Garazi Kamio Anduaga.

Panpinak

2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Ustekabean iritsi zitzaigun uda, azken udazken giroko asteak ustez astintzera. Udaberria ozta-ozta ikusi ondoren, uda betean omen gaude, gaur bederen bai eta uda mina gerturatzen ari ote den ere pentsatzen hasiak gara jada. Pasa den urteko bainujantzia berdin ala hobeto geratuko ote zaigun, beharbada ia urtebeteko lugorrian egonda zuntzak txikiagotu ote diren edo ekaineko soldata bikoitzarekin bainujantzi berria erosi beharko dugula ere bai. Eguzkitako kremaren usaina sentitzen hasi gara eta hara, hasi da udako lasterketa, Frantziako Tourrari ere itzal egin diezaiokeena: oporretan geroz eta gauza exotikoagoak egin eta orduan eta hobeto sentituko gara besteen aurrean. Aldaketa klimatikoa bezala barreiatzen ari den kontua da.

Internet sarean gora eta behera ibiltzeko tenorea iritsi da eta zergatik ez, baita bankuari kreditu txiki bat eskatzekoa ere. Aspaldi baita poltsikoan diru lain izan ez eta bankura ate-joka joaten direnak existitzen direla, exotikoa den oporraldi hori bizitu, memorian zein telefonoan ondo grabatu, gero urtean zehar oporraldiaren pilulak Instagramen erakusteko. Bideo berri bat kredituaren hileko kuota ordaintzen den bakoitzean.

Turismoaren panpina bihurtu garela argi dago. Begiratzen dugu Bartzelona aldera, etxebizitza turistikoak lau urteren buruan desagerrarazi nahi dituen hirira eta desiratzen hasi gara egoera hori ere gurera noiz etorriko ote den, panpina gehiegi baitaude jada gure hirietan. Akabo kapitalera joatea udazkena iritsi arte. Etorriko dira beste behin influencerrak eta akabo gure hirien bizitza lasaia.

Meirivone ere influencerra da eta badaki panpinekin nola bizi. Turismoaren kontuetan zer moduz moldatzen den ez dakigu, baina trapuzko pertsonekin dituen harremanengatik da ezaguna emakume brasildar hau: trapuz egindako panpina batekin ezkondu zen duela lau urte eta hiru seme-alabaren ama ere bada. Ez galdetu nola den ugalketa prozesua. Auskalo. Hortxe erantzuna. Pentsa, senarra desleial izan omen zitzaion, baita ere.

Kontua da Meirivoneren istorioak itsasoak zein ozeanoak zeharkatu dituela eta han eta hemen famatu egin dela emakumea. Hainbat telebista katetan erakutsi du bere eguneroko bizitza eta inguratu zaizkion lagun gehienek bere lepotik barre egin dute. Ez da, noski, egoera arrunta eta esaten dituen hainbat gauza ez dira ez bide estandarretan sartzen. Argi dago alde batetik Meirivonek bere istorioaren ustiaketarekin ederki asmatu duela eta bestetik jendeak sinetsi egiten diola esaten duen guztia.

Baina itzul gaitezen oporretara, Meirivoneren panpinak begira ditugu eta: ez dugu arteaz ulertzen eta ez gara gure hiriko eliza batean sekula sartu, baina esan digute oporretan gauden hiriko katedrala sekulakoa dela. Zeharo nekatuta bukatu dugu lanean, baina oporraldian hamabost kilometro egin behar ditugu egunero. Etxean ez dugu armiarmarik onartzen eta orain labezomorro beltz zein marroiek agurtu egiten gaituzte antenak alde batera eta bestera mugituz. Baina gure buruen jabe gara, sekula ez trapuzko panpinak.

Meirivonek istorio bat asmatu, garatu eta zabaldu du. Horren truke dirua jasotzen du eta badaki orain barrezka dituen horien kontura aberasten dela. Denborarekin dena ahazten zaigu eta are gehiago oporretan, gure trapuzko garuna beroak urtzen duenean. Egin kontu: oporren ostean etortzen dira bikoteen banaketa eta dibortzio gehienak. Meirivonek ez du erantzun txarrik jasoko urte guztian zehar. Ea nor den panpinago orain. Hala ere, katedraletan ere fresko egoten da eta bero sapatik urruntzen lagunduko digu horrek. Izan gaitezen Meirivone eta ez turismoaren panpinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.