Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Nola izan gu?

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gogoan dut Boiseko Jaialdi ospakizun erraldoian izan nintzen lehen aldian, 2010ean, izugarri harritu ninduela basqueing aditza deskubritzeak. Amerikako Estatu Batuetako pasaportea zuten diaspora euskaldunak, basqueing edo euskaldunen gauzak egitera joaten ziren Jaialdira. Orduan ulertu nuen zergatik arabierak ez duen izan aditzik orainaldian: ezin ezer izan izate hutsarengatik. Ni bertsolaria naiz bertsotan egiten dudanez gero, eta euskalduna izango naiz, euskaldunen gauzak egiten baditut. Bide batez, arabierak badu izan aditza, baina soilik iraganean edo etorkizunean jokatuta, inork ez baitu zalantzan jarriko Txirrita bertsolaria izan zela, edo berriak izango direla.

Baina nola izan gu elkarrekin ez bagaude? Durangoko Azoka aurten webgune bat izan da; Bizkaiko Bertsolari Txapelketa lau bertso-saiotako zirkuituak ordezkatu du; uda honetan Boisen izan behar zen Jaialdi hurrengo urtera atzeratu da; Korrika ez da izango 2021ean. EITBren maratoiko kantu kutsagarriak Ez negar egin, gu elkarrekin dio elkartzea inoiz baino delituago izan den urte batean, baina… Non gaude elkarrekin? Nola gaude elkarrekin? Elkarrekin ez bagaude, nola izango gara gu?

Émile Durkheim soziologo frantsesak 1895ean Metodo soziologikoaren arauak obra argitaratu zuen. Ikertzailearen soziologiaren oinarrian gizarte-gertakaria kokatu zuen, gizarte baten kontzientzia kolektiboa ezartzeko tresna nagusia. Gizarte-gertakariak bizi ahala (sozializatu ahala, alegia), gizabanakoak pentsatzeko, jokatzeko eta jarduteko modu jakin batzuk barneratzen ditu. Modu horiek ez dira aldaezinak, baina iritzi publikoak eta gizabanakoen gehiengoak partekatuko ditu. Hortaz, elkarrekin gauden egoera horietan, gizarte-gertakari horietan, gu izatekobaliabideak eskuratzen ditugu. Bestalde, ia mende bat geroago, Benedict Anderson abertzaletasunaren ikertzaileak 1983an Imagined Communities (Komunitate imajinatuak) izeneko liburua kaleratu zuen. Liburuaren izenburuak iradokitzen duenez, Andersonen iritziz, nazioak sozialki eraikitako komunitateak dira, euren burua talde horretako kide gisa ikusten dutenek imajinatutakoak; gizarte-gertakari kolektiboek eta hedabideek proiektatzen dituzten bizipenak, ideiak eta sinboloak komunitateko kideen artean zabaltzen dira eta talde «homogeneo» hori irudikatzen laguntzen diete. Hortaz, komunitatearen topaleku eta erresonantzia-kaxetan gutarrak izateko tresnen nolabaiteko proiekzioa antzeman dezakegu.

Ekitaldi bateratzailerik ez, komunitateko kideen gehiengoarengana iristen den hedabide masiborik ez, aforo mugatuak, kultur ekimen bideraezinak…Zailtasun horiei guztiei, gainera, gehitu euskararen ahultzea eta desagerpena hainbat foro eta mezutan, bizitza jokoan dagoenean, gurea gutizia baino ez dela iradokitzen duen errealitatea, hain zuzen.

2020ko urtearen hasieratik zaila izan da gu izatea. Ez dugu aukerarik izan elkartzeko, ez gure gauzak egiteko. Gizarte-gertakarien ezinbesteko baldintza gizabanakoen nolabaitekoelkarrekintza da, eta ingurune digitalak horretarako tresnak eskaini badizkigu ere, ematen du gurea inoiz baino imajinatuagoa izan beharko dela, telematikoki konpartitutako elementuen proiekzioan oinarritutako giza-talde sakabanatua. Eustea baino ez zaigu geratzen, eta Koldo Mitxelenaren esaldiaren misterioa are gehiago handitzea: euskararen jatorria baino misterio sinesgaitzagoa izan dadila euskararen komunitateak nola eutsi zion koronabirusari, negar egin gabe, eta elkarrekin egon gabe. Gustatuko litzaidake hori lortzeko modua kontatzea artikulu honetan, baina konformatuko naiz kontatze hutsera iristen bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.