Ana Malagon.

Normaltasuna

2024ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Pellokeria batekin hasiko naiz: inori ez zaio galtzea gustatzen. Ez da harritzekoa. Galtzea eta galtzea gustuko ez izatea. Galtzea ziklikoa izan daiteke. Osasungarria, esango nuke. Galtzean guztiok irabaz dezakegu eta badago irabaztean galtzen den zerbait. Batzuetan galtzean lasaitu bat hartu daiteke, irabaztearen erantzukizunetik liberatuta. Batzuetan ez dago irabazterik eta denak gara galtzaile. Gutxitan gertatzen da negozio gizonek aipatzen duten eta guztiok irabazle egiten gaituen win-win delako hori. Win aldebakarra izan ohi da asko jota. Nekez gurea. 

Litekeenaren aurrean prestatzeko edo, gutako askori galtzen jakitea garrantzitsua dela irakatsi ziguten txikitan, irabazten jakitea garrantzitsuagoa bada ere. Badira irakaspen hori sekula jaso ez dutenak, hala ere. Alderantziz, galera oro anomaliatzat hartzeko prestatuak izan direnak. Eta haien prismatik normala ez den guztia ezinekoa denez, ez daude porrota onartzeko prest. Ezin dute bere munduaren ikuspegia beste ikuspegi batek gailentzea onartu. Beste mundu bat posible da, baina ez gehiegi.

Hau da nire ustez neurri batean eskuin patrizioa deitzen dudan eskuin kontserbadoreari gertatzen zaiona. Oposizioan egotea egokitzen zaionean nola jarduten duen ikustea besterik ez dago. Zein noraezean eta deseroso dagoen, ezkerraren konfort eremu tradizionala izan den horretan. Etengabeko adierazpengintzan oinarritzen den kazetaritza deklaratiboak hauspotuta, dena da onartezin, dena da iraingarri, dena eraman behar da epaitegietara, denek dimititu beharko lukete edozergatik eta etengabe. Ez dago inoiz akordiorik, ezta oinarrikoenean ere. Patxada, pazientzia eta tolerantzia galtzen du eskuin patrizioak oposizioan. Boterean dagoenean, aldiz, gauzen ordena naturala ematen da, benetako demokrazia, kudeaketa eraginkorra. Errealitatearen burugogorkeriak erakutsi digu han eta hemen ez direla hain demokratak eta, batez ere, ez direla hain kudeatzaile onak. Edo, Valentzian ikusi den bezala, oso txarrak izan daitezkeela. 

Eskuin patrizioak hori badakiela uste dut. Denborak arrazoia kendu die eta taktika aldatu beharrean daudenez, eskuin muturraren fanfarrearen zalapartarekin bete dute diskurtso falta. Gure tesiek funtzionatzen ez badute, egin dezala kaosak. Harrigarria suertatzen da legearen eta ordenaren alderdiak piromania antisistemak besarkatzen ikustea, baina hemen gaude, irakurle maiteok, Kristo ondorengo 2024. urte honetan, (para)normaltasun lokaztuetan nabigatzen. Normalak eta betikoak zirela esaten zutenengandik normalak ez diren gauzak ikusi eta entzuten. Zentzuzkoenen arrarotasunak.

Kontserbadoreak gogaitu eta aztoratzen dituen irain bat da arraroarena. Hala ikusi ahal izan dugu Estatu Batuetako hauteskunde kanpainan. Hainbeste denboran zehar etxean buloei eta terraplanismoari leku egin ostean, «arraro» deitzen hasi zitzaizkien demokraten inguruko ahotsak, zentzu okerrean, arraroa izateko modu zoragarriak daudelako zorionez. Ulergarria da hain gaizki hartzea, azken finean, errepublikanoen eta oro har betiko kontserbadoreen dogma nagusietako bati kontra egiten dion hitz bat delako. Hegemonia eta gehiengoaren, jende arruntaren eta betiko baloreen ideologia izatea.  

Botere trantsizio lasai bat egongo da Estatu Batuetan. Ez dira emaitzak zalantzan jarri eta ez dio inork Kapitolioari larru eta adarrak jantzita erasoko. Galeren aurrean bortizkeriaz erantzuteko gaitasuna eta inpunitatea eskuin muturrak, eskuin patrizioaren onespenarekin, aspalditik bereganaturik duen pribilegio bat da. Ez da berria. Bitartean, besteei duinki galtzea dagokie. Oposizio arduratsua egitea. Askatasunak, lanak eta etxeak galdu izanak protestatzea, ados, baina ezer hautsi gabe. Hondamendian eta miserian, doluan eta krisian, elegante beti, dagokion normaltasunez jokatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.