Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Ni ere 'bocaviva'

2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Joan den astean, goiz batean lankide guztiok talde-argazkia atera genuen, lantokiaren aurrean, Euskaraldiarekin bat egiten genuela adierazteko. Arratsaldean, berriz, liburu bat aurkeztu behar nuen: Pedro Ugarte idazle bilbotarraren Lecturas pendientes, bizitzaz eta literaturaz era guztietako gogoeta eta pasadizoak biltzen dituen egunerokoa. Ez dut erdarazko ekitaldietan aktiboki parte hartu ohi, baina Pedro Ugartek eskatu zidanean salbuespena egin nuen, egilea estimatzen dudalako eta, hemengo erdal idazle gehienek ez bezala, euskaraz ikasteko lana hartu duelako eta hizkuntza hori darabilelako berarekin harremantzen garen euskaldunokin.

Nire aurkezpenean, besteak beste, hizkuntzen arteko harremanaz hitz egin nahi nuen. Izan ere, gure agintari publikoei entzuten dizkiegun diskurtsoak sinestera, irudi luke elebitasunean dena dela harmonia, oreka eta elkarbizitza gozoa, Walt Disneyren pelikula bateko basoan bezala. Aldiz, lehoiak egiazki gazelak jaten dituen bezala, soziolinguistika apur bat ikasi duen edonork daki kontaktuan dauden bi hizkuntzaren artean etengabekoa bezain ezinbestekoa dela lehia, gizarte horretan espazio fisiko nahiz sinbolikoak okupatzeko: irratiaren dialeko uhinak, zinemetako gelak, kioskoko kazetak, gure bizilagunen solasak... hizkuntza batek betetzen ez duen denbora besteak hartzen du, zure hizkuntzak galtzen duen funtzioa beste batek bereganatzen du. Pertsona bat izan daiteke elebidun osoa, eta erosotasunez bizi hizkuntza batetik bestera igaroz, unearen eta zirkunstantzien arabera; baina komunitate batean norgehiagoka gupidagabea dute kontaktuan bizi diren hizkuntzek, eta pilota partida batean bezala ez dago enpaterik: garai batean posible zen diglosia-egoera egonkorrak urtetan irautea, adibidez erdarak gizarteko goi funtzioak hartuz eta euskarak maila xehekoak, baina gaur egun bideraezina da halako banaketa bat: etorkizuneko Euskal Herria euskalduna izango da (Finlandian sumoiera bezala) edo funtzio sinbolikoetarako txorimaloa izango da (Irlandan gaelikoa bezala).

Hau dena hemen esatea erraza eta naturala egiten zait. Badakit nire hitzak ez ezik, testuaren azpiko kodeak eta inguruabarrak ere ulertzen dituzuela, eta zuetako asko ados egongo zarete gainera esandakoarekin. Arratsalde hartan, ordea, kontrarioaren eremuan jokatzen nuela sentitzen nuen, Realak Atletico de Madriden estadioan bezalatsu: izan ere, aurkezpena egitekoa zen liburu-denda neure hirian egon arren, bertan ez dute euskarazko liburu bakar bat ere izaten, eta hori mingarria zait oso, euskaldunenganako deskortesia bat iruditzeaz gainera, leun esatearren.

Inguru arrotz hartan hitzaldi gordin bat botatzera nindoan, beraz, baina azken orduan ez nintzen ausartu. Dela kolonizatuoi borrokarako orduan sortzen zaigun menpeko txintxoaren konplexuagatik, dela ahaleginaren alferrikakotasunagatik: azken batean, entzule gehienak erdaldunak ziren, eta nire txapa euskaraz botata ez zuten zipitzik ulertuko, eta erdaraz esanez gero, berriz, nire hizkuntzaren hutsaltasuna onartzea zatekeen; ez dira atzo goizekoak euskararen apologiak... erdaraz.

Kontuak kontu, solas adeitsu bat eskaini nuen Ugarteren aurkezpen gisa, gizalegeak eskatzen zuen bezala, eta sarrera euskaraz egin nuen arren gaztelaniaz jarraitu nuen gero. Hortaz, egun horretan ez nintzen ez «ahobizi», ez «belarriprest» izan; izatekotan «bocaviva» bat, eta gaitz erdi ez banintzen «bocachanclas» bat izan.

Bide batez esanda: Lecturas pendientes, Pedro Ugarteren lana, liburu bikaina da, atsegin betean irakurtzen dena eta aldi berean hainbat gairi buruz pentsarazi. Horra gomendio bat bihotzez egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.