Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Oker eta zahar

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Goizean, herria hartu dute leporaino armaturik: metrailetak, pistolak, gomazko pilota jaurtigailuak, borrak, ezkutuak, kaskoak, patrolak, oihuak, bultzadak, isunak… Erakustaldi militar(ista) latza, epailearen aurrera deitu dituzten guztietan beren kasa azaldu diren herriko lau gazte atxilotzeko, eta espetxeratzeko.

Arratsaldean trago bat hartzera ateratzen badira, ez esan deus, gorroto delitua bailitzateke. Eta herria (eskualdea, herrialdea…) desmilitarizatu behar dela aldarrikatzea ezta okurritu ere, ez baduzu terrorismoa leporatzerik nahi.

Altsasuko auziaren bidegabekeria guztiak kolpe bakarrean irudikatu zituen astearteko polizia operazioak.

Ez dakit jan edo edan dudan zerbaitegatik den, jakiren edo edariren batek kalte egin didan, baina azkenaldian baikor nabil. Pasako zait. Edonola ere, nago txapelokerrak oker dabiltzala, sardinzarrak zaharkiturik daudela. Haiek eta haien gibelekoak.

Altsasuko ferietako taberna liskarra hanpatu zuten desmilitarizazioaren eztabaida mozteko, eta aldaketaren laukoa higatzeko. Eta, ene uste harroan, eskema zaharren arabera diseinaturiko jokaldiak huts egin die, eta haien aurka bihurtu zaie: Altsasuko auzia mugarria izaten ari da eskema zaharrok behin betiko gibelean utzi eta aro berri bat zabaltzeko. Besteak beste ETAren behin betiko su-etenak beroturik, Nafarroaren arragoan gizarte gehiengo berri bat osatzen hasi zen Barcinaren gobernuaren murrizketen eta gehiegikerien aurkako protestetan, aurreko hamarkadetako nafar politikaren ardatz nagusia bazterrean utzirik.

Ospitaleetako sukaldeen pribatizazioaren edo Nafarroako Kutxaren desagerpenaren aurkako protestetan dikotomia ez zen konstituzionalistak versus abertzaleak (edo demokratak versus biolentoak, formulazio azurmenditar gordinagoan) baizik eta erregimena versus aldaketa. Ordura arte bizkarra emanda bizi zirenak pankarta berari eusten hasi ziren.

Altsasuko auziarekin ardatz zaharra berpiztu nahi izan zuten, gehiengo berria desegite aldera. Haatik, desegin ordez trinkotu egin dute, noiz eta gobernu berria eraturik kohesio arazoak eduki zezakeelarik. Bidegabekeria latzak gehiengo hori aktibatu egin du. Lehen errepresioaren aurkako mobilizazioetan parte hartzen ez zutenak orain kalera atera dira esatera ez daudela prest gehiegikeria polizial eta judizial gehiago onartzeko. Aro berrian eskubide guztiak guztiontzat nahi dituztela. Aro zaharra (haren ardatz eta amarru guztiekin) behin betiko utzi nahi dutela atzean.

Aldaketa soziologiko baten aitzinean gaude (eta horiek instituzionalak baino garrantzitsuagoak dira), askatasunaren zaleen zorionerako, eta erregimen zaharraren jarraitzaileen zorigaiztorako.

Altsasuko gazte presoak eta haien senideak harro egon daitezke, txarretik onena atera dutelako barka klixea, erran nahi baita prozesu horretan guztian haien inteligentzia politiko eta emozionala, haien planteamendu ireki eta neurtuak erabakigarriak izaten ari direla gertatzen ari dena gertadadin, jokaldi atzerakoia ustel dakien.

Nafarroaren historiaren manifestaziorik handienetako bat egin zuten apirilaren 14an. Eta irudipena daukat datorren ekainaren 16an berriz diot, baikor nabil Nafarroaren historiako manifestaziorik handiena eginen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.