Nola esan egunero nire parean begira-begira esertzen zaidan ikasle multzo nekatuari euskara ez dela BECeko azterketa folioa. Txirrinak jota beste ikaskide denak arrano, erbi, eta azeri basatiak lez korrika, uluka eta saltoka irteten direnean, beste bi orduz jasan behar nauten horiei nola esan euskara ez dela tostoi bat. Zazpi orduz institutuko eserleku gogorretan eman ondoren, hor agertzen natzaie, lau hormen arteko didaktika klaustrofobiari jaten ematen.
Eta nola esango diet nik egunero ariketa linguistiko militarrak egiten dabiltzan gazte horiei euskara ez dela soilik ahalera hipotetikoa, ez baldintza irreala, ez dela ikuste hutsak panikoa ematen duen aditz-taula mosaiko erdi japoniar hori.
Nola esan «aitak derrigortu nau hona etortzera, nik euskara gorroto dut» adierazi zidan ikasleari euskara guay dagoela. Guay dagoela esan, esan gabe bere amorrua katebegi historikoa dela, icebergaren punta bat akaso, edo egungo egoera soziolinguistikoaren egiturazko zapalkuntza bat. Nola sinetsarazi ikasle berari maite-gorrotoaren gainetik hizkuntza honek bizitzeko ere balio duela Mirande kopiatu eta itsatsi gabe:
«‘Baten batek uste ba-dau euzkerea gauza guztijen ganetik maite biarr dogula, okerr dago’. Bai, okherr dago, ezen gure euskalduntarzunak ez luke bihotzarekikoa izan beharr, maizegi denez, baizik gure izalki-alde guztiekikoa, onak eta txarrak. Euskara maita? Zergatik? Hizkuntzalariek edo litteratur idazleek ezik, gizonek ez dituzte hizkuntzak maite edo higuin: heletan hitz-egiten dute edo ez dute egiten. Guk, Euskaldun izaiki, euskaraz hitz-egin nahi dugu, eta euskaraz geure olde, irrits, gogorapen eta ametsak oro agerrtu, aratz ala likhits izan ditezeen aburuz».
Bihoztxo horiek ukitu nahi nituzke eskola ordu bakoitzeko, esan nahi nieke euskaraz albokoarekin ere ligatu dezaketela. Nola konbentzitu bizi irrikaz dauden begi horiek guztiak euskaraz txortan ere egin daitekeela, mahaien azpiko pantailetan ezkutuan kontsumitzen duten ezer ez denean euskaratik, eta sentitzen dituzten benetako zirrarak erdaraz jantzita datozenean.
Nola esan «kultura globalizatuaren merkatu kapitalistan sortzen diren edukiak hizkuntza hegemonikoetan jasotzen ditugula eta instituzioek ez dutela horri aurre egiteko neurriko erantzunik ematen», hau bezalako spitx letargikorik bota gabe eta oraindik geratzen zaien arreta apurra nigan jarrita.
Nola esan tristezia gramo bat eragiten didala ariketa guztien arteko zurrumurru etengabe erdaldunak, «klasean euskaraz» bibote autoritarioa jantzi gabe. Baina nola adierazi hori dena, klasetik irten eta kalea zapaldu orduko gure eskualdeko euskarak mamu tankera duenean. Metroko karteletan, iragarkien slogan batzuetan, seinaleetan, udaletxeko kultur agendan tarteka agertzen den fantasma «hilzoria».
Tristea egiten zait grafikoa: Getxo inguruan euskararen ezagutza %33,3koa da, eta erabiltzen dugunona %5,6koa da. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean argitaratutako kaleko neurketen emaitzek zioten Bizkaian zortzitik batek soilik darabilela euskara. Eta zer esan Arabako edo Ipar Euskal Herriko datuez.
Oraindik ez dakit larrialdi linguistiko bat nola eramaten den institutuko klase karratu batera. Baina dakidana da enpatiatik egin behar dela, dibertsiotik ahal dela, bazterrekoa izateak duen inplikazio emozionalaren eta sozialaren lekuko eginez. Mundua euskaratik amestu eta, batez ere, euskaratik bizi daitekeela esan, esan, esan.