Anai Artea elkartearen historia ekarri digu Txomin Hiriart-Urrutik Elkar argitaletxearen eskutik. Gustura irakurtzen den liburu gomendagarria, Joseba Sarrionandiaren aitzinsolasa barne. Pentsatzekoa zen ekarriko zuela eztabaidarik, beste gai askotan bezala, ez zutelako orduko protagonista guztiek historia hura berdin bizi izan; edo ez dutelako berdin gogoratzen. Juan Mari Arregi izan da ahotsa altxatu duen lehena, eta nabari zaio ez dagoela konforme Kanboko irakasle eta idazlearekin. Baiki, ez zegoen liburu honetara iritsi beharrikAnai Artearen sortzailetzat Telesforo Monzon eta Piarres Larzabal har zitezen, hori izan baita beti historia ofiziala, nolabait esatearren. Ez gara gu hemen hasiko ez dakigunari buruz hitz egiten, are gutxiago ikerketa lan oparoa egin duenak idatzitakoa gezurtatzen. Ez du horrek esan nahi, ordea, beste begirada batzuk ez daudenik, gutxienez kontuan hartu beharrekoak, arrazoi eta datuen bidez baztertzeko besterik ez bada ere.
Durangoko errefuxiatu ohiak artikulu gogorra idatzi du, izenburutik bertatik garbi uzten duena bere egia: Monzon eta Larzabal ez ziren izan Anai Artearen sortzaileak. Beste hainbat gauza ere esaten ditu Arregik artikuluan (adibidez, ustez argitaratu nahi ez dioten liburu baten inguruan), baina hizpide dugun gai honetan bi datu nabarmentzen ditu barez ere. Bata, saiatu den arren, berak ezker abertzaleko historialari ofizialtzat dituenek ez dutela nahi izan bere lekukotza jaso. Bestea, Anai Artea sortzeko proposamena berea izan zela, Monzon eta Larzabali berak luzatua, Amadeo Rementariarekin batera ekina zion lanaren jarraipen gisa. Gainera, berak proposatu zituela biak zuzendaritzako postu gorenetarako.
Izan zitekeen amorrazioz beteriko gizon baten ahoberokada, aparteko garrantzirik ez duena, baina ez zaigu arrotza egin berak idatzia. Hasteko, entzuna diogu orduko lekuko bati Juan Mari Arregiren protagonismoa Hiriart-Urrutiren liburuan ageri dena baino handiagoa izan zela elkartearen hasieran. Baina, batez ere, jabetu gara gaiari buruz Joxe Felix Azurmendik bere liburuetako batean dioena (PNV-ETA Crónica oculta 1960-1979. Ttartalo) ez dela arras ezberdina. Zehaztuz, Juan Mari Arregiren hastapeneko lanekin jaio zela Anai Artea izango zena, gero Monzon, Larzabal eta Gotzon Arregiren izendapenekin ofizializatuko (sic) zena. Elkartearen oinarriak durangarrak jarri zituela ere utzi du idatzia Azurmendik aipatu liburuan.
Badago Anai Artea sortzea bururatu izana aldarrikatzen duen beste pertsonarik ere. Xabier Zumalde, El Cabra, hasieratik egon zen elkartearen zuzendaritzan Juan Mari Arregi bezala, eta gero protagonismo handia izan zuen urte batzuetan zehar. Kontua da Zumaldek bere liburuetako batean dioela (Las botas de la guerrilla, Status) ideia berea izan zela, berak eta bere taldeak hasieran Monzoni eta gero gainerakoei aurkeztua. Esan gabe doa idazteko eta gauzak kontatzeko modu berezia izan duela beti Zumaldek eta horrelaxe dagoela osatua Anai Arteari liburu horretan eskaini zion kapitulua ere, baina iruditzen zaigu bai hau eta bai Azurmendirena ez daudela soberan gaiaren inguruko bibliografia osatu nahi bada, ezta hemen hizpide izan ditugun pertsonen testigantzak ere, beste askorenak bezala.
Gorago aipatu dugun aitzinsolasean Joseba Sarrionandiak dio irabazleek idazten dutela Historia, baina galtzaileek ere badutela beste historia bat. Estatuek nahi dutena kontatzen dutela, baina herri txikiek era badutela zer esana. Ez du arrazoi faltarik, baina horrekin batera onartu beharko dugu mugimendu sozial eta politikoen baitan ere badaudela irabazleak eta galtzaileak, historia ofizialak eta isilduak, pertsona jainkotuak eta baztertuak. Sarrionandiak berak beste hitzaurre eder batean idatzia (Karlos Gorrindoren Funabulistaren beldurra libururako) etorri zait gogora: «Norberaren egiak besteenekin osatzen dira; besteen ikuspegiak isilduz eta desitxuratuz ez dago gizarte osasunik».
ARKUPEAN
Norberaren egiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu