Balkoiko limoiondoa etxe barrura sartzen hasi naiz gauetan. «Izozten bada hil egingo da» esan zidaten eta ez dut hil dadin nahi. Batzuetan gauza txikiak egin behar dira maite ditugunak ez hiltzeko, edo hain dramatiko jarri gabe, maite ditugunak zaintzeko.
Udazkena nostalgikoon, lur koloreko arropak janztea maite dugunon, egun osoa manta baten azpian ematea atsegin dugunon... garai triste eta malenkoniatsua omen da. Ez dut ukatuko hala denik, baina hori baino askoz gehiago dela esan gabe ez naiz geldituko. Garai nahasia izan ohi da, baina ni ondo nago hemen. Udan baino askoz hobeto nago. Neure harridurarako, ez nago triste. Ez diot horri ihes egin nahi; are, triste egotea bera ekintza aktibo bat dela ulertzeak eta horri lekua emateak bizitza salbatu dit urte honetan. Egunak igaro ditut ohean. Eguzki egunak, hondartzarako bezalako egunak, sekulako gau girodun egunak... Baina ez dut denbora galdu izanaren sentsaziorik eta horregatik nago ondo.
Egunak igaro ditut ohean beste gorputz batzuei helduta. Egunak igaro ditut ohean malkotan blai telefonoaren bestaldekoei uhin formako besarkadak lapurtzen. Egunak igaro ditut bakarrik eta bakarrik egoteak are gehiago tristatu nau batzuetan. Ez dut tristura erromantizatzeko inongo intentziorik, baina gauza asko irakasten ditu. Gauzak esaten irakasten du, adibidez. Norbere beharrak identifikatzea eta maite ditugunei horren berri ematea zaila da eta hori egiten hasi arte tristura handiagoa izaten da maiz. Beharrezkoa da X kontzertutan joko duten Y abestik gorputza nahastuko dizula dakiten lagunak izatea, une horretan bertan besarka gaitzaten nahi baldin badugu. Dena errazagoa litzateke hala balitz, baina gure lagun guztiak ez dira orojakileak eta batzuetan eskatu egin behar zaizkie gauzak. Izoztuz gero hil egiten direla jakitea ezinbestekoa da limoiondoak gauez kalean ez uzteko.
Limoiondoa gelara sartzen hasi naizenetik, aste pare bat daramat egunero pozik egoten. Horrek ez du esan nahi negar egin ez dudanik, edo tarteka antsietateak irentsi ez nauenik. Baina pozik egoteak gauza asko esaten ditu. Ez dakit gauzak modu argian esaten hasi naizelako den, ez dakit eguraldia izan den, astroen alineazioa izan den, Danele Sarriugarteren artikuluak izan diren edo besterik gabe ilusio bat den eta bihar oso gaizki egongo naizen berriro. Baina orain, behintzat, badakit zer behar dudan.
«Mesedez goxo sartu nahi nuke/ nire ohean barrena/ ta norbait etor dadila goxo/ besarkatuko nauena». Kantatu zuen Haizea Aranak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bere azken agurrean, eta dirudiena baino apurtzaileagoa eta esanguratsuagoa iruditzen zait egin zuena. «Agur! Hurrengora arte!» esan zezakeen espazio batean, hori egin beharrean, jendaurrean zaurgarri agertu eta bere beharrak adierazi zituen. Ondo ez gaudenean besarka gaitzaten behar dugu. Hitzaren adierarik zabalenean diot hau, plano sinbolikoak ere badauka bere lekua. Ondo ez gaudenean laguntza behar dugu. Laguntzak ez du esan nahi jendea. Eta inportantea da horri leku egitea.
Hitzez elkar besarkatzea posible dela uste dudanez gero, «Orain hala uste dut nik:/ gure poema politikoen/ metafora gorpuztutik/ elkarri eusten diogulako/ jarraitzen dugula zutik». Erantzun nion nik hurrengo saioan. Eta orain zalantza piztu zait, ados nago esan nuenarekin, ulertzen dut metafora, baina ez dakit modu hertsian ulertuz gero, zutik jarraitzea pozteko arrazoi bat ote den.
Nire ohearen berotasunetik pentsatzen dut udazkena ez ote den garai bat tolesten gaituena, etzaten gaituena, besteen berotasunera makurrarazten gaituena. Eta ez ote den hori, gero ondo egoteko beharrezkoa. Nik beste urte sasoietan ez ditut ikusten horrenbeste gorputz heldu biltzen. «Bertikala naiz, baina horizontala izatea gustatuko litzaidake», esan zuen Sylvia Plathek eta hori da, akaso, aldarrikatu behar duguna.