Zeren eta gauza bat da nondik idazten dugun, eta beste bat nondik irakurtzen gaituzten.
Esaldi horrekin bukatu nuen azken zutabea duela bi aste, eta ordutik airean dingilizka gelditu zait ideia: nondik irakurtzen gaituzte? Nondik irakurtzen gaituzte euskaraz idazten dugunean? Eta harriz harri saltoka doan igela lez, baina neure-neure den zingira berean, beste galdera hau ere bai: nondik irakurtzen gaituzte emakumezkoak garenean idazten dugunak?
Olivia Sudjic idazle britainiarrak Exposure liburua idatzi zuen 2018an. Antsietateari buruzko entsegutzat izan da deskribatua, baina bada —batez ere— antsietate hori emakume idazle izatearen egitatearekin nola uztartzen den modu argigarrian disekzionatzen duen lan bat. Bertan, emakume gazte zela bere lehen liburua argitara eman zuenean sentitu zuen antsietateaz hitz egiten du Sudjic-ek: nola sentitu zen epaitua, nola sentitu zen biluztua, nola sentitu zen juzgatua. Bidean, antsietate hori generoarekin nola harilkatu zitzaion aztertzen du autoreak; eta, horrekin batera, azken hamarkadetan hondar publikoan beren literatura lanak argitara eman dituzten emakume idazleen estrategiak plazaratzen ditu. Nola erabaki duen emakume horietako bakoitzak begirada maskulino gupidagabearen epaiketa eta juzguei ihes egin edo aurre egitea, zein estrategiaren bidez.
Izan ere, begirada maskulino gupidagabearen ideia da, funtsean, Sudjic-en liburuaren gibelean latente dagoen pultsua. Autoreak defenditzen duenez, emakumeek idatzitako literatura emakumeek idatzia izanagatik epaitzen da kasurik gehienetan, eta horrek kristal bat paratzen du geuk idatzitakoaren —izan fikzio, autofikzio edo testigantza autobiografiko— eta irakurlearen begiradaren artean. Horrela, «gizonezko irakurleek badirudi askotan atzera egiten dutela emakume protagonista baten gogamenean sartu behar dutenean». Egilearen ustetan, irakurle maskulinoak juzguz beteriko begiradarekin leitzen ditu emakumeek idatzitako obrak, ahots bakar eta inkontinente bat topatuko duelakoan; orainik orain etxekotua izaten jarraitzen duen ahotsa, bizitza publikoan gertatzen omen diren abenturekin alderatuta. Horrela, bere susmoa da —eta beste askoren ziurtasuna ere bai— «gizon zuriak monopolizatu duela kondizio humano unibertsala». Eta monopolio horretan ardaztuta, badio «narratiba patriarkaletan sakonki errotua dagoela ahotsen aniztasunari mugak jartzea».
Eta nik ere pentsatzen dut, modu bertsuan, zenbat denbora eman ote dugun literatura unibertsala bezalako kategoria amorfo eta problematikoak erabiltzen, normalean gizonezko zuri mendebaldarrek idatzitako literatura esan behar genuenean. Edo zenbat denbora eman dugun etiketa horren menpean katalogatutako lanak laudatzen —laudagarriak izan zitezkeenak ala ez—, normalean espainolez, frantsesez edo ingelesez idatzitako literatura esan edo laudatu behar genuenean. Euskaraz ezin bada literatura unibertsalik egin, edo emakumeok ezin badugu literatura unibertsalik egin, askok eta askok ez ote duten jarraituko pentsatzen munduko txoko honetan idazten ditugun gauza intimo eta zirkunstantzialak baino ez direla.
Halaz ere, kontua ez da gauza intimo edo zirkunstantzialez hitz egiten dugun ala ez; geure bizitzak oinarri hartuta idazten dugun ala ez; geure esperientzia pertsonalaren bueltan sortutako munduak sortzen ditugun ala ez. Kontua da literatura egiten dugunean —geuk geure hautamen absolutuan erabakitzen dugunean oinarrituta— zenbat ahots ateratzen diren idatzitako hori esfera jakin batzuetara zedarriztatzeko asmotan, lortutako bikaintasuna edo kalitatea esfera horretan aritze hutsari egotzi ahalko balitzaio bezala. Hori bada, kontua ez dela geuk nondik idazten dugun, baizik eta nondik irakurtzen gaituzten.