Unibertsitateek eskaintzen dituzten karrerak (lizentziatura, gradu, graduondo...) ikusita, harrigarria da horien artean Oparigintzari eskainitako titulurik ez egotea.
Fisika, kimika, matematika eta kontu ziur-zuhur horiek alde batera utzita, gezurra dirudi Politika, Kazetaritza edota Publizitatea bezalako jakintza alor duda-mudakoek bai eta Oparigintzak ez edukitzea, oraingoz behintzat, bere lekua ikasketa akademikoetan.
Hutsune nabarmen eta eskandaluzko hori neurri apal batean betetzera dator, hain zuzen ere, esku artean duzun txosten xume hau.
Oparigintza, berez, zehar-jardun erabatekoa da alde, aldi eta maila guztietako gizarteetan. Hainbeste, non giza-izateari berari darion jarduna dela ondorioztatu beste erremediorik ez dagoen: hizkuntza gaitasunarekin batera, oparigintza da gizakia gizaki bihurtzen duena. Pertsona sano samar bat egon daiteke bizi guztian politika, publizitatea edo kazetaritzan aritu gabe, baina nekez egongo da inoiz oparirik egin edo jaso gabe.
Ameskeria litzateke orain arte akademian guztiz baztertuta egon den jakintza alorra lan xume honen bidez kolpetik goren gradura jaso daitekeela uste izatea. Ohartzen naiz neure jakinduria ez dela behar lukeen bezain zabal-sakona, eta horregatik aitortu dut, izenburuan berean, zientzia behar lukeen zerbaiten hasi-masiak zirriborratzera mugatuko naizela hemen, ezinbestean.
Hasteko eta behin, antolatu nahi dugun jakintza alorraren aztergaia ahalik zehazkien mugatu eta zedarritu behar dugu, Descartes filosofo handiak nahi lukeen bezala: gauzak argi eta garbi buruan, eta beti norabide berean ibili munduan.
Gure ikerketan metodo nagusi den behaketa fenomenologiko ezinago zorrotzari esker, berehala ohartuko gara lau direla oparigintzan aintzat hartu eta ikertu beharreko eragile nagusiak: oparigilea, opari-hartzailea, oparia bera, eta oparigintzaren testuingurua.
Atzekoz aurrera hasita, esango nuke oparigintzaren testuingurua oso dela eragile garrantzitsua;aukeran, garrantzitsuegia ere bai, hau bezalako txosten labur batean ganoraz jorratzeko. Sortuko ahal dira ikerlari berriak, hasiera pattal honi segida sendoagoa emango diotenak! Berriak iritsi bitartean, tamalez, oparigintzaren beste hiru eragileetara mugatu beste erremediorik ez dugu hemen.
Argi eta garbi dago beste hiru osagai horien arteko harremana konplexua dela oso: bihurria eta norabide askotarikoa (dialektikoa, garai ahaztu bateko eran esanda).
Hortik aurrera, ikerketa ildo desberdinak eratu litezke, lehentasun metodologikoa zeri ematen zaion: oparigileari, opari hartzaileari edota opariari berari.
Orain arte ikuspegi ez-zientifiko batetik aztertu izan denez, opari hartzailearen ikuspegitik aztertu izan da, eskuarki, Oparigintza. Alegia, zure koinatua bizikletaz ibili zalea bazen, normaltzat jotzen zen hari bizikletaz ibiltzeko zerbait oparitzea. Hots: hartzaileari buruzko dedukzioak egiteko hartu izan da orain arte Opari(gintz)a.
Ikuspegi zientifiko batetik, ordea, kontuak ez dira hain sinpleak. Aitzitik, jeneralean opari batek askoz gehiago adierazten du oparigileaz, opari hartzaileaz baino.
Eta hortxe dago koxka, ezen, bizikleta zalea izan ordez koinatua (edo dena delako opari hartzailea) erretzailea bada, esaterako, zein da, oparigilearen ikuspegitik, jokabide jatorra? Hautsontzia, tabakoa edo petaka oparitzea, ala erretzeari erraz (ezen ez errez) uzteko metodoa azaltzen duen liburua? Horra hor Oparigintzaren zientzia berriak besteak beste erantzun beharko dituen galderetako bat.
Irakurle erne hori: honezkero igarriko zenionez, mundu akademikoan eta erakunde ofizial gehienetan nagusi den idazteko era dotore-uste, barru-huts eta etxe-kaltearen parodia besterik ez da txoko honetako nire azken artikulu hau. Ez esan despedida-opari kaxkarra denik: artikulua irakurriz, argi eta garbi ikusiko duzu nola ez zenukeen sekula idatzi behar.
ARKUPEAN
Oparigintza. Zientzia baten hasi-masiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu