganda ezin hobea du. Familia beti izango duzu alboan, bertan izango duzu abaro. Familia da leialtasuna, merezi du sakrifizioak, familiaren izenean bada. Familiak eman dizkizu izena, teilatupea eta manerak; kode genetikoa eta kode postala. Opari bat da familia eta zu zorretan zaude. Nola ausartuko da bat horri muzin egitera? Edo are, nola ausartuko da bat ahoz goran familia zoriontsurik ez duela aitortzera?
Familia den instituzioan hamaika hari korapilatzen dira. Hari-mataza baino, espartzuko sokazkoa izan daiteke. Soka lakarra, azala urratzen duen horietakoa. Korapiloa askatzea bezain zaila da familiarekin haustea. Goitik behera trazatzen diren odol-lerroetan kateatuta gera zaitezke. Eta bost axola du hor, familia zoriontsuaren itzalean, zoriontsu zaren ala ez. Ez dakit inor libratzen den.
Zeren etxe guztietan ez da Sara Mesaren liburuko eszentrikotasun muturrekorik izango. Baina akaso zaintzen duzu gorroto duzun senideren bat. Edo gurasoei «nire zaharrak» deitzen diezu, haiekiko desira duzun distantzia disimulatzeko. Beharbada duela hamarkada bat dibortziatu nahi zenuen eta ez duzu egin. Agian gorroto duzu aitarengandik heredatu duzun ibilkera. Agian gorroto duzu aita. Baina jasotzen dituzu adeitsu bizilagunak harentzat eman dizkizun eskumuinak. Agian zuk ere baduzu itolarria eta ez duzu deus esaten. Zuk ere jokatzen duzu barnean ezin kabitu eta kanpoan familia zoriontsua izatera.
Ai, paretek hitz egingo balute. Gabonetako mahaiaren bueltan beti da isiltasunik, taburik, aitortu ezin den mamurik. Eseriko zara eta bilduko duzu ilea moño batean. Une horretan, ileko gomak azalean utzi dizun marka izango da sentitzen duzuna disimulatu ez duen zure gorputzeko atal bakarra.