Nondik idazten dugun eta nora edo norako idazten dugun. Otsail bukaeran Bilbon ospatu zen Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdian bi galdera horien inguruan aritu ginen Joseba Sarrionandia eta ni neu, Beñat Sarasolaren gidaritzapean; izan ere, aspaldiko eztabaida da euskal literaturan ea sinesgarria suertatzen den euskarazko fikzio lanak sortzea berez euskararenak ez diren territorioetan. Neuri askotan egin didaten galdera da: zergatik jo duzu hain urrutira zeure istorioak kontatzeko? Nolatan Amerikako Estatu Batuetan? Zer dela eta han eta ez hemen? Zergatik Ochlockonee eta ez Ibaizabal?
Laburrean ekiteko, esan behar dut istorioek beraiek baldintzatuta jo behar izan dudala neuk hain urrutira, kontatu behar nituenek atmosfera jakin bat eskatzen zidatelako; eta zergatik ez, lehen liburua idatzi nuenean distantzia emozional nolabaiteko bat ere ezarri nahi edo behar nuelako. Beste batzuetan, ordea, oso modu gallegoan erantzun izan dut, galdera bati beste galdera batekin kontraeraso eginez. «Zergatik han» galdetu didatenean «zergatik ez han» erantzunez. Benetan, sinetsita nago guztiz literatura askatasunerako esparru berezkoetako bat dugula eta autorearen erabakimen askearen menpe dagoela istorio bat non kokatu —eta nola kontatu, nondik, eta abar eta abar—.
Bat egiten dut Julio Cortázarrekin esaten duenean «nigatik, idazketagatik, literaturagatik, idazle guztiengatik eta irakurle guztiengatik defendatuko dut idazle baten askatasun subirano osoa, zer eta bere kontzientziak eta duintasunak gidatzen duten hori idaztera daramana». Gero, beste kontu bat da ea asmatu dudan geografia jakin horietan istorioari sinesgarritasuna ematen, baina benetan uste dut horrek gutxi daukala ikusteko lekuaren hautaketarekin. Gehiago izango luke ikusteko eszenario literarioarekin; gauza bat delako kokaleku geografikoa —bere baldintza anbiental guztiekin—, eta beste bat istorioak eskatzen duen literatura-eskenatokia sortzea erabakitako leku horretan.
Tokiari buruzko galderek, ordea, eman didate zer pentsatua. Alde batetik, esango nuke nolabaiteko galdera logikoa ere badela, euskararen tokia geure geografia txiki hau izanda. Bestetik, ordea, iruditzen zait euskara munduan irudikatzeko zailtasun baten ondorio zuzena dela euskaraz idatzitako fikziozko istorioak beste leku batzuetan ezin imajinatzea. Adibide trakets bat jartzea da, jartzearren, baina oso ohituta gaude Ben Hur edo Gladiator bezalako filmak ingelesez ikustera hizkuntzaren inguruan zalantza handirik egin gabe. Eta kasu horietan, fikziozko lanak izan arren, sinesgarritasun historikoaren auzia albo batera utzi da argi eta garbi, lan horiei kalte handirik eragin gabe.
Hau da, iruditzen zait galdera batzuk euskaraz idazteagatik egiten dizkiguten galderak direla. Bakoitzak bere eginda daukala ingelesez, frantsesez edo espainolez idazten duen inori ez geniokeela galdetuko zergatik erabaki duen bere hizkuntzarekin munduko edozein txokotan istorio bat kontatzea. Eta ironia gehiegi erabiltzea izan liteke, baina pentsa Jules Vernek itsasperaino edo lurraren erdiguneraino eraman zuela bere hizkuntza, frantsesa. Pentsatu beharko genuke zerk ez digun uzten edo zerk oztopatzen digun fikzioa egiteko orduan euskara geure territorio honetatik kanpo irudiztatzea; ea geure imajinazioari dagokion zerbait den edo ea hainbestetan zapaldua izan den geure hizkuntza honen zapalkuntza asumituak eragindako zerbait den.
Zeren eta gauza bat da nondik idazten dugun, eta bestea nondik irakurtzen gaituzten.