Ziztuan sartu zitzaidan alaba etxera. Gitarra hartu eta Gariren Esperantzara kondenatua kantaren akordeekin hasi zen. Harritu nintzen. Gazte zaharron ondaretik edan dezaten, noizbehinka entzunarazten dizkiet kalimotxo garaiko CDak seme-alabei. Alabak aski ezaguna du Hertzainak-en repertorioa; ez, ordea, Gari bakarlariarena. Youtube! pentsatu nuen. Ez, ba; Go!azen izeneko telesailari esker du ezagutu. Eta hori bezala, beste dozena bat kanta gehiago, nire CD zaharretan agertzeko berriegiak direnak. Poztu nintzen lehen kolpera, modu horretan seme-alabek euskal kanten ezagutza handiagoa edukiko dutelakoan. Eta beteago egongo delakoan Euskal Herri osoko hamaika gazterekin partekatzen duten euskal erreferentzien zaku komuna.
Atzo eta gaurko kanta arrakastatsuak transmititzeko tresna baliagarria izan daiteke Go!azen, bai. Baina oraintsukoei ez ezik betiko kanta gehiagori ere egingo nieke leku. Plangintza baten faltan, nola transmititu bestela gazteei betiko kantak, Iparraldean bazkalondoan edo ostatuko kontuarrean kantatzen direnak? Edo fosiltzat jo behar ditugu, Gariren «garaipenik ez da, galtzekorik gabe» horri men eginez?
Go!azen-en berri galdetu nion alabari; eta hark erantzun, berak bizitakoa balitz bezala. «Ñoooo, hor zerbatte baziok» pentsatu nuen. EITBko Nahieran miatu nituen bizpahiru atal. Eta kapitulu bat ere ikusi genuen elkarrekin. Hori da hori arreta, aizue! Telebista suge, seme-alabak txori. Eta hurrengo atalerako tirria! Ez dut uste Pacman eta Emakume Bionikoa-ren kumeok inoiz parekorik sentitu dugunik ETB1eko programaren batekin.
Basakabiko kolonia ikusirik, Bertso Udalekuekin oroitu nintzen. Eta horiek izan zitezkeela bestelako Go!azen bat filmatzeko gune, nahiz eta aldea nabarmena izan. Esaterako, Bertso Udalekuetan kanta eta bertso ezagunak partikatzeaz gain, berriak ere sortzeko aukera dute gazteek. Edo, gazteen gorputz, estetika, euskara edo dituzten arrangurak askoz anitzagoak dira. Edo sor daitezkeen maitasun harremanak orotarikoak dira, ez soilik printze urdin eta fresazko printzesen artekoak. Edo, larru beltzekorik baldin bada, hura ere mintzo da. Edo begiraleak ongi maitatzen dakitenak dira; ez da haietan apaiz kakuxaidunik. Edo Hegoaldeko gazteak ez ezik, Iparraldekoak ere badira. Bai, Garik bezala «iparra erakusten det behatzaz». Horren haritik, alabak, edozein saratar bezala, ez zuen ulertu kapitulu bateko «ni tan mal» esapidea zuen esaldia. Gaztea-rekin ere halatsu ibili ohi gara; «pollo bat montatu», «jertsea ipurdiz geratzen zaio» eta gisakoekin. Kalitatezko euskara bultzatzeko akordioa sinatu du EITBrekin Euskaltzaindiak; ez zaio lanik faltako. Hizkuntza eta herria. Nahiago nuke EITBren ikuspegiaren arabera fronterakmuga ez balira eta euskaldun oro aintzat hartuko balitz. Gogoan dut Pintxo & pote programaren lehen atalekoa. Bidasoako bokalean Hondarribitik Hendaiari so ziren, Olaizola, arrantzaleen kofradiakoa, eta Hormaza, saioaren gidarietako bat: «... Frantziatik oso gertu gaude, eta frantsesekin izaten al dira oraindik holako liskarrak?» bota zuen Hormazak. Olaizolak aurpegiz aldatu zuen, eta nik katez. Maluruski, ez zen azken katebegia izan. Euskalduna naiz, eta zu? saioko elkarrizketatuetan ez da Iparraldekorik; Lapurdin, Baxenafarroan edo Zuberoan ez da euskaldunik aidanez. Espainiari buruzko atala ere eman zuten; ez zen ideia txarra. Geroztik zain nago Frantziari buruzkoa noiz emitituko duten.
Go!azen amaitzera. Badut esperantza hurrengo Go!azen-ek iparra argiago izango duela, Euskal Herri osokoago izango dela; anitzago, modernoago, euskaraz pentsatuago, poliedrikoago, laiko... Bitartean, kondenatua segituko dut, esperantzara.
ARKUPEAN
Nora baina?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu