elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Oreka urratuak

2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Usaina bakarrik falta du filmak; atoitik kaxa handi batzuetara arrapaladan itzultzen dituzten mertxika, paraguaio eta brinoi bildu berrien usaina; diskoteka keztatuko marihuana eta tabako usaina; lurraren gainean meriendarako erretako karakolena. Hori bakarrik falta zaioCarla Simonek zuzendutako Alcarràs pelikulari (2021), usaina. Izan ere, gainontzean, halako indarra daukate traktoreen burrunba nagusi duen soinu-bandak, eta paisaiak —plano batzuetan Bardean gaudela dirudi—; era berean, gihar izugarria dute istorioak eta hura antzezten duen jendeak. Eta hori, profesionalak izan gabe, herritar xumeak baitira, belaunaldi guztietakoak, aktoretzan dihardutenak.

Alcarras Lleidako nekazari herri bat da, hamar mila biztanlez azpikoa. Fruta ekoizten dute,batez ere. Lurren jabeetako bati zera otu zaio, lursaila enpresa bati saltzea, eguzki-panelen baratzea jar dezaten bertan. Erabaki horrek nekazari familia zabal bati eragingo dion ezinegon, sumindura eta liskar giroa du ardatz filmak. Osotara, XXI. mendeko drama errealista sinesgarria islatzen du. Dokumental bat egin zitekeen arazoaren inguruan; Carla Simonek, ordea, zinemaren paradigmari heldu dio, herritarrak aktore bihurtuz, eta maisuki zuzenduz. Ez da harritzekoa aurtengo Berlinalen Urrezko Hartza irabazi izana. Zer eta, gainera, katalanez egindako filmak.

Antropologia sozialetik dezente du Alcarràs-ek. Nekazari giroko komunitate bizi bat dago oinarrian, nahi eta ezinaren arteko borroka nekosoan. Ez daude, inolaz ere, mundutik aparte, baina bai gutxietsita, menostuta, bizibidea ateratzeko larri, bitartekari xuhurren katean harrapatuta. Noiz arte eutsi ahal izango diote tokiko nekazaritzari? Metaforatik ere badu filmak: fruta arbola koloretsu eta usaintsuak zuztarretik atera makinekin, eta haien tokian, eguzki-panelek beltzez tindatuko dituzte lehen lursail emankor zirenak, paisaia, industriaren eremuko plastadekin lardastuz. Orain arte fruta arbolak zaintzen zituen nekazaria beldur da eguzki-panelen zaindari bihurtu beharko ote duen. Nekazaritza, energia berriztagarrien sistemak mehatxatuta.

Pantaila handitik mendira.Aspaldiko partez izan berri naiz Amezketatik Igaratzarako bidean dagoen Arritzagako bailaran, Aralarren. Pintzelkada bakarrean, haitzen gris ilunak eta belarraren berde fosforitoak egiten zuten kontrastea geratu zait itsatsita. Xehetasunetan sartuz, mota askotako lore hori eta urdinxken konbinazioak eta lore txiki arrosa-moreek osatzen zuten tapiza. Goitik behera harrizko mailak jaitsiz datorren errekako putzuetan, amuarrainak dantzan. Hori dena eskaintzen zuen parajeak naturaren aldetik. Eta hala ere, Arritzaga ez da horretan agortzen.

Izan ere, Peña SantiagokAralarri buruz esaten zuenaren bidetik, Arritzaga «geografia humanizatua» da. Artzain txabolez gain, han topatzen dituzu kobre meatzeen aztarnak: garbitokiak, biltegiak, mea Amezketara garraiatzeko erabiltzen zuten kable-bidearen puskak... XVIII. mendean hasi omen ziren meategia ustiatzen. Herrixka bat ere eraiki zuten, eliza eta guzti—taberna ere izango zuten— eta, diotenez, ehunka batzuk (300-500 lagun?) bizi izan ziren bertan. Arkeologoek miatuta daukate tokia.

Lehengoan, artalde handirik ez oraindik, baina ardi batzuk bazebiltzan Arritzagan; eta behorrak moxalekin. Hori dena biltzen du bailarak, natura eta gizakiaren esku-hartzea —biak— uztartuz. Berez, oreka unibertsalerako baldintza eztabaidaezina da batura hori; errealitatean, agindurik urratuenetakoa: Alcarràs-ak kontatzen hasiz gero… Pauta, Letek idatzi eta Laboak ere bere egin zuen kantaren filosofian: “Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia […] Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.