oihana arana

Normala da nekatuta egotea

2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Iristen da abendua eta nire gorputza hasten da itzaltzen-itzaltzen. Ohean igaro behar izan dut azken aste hau, sukar-ametsak jota. Eztarria inoiz ez bezain gaiztotuta, isilik, eta irensteko indarrik gabe. Purea, salda eta jogurtak jaten. Belarrietaraino zabaldu zait infekzioa, buruko min handia izan dut. Sekula ez bezain sukar altua. Lo egiten baino ez dit utzi gorputzak.

Durangoko azokarik, bertso-eskolarik, lanik, oporrik... gabeko abendu hasiera izan dut. Lo egin dut bakarrik. Horrek dakartzan poz eta min guztiekin. Fomoa, inbidia, amorrua... Lasaitasuna, bakea, isiltasuna...

Aldamenean izan dut jende zaindaria, jende zaintzailea. Nire marmar guztiak aditu ostean, pilulak noiz hartu gogorarazten, azaleko zentimetro karratu guztiak mantapean izan nitzan bermatzen, munduko pure onenak prestatzen, urik edan nahi ez nuenean edanarazten, gorputza labe-garaitu zaidanean dutxatzen, kopetan oihal bustiak jartzen... Eskerrik asko, bide batez.

Eztarriko gaitzak oso lotuta egoten omen dira nekearekin. «Gorputza gelditzeko eskatzen ari zaizu». Esan zidan batek. Eztarriko gaitzak oso lotuta egoten omen dira esan gabekoek sortzen dituzten korapiloekin. «Beti zabiltza eztarriko kontuekin, ez gorde horrenbeste berba». Esan zidan beste batek. Baietz erantzun diet denei. Nekatuta nagoela, nekatuta nagoela isilik egoteaz. Baina gaixorik nagoenean ez dut zergatik gaixotu naizen pentsatu nahi izaten. Nola eta noizko sendatuko naizen jakin nahi izaten dut bakarrik.

Urte luzea izan da. Espero baino buelta gehiago eman ditu bizitzak, eta aurrez pentsatu gabeko leku askotan jarri nau. Egiten ez nekizkien gauza asko egin behar izan ditut. Gauza asko egin ditut lehen aldiz, gauza asko egin ditut azken aldiz. Gauza asko kudeatu ditut eta beste asko ez. Negar asko egin dut, baina behar bezain beste ez. Asko haserretu naiz, baina behar bezainbeste ez. Itsasoa askotan usaindu dut, baina behar bezainbestetan ez. Normala iruditzen zait nekatuta egotea. Normala da nekatuta egotea. Apur bat kutrea da urteak gaixotu nauela esatea, baina apur bat hala izan dela sentitzen dut.

Zuetako askorentzat ez, baina guretzat, nolabait, bihar amaituko da urtea. 2023ko irailean hasi zen guretzat bihar amaituko den urte luzea. Zerbait izan bada, hori izan baita, luzea izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Arantzazu Loidik eta Patxi Goikoleak emango dituzte kanpaikadak. Beste ezerk baino poz handiagoa ematen dit horrek, eta beste gauza pila batek ere asko poztu naute, e. Garen hau egin duten bi pertsona dira Arantzazu eta Patxi. Bidea eta ahotsa topatzen lagundu diguten bi. Omenaldiak eskertza publikoak baldin badira, egin diezaiegun erraldoi bat bihar Illunben.

Ez naiz ni gure eskualdea denaren gainetik babestuko duen ezpatari bat izango, baina Maider Arregik Arrasateko finalaurrekoan gure eskualdeari kantatutako hasierako agurrean gauza asko mugitu zirela esango nuke: «Debagoiena ez da bakarrik/ MU ta hormigoia...». Amaierako agurrean ere erori zitzaigun malkotxoa mendebaldeko giputxi faltzuak maite dituela esan zuenean, besteak beste. Irudikatu nituen Arantzazu eta Patxi barrezka, buruarekin baietz-baietz egiten. Eta uste dut gabon-postal ederra litzatekeela argazki hori.

Gustura ikusi izango nukeen Maider Arregi biharko finalean. Uste dut ukaezina dela datu hori. Elkarren ondotik apreziatuko dugu urte amaierako festa erraldoia, taldean, ingurukoen begirada konplizeen artean. Eta hori ere bada pozteko motibo on bat. Ederra baita urteak utzi diguna, sutondo bat eta zortzi bola eder plastikozko pinu beretik zintzilik. Nor bere doinu eta neurriko. Zorte on, hermanas. Brillantina pila bat zuentzako. Oso ondo egingo duzue. Eta bestela, lasai. Zuekin bilantziko kutreenak ere poz-pozik kantatuko ditugu eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.