Ez dakit lurra esnatu ote genuen bart ala lozorroan jarraituko ote duen, gizarteak bezalatsu. Ez nago ziur azken batean kolperen bat edo beste eman beharko dugun mahaiaren gainean edo martiri izan beharko garen beste behin, eraso matxistarik behinena jasan zuen Santa Ageda bezala. Martiriak isilpean baitaude egun ere, eta gizarteak, martiri baino, Martini baten ispilu izan nahi du: dena da perfektua, dena da igande eguerdi. Baina izotzak otsail hasiera honetan ere neguko eguzkia du lagun eta urtzeko joera izaten du, erakutsi duen hoztasuna eta gogortasuna ahazteko.
Ahaztu baikara urteetan, esate baterako, gazteez. Gizarteari kolpeka ibili izan dira gazteak historian zehar, baina, maiz gertatu ohi den bezala, boteredunek isilpean dituzte asko eta asko. Estatistikak lagun, noizik eta behin gurasoen etxea uzten duten gazteen adina azaltzen zaigu komunikabideetan; eta noski, aparraren antzera gora eta gora doan zenbakia da. Suediara begira jartzen dira batzuk eta diote han goian, 18 urte betetzen dituztenean suediarrek gurasoen etxea uzten dutela. Hemerotekan bilatu zaleak dira beste hainbat eta kontatzen dute euren lehen etxebizitza erostean, mundu zabalean zegoen interes tasarik altuena ordaindu behar izan zutela. Adibide bat edo beste izan, hori guztia kontatzen dutenek badituzte lau pareta beren izenean.
Tentsio handiko eremuak herrietara iritsi dira, behin hiriak protagonista izanda. Eskean dabiltza hamaika udalerri eta guztiek kezka-iturri beretik edaten dute. Esate baterako, alokairuaren prezioa mugatu ahal izatea da helburuetako bat. Etxe bila dabiltzan gazteek egiten dituzten hipoteka hipotetikoekin bezala, ETBk simulazio bat egin zuen Errenteriako datuak kontuan hartuta. Gipuzkoako herri honetako hileroko alokairuaren batez bestekoa 700 eurokoa da eta, behin tentsio handiko eremuan egonda, apenas igoko litzatekeen alokairua 20 euro hurrengo urteetan.
Ez dakit albistea ikusi zutenek pentsatuko ote zuten zein dirutza den 700 euro hilean ordaintzea, kontuan izanda hainbat eta hainbat soldata hileko 1.500 euroren inguruan dabiltzala. Alde biko txanpona baita gazteen eta alokairu zein erosketaren artekoa: higiezinen prezioa gora doa eta soldatak, aldiz, ez. Milaka babes ofizialeko etxebizitza aurreikusten dira datozen urteotarako baina, gauza bat edo beste, denbora luzerako proiektuak dira, eta gazteak oraindik aulkian zain daude, berdegunera noiz irtengo.
Pariseko Marceau etorbidea hiriaren erdigunean dago, Sena ibaitik oso gertu. Metro geltokia ere oso hurre du eta Trocaderora zein Eiffel dorrera oinez joan liteke, bertan dira eta. Ez dakit ezta ere Pariseko Marceau etorbideko 11.ean etxebizitza sozialak egin ahal izango diren. Cervantes institutuak azken eskolak emango ditu bertan, EAJk horrenbeste urtez eskatzen ibili dena lortu ostean: gerra garaiko bere eraikina berreskuratuko du. Jada kalkulatu da eraikinaren balioa: 17 milioi euro. Jakina da zergatik kosta izan zaion Espainiako Gobernuari etxearen lagapena egitea. Kontu bat ala beste izan, besteen patrimonio-kontuen ikusle egin gaituzte batzuen eta besteen iritziak entzuten, beharbada udan bertan oporralditxoren bat pasako genuen ustearekin. Bada ez, ez dago giltzen kopiarik guretzat.
700 euroko ezinezko alokairura ezin iritsi eta kimera hutsa da Pariseko etxea. Tentsio handiko eremuetan pentsatzen hasita, aspaldi asmatutakoak direla ere pentsa genezake, hainbat helduz osatutako bi belaunaldi etxe berean bizitzeak halako hamaika eremu sortzen ditu-eta.