Bezperan sartuta gaudenez, etxeko arropa zein trapu moreen bila hasteko eguna da. Badira bilaketa gogoz egingo dutenak, aspalditik datorkien borrokalari sena apaldu ez zaiela oroituko dutenak, urteetan izandako aurrerapauso edo atzerapausoak burura ekarrita. Badira beste zenbait, abenduaren 2an euskaltzaletasunaren errepertorioa prestatzen ibiltzen direnak bezalatsu, euren epeltasun feminista egun batez borborrean jarri nahi dutenak. Guztiak gara anitzak, desberdinak eta berdinak era berean, eta batzuek zein besteek, aspaldikoek zein etorri berriek, denek izango dugu gure lekua biharko eguneko ekintzetan zein protestetan.
Non ez dakit, baina bere leku propioa izango du baita ere Idoia Mendiak. Ez dakit morez jantzita azalduko ote den manifestazioren batera, borroka feministaren aldeko aldarriak botatzen ibiliko den edo lanean izango den datorren urteko lan-egutegia nola edo hala zehaztu nahian. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea izateaz gain Enplegu eta Lan sailburu ere badelako, eta azken egun hauetan buruhauste bat baino gehiago izaten ari da datorren urtean Euskal Autonomia Erkidegoan izango dugun lan-egutegiarekin.
Bisurtea datorrela eta ez datorrela, jaiegunei erreparatzen hasita eta hurrengo urtean ere Elkanoren etorrerarik izango ez dugunez, gorriz margotu beharreko egun bat geratzen da zintzilik. Bi aukera zituen buruan sailburuak eta biharko eguna heldu aitzin bota zuen lehenengoa: 2024ko martxoaren 8a jaiegun izatea. Intentziorik onenarekin bota zuen data berria, baina aho bete hortz geratu dira berdintasunaren eta feminismoaren inguruan dabiltzanak.
Emakundek eman zuen lehenengo bere iritzia: asmo onez egindako proposamena dela bai, erabat ados daude, baina ez dute argi ikusten jaiegun izan beharraren arrazoia: lanketa berezia egin behar dela iritzi diote, martxoaren 8a ere bere horretan egun berezia baita. Galderak ere sortu zaizkie Emakunden: aurrerantzean betirako gordeko den jaieguna izango da ala bisurtea delako 2024an soilik izango du gorriz margotutako zenbakia? Nola bideratuko dira orain arte antolatzen diren kanpaina zein protestak?
Erakunde zein kolektibo feministak izan ziren bigarrenak erantzuten: martxoaren 8a protesta eguna da eta ez bere horretan jai hartzeko egun bat. Pandemia aurreko urteetan emakumeak greba egitera bideratu gintuzten, emakumerik gabeko lanegun bat zein kaotiko suerta litekeen erakusteko eta, bide batez, emakumea bera erdigunera ekartzeko. Hau guztiaz gain, egutegian erreparatu eta datorren urteko martxoaren 8a ostirala izango dela ikusi zuten: zubia egiteko aukera polita, kamiseta, jertse zein trapu moreak beste urtebeterako gutxienez armairuan gordeta uzteko eta, beraz, aldarrikapen eguna izateari uzteko arriskua ikusten dute kolektibo feministek.
Harrabotsa, zalantza eta galdera-ikur izugarria sortu du hurrengo urteko martxoaren 8ak.Burrunba honek sailburuaren erantzuna ere ekarri zuen berarekin: 2024ko egutegiari erreparatuta bigarren aukera bat soilik dago jaiegun moduan hartzeko, eta, ironikoa suerta daitekeen arren, hauxe da: martxoaren 19a, aitaren eguna. Idoia Mendiak argi bota die galdera kolektibo zein erakunde feministei: ez duzue martxoaren 8a jaiegun izan dadin nahi eta nahiago duzue aitaren egunean jai hartu?
Egoera zinez komikoa da. Barregarria izan gabe negargura izugarria ematen duena. Mendiak feministoi galdetu diguna nor duzu maiteago, aita edo ama? esaldi okaztagarri haren bertsio modernoa da. Jaiegun bat edo bestea izan, ez dira gure esku egongo, ea Idoia Mendiak zer dioen hurrengo egunetan. Kapituluaren amaiera laster izango duzue egunkari honetan bertan.
ARKUPEAN
Nor duzu maiteago, aita edo ama?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu