Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Nuklearrik ez

2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Pil-pilean darabilgu amatasunaren gaia azken egunotan, entzutera ohituak gaudenetik urrun gainera. Hautsak harrotu ditu espainiar eskuinean bereziki, Anna Gabrielek, CUPeko diputatuak esandakoak. Umeak era komunean eta kolektiboki izatearen alde agertu da, beste hainbat kulturetan egiten den gisara, amatasun eta aitatasun eredu indibidualizatzaileetatik urrun. Umeak kolektiboki izateak familiak dituen eragin perbertsoak ekiditen dituela defendatu du eta familia eredu tradizionala pobrea eta batere aberasgarria ez delakoan dago Gabriel.

Aberasgarria edo ez, ezin ditugu alde batera utzi familia nuklearrak gurean dituen eraginak eta sortzen dizkigun arazoak. Familia nuklearrak, bikote batek eta beren seme-alabek osatzen duten gune familiarrak, erabat indibidualizatzen eta feminizatzen ditu bertan sortzen diren lan guztien kudeaketa eta erabat naturalizatu eta psikologizatzen ditu sortzen diren gatazkak. Propioak eta pertsonalak dira familia eredu horren baitan hartzen ditugun erabakiak eta hezteko erak, eta familiakide guztiak propietate pribatu sentitzera garamatza. Gureak dira, eta haiekin nahi duguna egingo dugu. Edo ahal duguna, kasu gehienetan.

Sakrifizioarekin erabat lotuta dagoen eredua da, balio ekonomiko eta sozialik ez duena. Baina, lasai, sari ekonomiko eta sozialik ezean, ama ona izateak badu besterik: maitasuna. Eta modu horretan, ama izatea zoragarria dela eta emakume bati gerta dakiokeen gauzarik onena dela uste dugu. Ama izan gabe, zorion perfektua lortuko ez dugula esango digute behin eta berriz, eta, beraz, ama izatea gure aukera onena eta bakarra dela ulertuko dugu. Zer egingo dugu, bestela, 50 urte ditugunean? Bada, zeinek zainduko gaitu?

Modu horretan, neskatilak ama izateko heziko ditugu, eta ez, ama ez izateko. Maria Jesus Izquierdok erreleboen lasterketa baten gisan irudikatzen du honako hau: amek guregatik sakrifikatu dutenagatik zorretan sentitzen gara, eta zorra kitatzeko, genero arauei jarraitu, eta, behar duenean, haren zaintzaz arduratuko gara. Horrela, gure zaintzaz arduratu daitezen umeak izango ditugu, eta berriz ere genero arauak mantentzearen alde egingo dugu. Horregatik deritzogu hain perbersoa feministok familia nuklearrari, emakumeak ama izatera murrizteaz gain, emakumeok zaintza lanekin dugun lotura ez duelako eteten. Horregatik defendatzen dugu, behin eta berriz, pertsonala politikoa dela, zaintza lanak erdigunean kokatu eta sozializatu eta kolektibizatzearen alde egin behar dela. Eta amatasuna aukera bat besterik ez dela, inondik inora emakumeon patua.

Baina bada aukera bat, eta berau duintasunez garatzeko aukerak sortzeko erronka dugu. Eta seguru nago Anna Gabrielek botatako eredu komunitariotik oso urrun ez daudela (ez baitago bat eta bakarra), zaintzak, amatasunak eta aitatasunak modu osasuntsuago batean kudeatzeko moduak.

Bide horretan oso pozgarria iruditu zait Katakrak liburu dendan egunotan egingo diren jardunaldiak: Izate biologikotik izate politikora: amatasunak, ekonomia eta komunitatea. Desnaturalizatzeko saiakera bat eta amatasuna eta zaintza, terreno politikoan kokatzeko ahalegin bat. Zaloa Basaberen hitzetan, aktibismoa sortzeko helburuarekin.

Bitartean lasai, emakume estresatuok (ez zapalduok)! PavoFrio janez gero, arazo guztiak desagertzen baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.