Jubilatuta egon beharko luke kantak, abestiek sekula erretirorik hartuko balute, 66 urte betetzen baititu aurten The Platters taldearen Only you lan ezagunak. Bai, ziur zuk ere begitandu dituzula zuri-beltzeko irudietan erabat zuri-beltzeko agertzen ziren haiek: azalez beltzak ziren kantariak smoking zuria soinean zutela. Beharbada kantatu duzu baita ere, tonua ederki igota, youuu luze hori. Ez naiz ni izango kantatzera behartuko zaituena baina tira, Aste Santuko edo udaberriko oporraldian dena da posible.
Neronek ere hartu dut izenburua ingelesez idazteko baimena, sekulako tripako mina eragiten didaten arren ingeles sofistikatu horretara ihes egiten dutenek. Baina Aste Santu bezpera honetan fariseu kuadrilla osatzen dugunak hamaika gara, eta etzi ezkutuan bada ere haragirik jango ez dutenek bezalaxe, nik ere anglo-saxoien sirena-kantak entzun eta errazkeriari eman diot.
Hala ere, denak du bere zentzu bikoitza. Oraindik ere Only you errepikakorra buruan badabilkizu, tonu igoerak beharbada burua lehertzerainoko indarra har dezake. Egia esatera, Only Fans izeneko webgune baten inguruko zeozer esan nahiko nuke, baina, bertsolari frustratua izanik, zer hobeki abestia berripaper honetara ekartzea baino. Laburrean aritzeko, Only Fans zer den ez dakienarentzat zertzelada pare bat idatziko ditut: webgune honetan zure gorputzaren edozein atalen argazkiak eskegi ditzakezu; bai, ezker hankako behatzena ere izan liteke, edo lepauztaiaren irudia, esaterako. Argazki hauek erosi egin daitezke eta, noski, horien trukean dirua jasotzen du hankako behatzen erretratua atera duen horrek. Ez da ibilbide luzea egin behar suposizio ankerrenen xerka hartzeko: helburu fetitxistak ase nahi ditu webguneak. Fetitxismoaren erreinua elikatzen du eta argazkia atera duena ekonomikoki asetzen du. Win-win.
Baina Txinako harresia baino luzeagoa den ibilbidea ere egin dezake: behatzetik hasi, lepauztaitik jarraitu eta jada burura etorri zaizkizun gorputz atal horietara ere irits daiteke negozioa. Urrunago joan nahi dugula? Ados, esan bezala, bidea luzea da. Egon daiteke hezur-haragizkoa zarela egiaztatu nahi eta zurekin oheratu nahi duenik ere. Diruaren boterea beti boteretsu.
Nerabeen artean ere zabaldu den webgunea da Only Fans. Esku ahurraren argazki batengatik dirua jasotzen dute hainbatek. Eta errazkeria horretatik konplexutasun handienera egin genezake jauzi.
Kazetaritza fakultateko irakasleek irakatsitakoari kontra eginda, zutabe honen amaierarako utzi dut albisterik ankerrena. Duela egun gutxitako kontua izan da Lily Phillips izeneko 23 urteko gazteak sortu duen harrabotsa: erronka modura hartu zuen egun bakarrean 100 gizonezkorekin oheratzea eta noski, lortu zuen, boluntarioak ez zitzaizkion falta izan eta. 101 gizonekin izan zituen sexu harremanak 24 orduren buruan. Halako balentria lortu ostean, BBC telebista kateak elkarrizketatu egin zuen. Phillipsek pornografia neurriz ikustea defendatzen du eta balio pedagogikoak eransten dizkio. Nerabe zela hasi zen Only Fans-ekin jolasean eta orain aski ezaguna eta kotizatua da webgunean.
24 orduren buruan 101 gizonekin harreman sexualak izan zituela egiaztatzeko, bideoz grabatu zuen guztia, mendizaletasunean 14 zortzimilakoen gailurrak erdiestean argazkiak eskatzen diren bezala.
Ez dut bideoa ikusi, baina bai lerroan jarrita hamarnaka gizon, objektu bilakatutako emakumearekin sexua izateko irrikan, aurpegia estalita, lotsak ere noizean behin jotzen baitu kontzientziaren aldaba txikia. Pornografiak aspaldi galdu zuen kontzientziaren bidea. Baina dena da pedagogikoa, oso.