Egun hauetan sare sozialetan hainbeste biralizatzen ari diren bideoen artean, badago bat non Pablo Motosek, El Hormiguero programaren aurkezleak, nazkarekin kopa menstrual bat hartu eta «gizagalduen asmakuntza bat» dela esaten duen. Bi minutu luzeetan zehar, bere kolaboratzaileek (gizonak denak) hilekoari buruz hainbat iseka eta trufa egiten dituzte. 2022an, non, pixkanaka, kopa geroz eta barneratuagoa dugun gizartean eta hilekoari buruz geroz eta gehiago hitz egiten ari garen publikoki, bitxikeria martzianoa da gizon hauen irri algarak entzutea, Espainian dagoen telebista saiorik ikusienean.
Ez da bideo bakarra. Twitterren ikus daitezke azken hamabost urteotan programan bizitako hainbat eta hainbat momentu misogino eta sexista. Ana de Armas eta Kristen Stewart aktore gazteei haien gorputz eta janzkerari buruzko galderak egiten zitzaizkien, behin eta berriro, egoera deseroso eta tirabiratsuak sortuz. Bereziki harridura eta haserrea sortu dute adin txikiko emakumeei zuzendutako komentario sexualizatuek: Selena Gomez eta MileyCyrusi «sexy» deitzen die aurpegian, zuzenean egiten den saioan. 17 urte zituzten garai hartan. Pablo Motosek, 40 baino gehiago.
Polemika Espainiako Berdintasun Ministerioak bultzatu duen kanpainarengatik sortu da, A-25Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta bultzatutakoagatik. Bertan, Pablo Motosek Elsa Pataky aktoreari egindako elkarrizketa bat imitatzen da. Nahiz eta aurkezlearen izena inon ez esan, gizonak aipatutzat jo du bere burua eta, bere programan, hamar minutu baino gehiago egon zen aurreko astean bere zintzotasuna defendatzen. Erabili zuen argumentuetako bat gizonekin jarrera bera duela izan zen. Defentsa horren aurrean, tuiteroak azkar-azkar hasi dira hamaika bideo zahar azaleratzen.
Pablo Motosen joera desberdina da elkarrizketatzen dituen gizon eta emakumeekin. Ez daukat dudarik. Gizonekin duen tonua lagunen artekoa da, nahiz eta txiste sexualak egin. Berdinen artean dago Pablo beste gizon batekin dagoenean. Emakume baten aurrean, ordea, sexu-bikotekide potentzial batekin ari da. Honetan, Pablo ez dago bakarrik. 2000ko hamarkadan hori zen joera orokorra telebistan, zineman eta, baita ere, noski, eskolan. Pablo bezalako hainbat eta hainbat mutil ezagutu ditut nire haurtzaroan. Emakumeak beste planeta batetik etorritako estralurtarrak direla sinesten zutenak, soilik arropari eta makillajeari eta mutilei buruz hitz egiten dutela, tentelak direla, superfizialak, ederrak, sexualak, gaiztoak, birjinak, emagalduak, erabili eta botatzekoak. Klasean ohikoak ziren feminitatearen aurkako txisteak. Neskek maite zituzten filmak, abestiak, jostailuak, koloreak... txarrak ziren, barregarriak. Noski, mutilok haietatik urrun mantendu behar genuen. Eta, dudarik balego, gauero bazegoen, familia osoak ikusten zuen programan, gorroto sexista horren legitimazioa, jostailuzko inurri batzuen forma inozoaren atzean ezkutatzen zena. Nola biziraun dute egungo emakumeek, eta LGTBI+ komunitateak, orduko giro horretatik?
Dudarik gabe, infantzia horretatik dator Pablo. Horregatik, Ana de Armas edo Miley Cyrus bezalako talentuz betetako artista gazteak ezagutzen dituenean, ez daki zer esan, zer egin; bere aurrean ez daude pertsonak, neskatila tuntunak baizik. Ez du enpatiarik sentitzen, ez da ulertzen saiatzen. Hilekorako kopa, emakumeen erosotasuna bermatzeko asmakuntza, «gizagalduen» kontua da, bera bezalako gizon batentzat sortu ez den zerbait delako.
ARKUPEAN
Pablo Motos eta hilekorako kopa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu