Kezka agertu dute osasun arloko langileek azken urteotan, hiritarrok haien aurka sarri egin ohi dugulako. Antza denez, beste esparru bateko langileen aurka baino sarriago. Eraso fisikoak askotxo omen ospitaletan edo osasun etxeetan. Baita eraso psikologikoak zein mehatxuak ere. Langileek neurriak hartzeko eskatu izan diote administrazioari. Bide horretan urratsak egiteko, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak duela astebete iragarri zuenez, gaur bertan administrazio autonomikoei proposamena helaraziko die. Proposamen horren arabera, oldartze horiek autoritatearen aurkako delitutzat hartuko dira. Hala zigortuko.
Osasun arloko langileen artean borbor ibiliko da gaia, ziur. Iritzi publiko orokorrean, aldiz, proposamenak ez ditu bazterrak gehiegi harrotu. Eta proposamen horren logikak sortu beharko luke kezkarik, nire ustez, neurri horrek mundu-ikuskera kezkagarria egin baitu bere. Logika-kate baten beste kate-begi bat baino ez da, baina, kate-begi garrantzitsua inondik ere, kate hori luzatzeko giroa sortzen duelako.
Proposamenak gatazkei eta erasoei aurre egiteko bide jakin bat, bide bakar bat aurreikusten du, zigor-zuzenbidea. Prebentziorako protokoloak ezarri izan badira ere, gutxitan ikertu izan dira eraso horien jatorriak, nolakotasunak, testuinguruak… ahal den neurrian, prebentziorako protokolo horiek behar bezala egokitzeko, eta eraginkorragoak izateko. Prebentzioa indartu ordez, zigorra indartzearen alde egin da, eta ondorioz, zigor-pentsamendua hobetsi.
Bestalde, proposamen horrek kolektibo bati posizio pribilegiatu bat aitortu nahi dio, eta horrek, beste kolektibo bat babesgabeago egiten du, ezinbestean. Legeari esker batzuek besteek baino zilegitasun handiago izanez. Legearen aurrean batzuk besteak baino sinesgarriago eginez. Azken batean, kolektibo bat autoritate izendatze hutsak imajinario sozial bat eraikitzen du, oldartzeen inguruko aurreiritziak sortuz. Hau da, autoritate izendatu horrek ez ei du oldartzeko joera orokorturik, eta autoritate horren besteko kolektiboak, aldiz, oldartzea du ohikoago. Autoritate izendatuak jarrera oldarkorra duenean, esaterako, bidezko defentsatzat har daiteke, arrisku egoera batean harturiko jarreratzat. Ez da nire asmoa, inondik ere ez, osasun arloko langileen sinesgarritasuna auzitan jartzea, baina, kezkagarria iruditzen zait langile horien sinesgarritasuna sendotzeko eta indartzeko beste kolektibo batzuen sinesgarritasuna arintzea legearen aurrean. Kasu jakin honetan, pazienteon sinesgarritasuna. Are kezkagarriagoa zait, halako diskurtsoek eta eraldaketek, zuzenbidearen eta zigor-kodearen ikuskera jakin bat legitimatzen dutelako, autoritate izendatu horiek pribilegiodun bihurtuz, baina, batez ere, beste komunitate batzuk baztertzeko logika bere eginez. Legearen aurrean hierarkiak eraikitzeko bidean sakonduz.
Ez dirudi kasualitatea, gainera, Espainiako Osasun ministerioak gai hau eztabaidara ekartzea berriro ere garai honetan. Oro har, osasun zerbitzuetan baliabideak murriztu dira, eta murriztuko. Ana Mato Osasun ministroak aurreikusi al du murrizketek oldartzeak areagotu ditzaketela? Osasun zerbitzuetan pazienteek pazientzia galduko dutela aurreikusi al du? Orain arte behintzat, eraso gehienak larrialdietan gertatu omen dira, eta hain zuzen ere, ez al dira zerbitzu horietan baliabideak ikaragarri murriztu? Autoritate izendatuz, osasun arloko langileekin duen zorra kitatuko duelakoan? Zoritxarrez, Osasun ministerioaren aurka oldartu ordez, langileen aurka errazago oldartuko gara hiritarrak.
ARKUPEAN
Oldartzeak eta autoritateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu