lizar begona

Noren besotik paseatuko gara?

2025eko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udaberriko bitxiloreez eta igandeko eguzkiaz idazteko tentazioari eutsi behar izan diot zutabe honetan. Zozoen goizetako kantu ederraz idatzi nahi nuke astearte-egunkarirako arin eta lore. Baina liliei beharrean, erneguei eman diet jaten azkenean. Izan ere, igande honetan (martxoaren 30ean) Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izan zen, eta loraldi betean langile horien alde labana batzuk bota nahi nituzke airera. 

Amorratzen nau duintasun eskala orok, hierarkia sozialek, sektore batzuen subordinazio piramidalak. Jasangaitza zait sistema asimetriko honek logika produktiboaren arabera kolektibo batzuei zilegitasuna eta legaltasuna ukatzeak. Sutzen nau Bizitzaren gainetik egunero pasatzen den tanke honek. 

Etxeen eta bizitzaren zimenduei eusten diona alfonbra azpian ezkutatzen duen gizarte miopean bizi gara. Ongizatearen aldeko diskurtsoez, osasunaz eta zaintzaz betetzen dira ahoak gobernuetan, bizitzak eurak eusten dituen oinarriei erreparatu gabe. Babes base sendorik ez dago zaintzari dagokionez; menpeko direnen (eta izango garenon) arreta sare irmo eta publikorik ez dago. Zainduak izatea pertsona ororen eskubidea izan behar da, eta horretarako zaintzaileen bizi baldintzak eta ezinduen eskuragarritasuna bermatu behar dira. 

Etxeko lanen atzeko aurpegia emakume migratu batena da. Atzerritartasun legeak langileen bizi-baldintzak kolokan jartzen ditu, eta egoera administratibo zaurgarrian uzten ditu langileak. Gauza jakina da paperik ez denean gutxieneko eskubideak ere ez direla bermatzen askotan. Etengabeko zaintza eman behar dutenen kasuan muturrerago doa egoera. Fisikoki gorputz batek jasan dezakeenaren mugan daude langile asko eta asko. Etxea eta lana nahasten diren espazio batean bizitzea, kasu batzuetan leku propio edo intimorik gabe, osasun fisiko eta mentalerako jasangaitza gerta liteke. Hogeita lau orduko arreta horrek, eta konpentsazio faltak, eskubideak alderik alde urratzen ditu. XXI. mendeko esklabotzarekin alderatu izan da maiz etxeko langile horien egoera.  

2022ko urrian, Ministroen Kontseiluak etxeko enpleguaren sektoreko lan-araudia erregulatzen zuen lege dekretua onartu zuen. Eta azken urteetan gauza batzuk aldatu diren arren (langabezia eskubidea, esaterako), oraindik langile horien oinarrizko lan-eskubideak urratzen jarraitzen da. 

Asteburu honetan egon diren mobilizazioen artean, SOS Arrazakeriako etxeko langileak ere kalera irten ziren eta, besteak beste, honako datu hauek aipatu zituzten: «Etxeko langileen %83k arazo fisikoak dituzte bere lanaren ondorioz, %80k osasun mentaleko arazoak izan dituzte edo dituzte, %40k lan-istripuak izan dituzte, %77k sendagaiak kontsumitzen dituzte ohiko moduan lanean jarraitzeko, eta %25ek indarkeria fisikoa edo psikologikoa jasan dute». 

Beharrezkoa da etxeko langileak erregimen orokorrean sartzea eta beren lan-baldintzak eta eskubideak gainerako langileen lan-baldintzekin parekatzea, sektorea profesionalizatuz eta etxeko eta zaintzako lana duinduz. Etxe bat eta bizitza bat sostengatzea baino duinagorik gutxi baitago. 

Nori heltzen dio herrenak? Nork bultzatzen ditu gurpil-aulkiak? Nork altxatzen ditu ohean etzanda dauden gorputzak? Nork garbitzen ditu leihoak banan-banan? Nork kentzen die hautsa portzelanazko piezei? Liburuen gainazalei? Nork ematen die xaboia eta nork botatzen die ur beroa azalei? Nork eramango gaitu larre zabalera edo itsaso parera aire freskoa hartzera? Nork garbituko digu arropa bizkarrak uzten ez digunean? Nori emango dizkiogu eskuak gurpil-aulkitik bainerako aulkira pasatzeko? Nork hurbilduko dizkigu ahora jogurt- eta pilula-koilarak ezin dugunean? Noren besotik paseatuko gara?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.