Pauline Guelle.
ARKUPEAN

«Nire mundutik ezeztatzen zaituztet»

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Adele Haenel-en hitzak dira ondokoak: «Burgesiak duen hitzaren finantzaren monopolioaren aurrean, ez dut nire gorputzaz eta nire zintzotasunaz haragoko beste armarik. Cancel culture-tik sosa, indarra eta ospea baduzue, horretaz espantuka ari zarete baina ez nauzue ikusle bezala ukanen. Nire mundutik ezeztatzen zaituztet». Aktore frantsesak gutun bidez erantzun du bere azken urteetako agertze ezari. Zergatik ez ote zuen gehiago kazetariei erantzuten? Hori zen hedabideen galdera nagusia. Horrela erantzun duCésar zinema sarien zeremonia nagusian egin zuen gisara. «Hau lotsa!» oihukatuz, eta hortik joanez. 2020. urtean oihartzun ikaragarria ukan zuen horrek mugimendu feministaren baitan. Me Too garai horretan kokatzen zen.

Nola egingo dugu beraz haien munduaz beste? Zinemaren espazioa aipatzen badu ere, Haenelek gogoratzen digu eremu kontrolatuen bortizkeria non den. Non, emazte gorputzen eta hitzen askatasuna ez den bermatua. Non, ahots guziek ez duten pisu berdina. Baina non horiek beharrezkoak diren besteen pribilegioak elikatzeko eta bizirik mantentzeko. Delako gutun horretan azaltzen du zinema mundutik «greban» ezartzen dela. Edozein langileren eskubideak defendatzeko baliabidea bitarte bezala harturik, beste espazio menperatuetan bezalaxe identifikatzeko.

Martxoaren 8a ezagutzen genuen. Nazioarteko emazte langileen eskubideen aldeko borroka eguna. Baina, lan bakoitzean botereen askatasuna pentsatzeak badu pisurik. Alde batetik esparru zabal baten salaketa osoa. Kasu honetan, zinemaren industria eta, orokorkiago, frantses kultur instituzionalizatuaren bihotza hunkitzen du. Bestalde, zinegileen zigorgabetasuna eta haien ardura izendatzen ditu. Sistema zapaltzaile horrekin loturarik ez gehiago izateko, despeditzea erabakitzen du.

Argiki, aktoreak mundu horretatik joatea politizatzen du. Hots, gai politikoa dela aktore izatea. Filmek Adele Haenel famatu bilakatu zuten. Bere munduaren ikuskera, aldiz, soilik zinegile batzuekin pasarazten du. Konparazione, Céline Sciammak zuzendu zuen Portrait de la jeune fille en feu filmean. Izendatua zen lekutik ateratzea deliberatu du, Politikarena jorratuz, letra larriz. Dena politikoa baldin bada ere, eta politika bakoitzak egiten baitu ere, asignatua zaion tokia entseatu du deseraikitzen.

«Espazio mediatikoa haizez betetzeak badu helburu bat: ordena burgesa zeruaren urdina bezain naturala bilakaraztea, eta erresistentzia antolatzen duten guztien ahotsak entzungaitz eta zokoraturik uztea». Hedabideen erruak azpimarratzen baditu ere, zinemaren industriari ari zaio. Bereziki, modan diren gai ekologikoak edota feminismoa jorratzeko itxura hartzen dutenei. Funtsean, bortxatzen duen sistema batek, eta bortxatzailearen babesa antolatzen duen mundu horrek ez duela baldintzatzen erakusten du.

Berriz ere, Haenelek publiko eta politiko egin du sakonki barneratu den kexa amaigabe hau. Bakoitzak har dezala nahi duena, hemendik. Utzi edo hartu. Lotsarena, Patrick Poivre d'Arvoir bortxatzailearen sistema izendatzeko berriz baliatu zuen Florence Porcelek bere azken liburuan. Zer da norbait zure mundutik ezabatzea baino ekintza indartsuagorik? Eta orduan, beste mundu hau eraikitzea baino ilusio handiagorik ba ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.