lizar begona

Oilo alaiak eta barazki punkiak

2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Mercadonak, Carrefourrek eta Nestlék «oilo libre eta zoriontsuen» arrautzak soilik salduko omen dituzte 2025erako. Imajinatu oilo horien guztien irribarrea egunsenti batean notizia jakitean, hortzak alderik alde aterata, zelai berdeetan saltoka eta kukurru eta kakaraka errutokian ipurdiak ilaran jarrita. Familiok ere pozago eta lasaiago joango gara saltokietara arrautza alaiak erostera. Supermerkatuko hari musikalak kapritxoak erosteko sena pizten digun artean, Ongia egiten ari garen sentsazio heroikoaz ibiliko gara apalategien artean dozenaka arrautza organ sartzen.

Ze, finean, erosketak egitea guay izan daiteke. Fruta eta barazkiak ederrak dira egun, begiek dir-dir egiten digute hainbeste sagar eta mandarinaren distiraren artean. Zuritzen ditugun patatek azal leuna dute, hazirik gabeko mahatsak jaten ditugu eta sagar brillanteak, konkorrik gabeko azenarioak eta ubeldurarik ez duten platanoak.

Oiloen zoriontasunak eta produktuen edertasunak liluratuta gauzka. Dena da eko, eta gu horren parte sentitzeak bihotzak hanpatzen dizkigu. Apur bat aktibista, apur bat militante sentitzeraino. Eta gero kotxeko leihatila jaitsi eta parean dagoen AutoKingean ere barren-kezkarik gabe eskatzen dugu burgerra, jasangarritasun-programa bat ezarri omen baitu Burger King Españak plastikoa murrizteko. Neurriak aplikatu dituzte urtean 500 tona plastiko baino gehiago aurrezteko. Nork esango digu guri ezer txarrik egiten ari garenik? Erosoa da, funtsean, aldirietako parking itzeletan kotxea aparkatzea eta pabiloietan kontzientziako harrik gabe asteko erosketa egitea.

Baina pentsa, ze nik ez dut erraz ahaztuko: baso bat zementuz estali zuten hipermerkatu, Burger King, crossfit gimnasio eta makro bazar horiek egiteko. Gogoratzen naiz zulo karratu erraldoi bat egin zutela eraikitzen hasi zirenean. Eta horrela, plas, mendixkaren erdi-erdian lurrezko kubo bat zena, poligono bat da orain. Min apur bat egin zigun garai hartan, baina jada otzanduta paseatzen gara eraikin berrien artean. Herriaren traje aldaketa etengabeaz ohituta bageunde bezala, oiloak bezain zoriontsu.

Baina emaguzu goldea, igitaia, sega edo aitzurra, ez dugu jakingo nondik heldu ere. Emaguzu behi baten errapea, hatz puntez eta nazkaz helduko diogu titiari, ez dugu abererik hiltzen pena ematen digutelako, baina hipermerkatuan dugun abaniko zabalaren aurrean pozik aukeratzen dugu gehien gustatzen zaigun txerrikiaren erretilutxoa. Emazkiguzu arto aleak eskuetan eta eskatu irina egiteko. Ez dugu jakingo nondik hasi. Ez galdetu sasoiko elikagaiez, neguan meloia eta udan laranja jango dugu gogoen arabera.

Gure herrian bertoko barazkiak plazan saltzea debekatu zuten. Itsusiegiak irudituko zaizkie, hipermerkatuan saltzen direnen antzik ez dutelako. Komertzio txikietako langileak ere mengelduta daude poligono handietako saltokien aurrean. Badirudi eko- aurrizki batek, oilo zoriontsu batzuek eta brillantinadun frutek zuritu dezaketela munstroena.

Lurraren aldeko proiektuek ez omen dute zentzurik urbanismo planak landa-eremuetan batekdakinork hitzartuta daudenean. Horra Otxantegi Lurreko eta Tosuko erresistentziak, Erdiz Bizirik-en magnesita meategiaren aurkakoa, proiektu berriztagarri korporatiboen aurkako plataformak, goi-tentsioko lineen kontrako mobilizazioak, AHTaren zundaketa eta obrena, Altsasun tren sozialaren aldeko mobilizazioa, tokiko abeltzaintza suntsitzen duten makrogranjen aurkako erakundeak eta abar.

Eskerrak landare punkiek oraindik zementu azpitik ateratzen dituzten kimu-buruak, Venusen zilborra (Umbilicus rupestris) hormetan jaiotzen den, asunak (Urtica dioica) bide bazterretan eta luma-belarrak (Taraxacum officinale) lauzen artean ernatzen diren. Eskerrak barazki punki batzuek ere oraindik oreztak, ubeldurak eta konkorrak dituzten azalean eta bernizik gabe luzitzen duten.

Oilo zoriontsuen izenean Victor Jararen bi galdera ekarri nahi ditut lerrootara: «Ez al duzue inoiz pentsatu lur hau gurea dela eta ez gehien duenarena? Ez al duzue inoiz pentsatu eskuak gureak badira, gurea dela ematen diguna?».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.