Gauza nabaria da Espainiako presidente Pedro Sanchez ataka larrian dagoela aspaldion. Eta berarekin batera, jakina, baita bere gobernua ere. Gainera, pitzadurak ari zaizkio sortzen orain arte (ia) erabat kohesionatua zuen alderdian, eta ahots berriak azaleratu dira hartu edota iragarri dituen hainbat neurriren kontra. Lehen Emiliano Garcia-Page bakarlari lanetan bazebilen, orain otxotea osatzeko adina agintari sozialista ere bildu da, Aragoin hasi eta Extremaduran buka, Sanchezi kantatzeko gustukoak ez dituenak. Eta hori gutxi balitz, gertukoen dituen hedabideetako zenbait editorial-egile, analista eta zutabegile ere hasi zaizkio, eztiki bada ere, kontuak eskatzen. Gaztiguak igortzen.
Ez gara hemen hasiko egoera honetara iritsi arte —eta oraindik ere— eskuin mutur politiko, mediatiko, judizial eta sozialak egin dituen —gauzatzen ari den—maltzurkeria guztien errepasoa egiten. Eraso bortitzak eta faltsukeriak etengabe, gobernua osatzen duten alderdiak etxera bidaltzeko eta gobernua babesten dutenen artean higadurak sortzeko. Hori guztia begi bistakoa izanda, eta zutabe honetako irakurleen artean aho batez onartua, ariketa erosoegia —eta alferrikakoa— izango litzateke diagnostikoa bere horretan uztea: kanpoko etsaia identifikatu eta haren aurka sekulakoak bota. Egia da gustura geratzen garela horrelako ariketak egitean, baina konpli ohi da gutxienez urrats bat gehiago ematea.
Onartu —eta txalotu— beharrean gaude gobernu honekin aurrerapauso garrantzitsuak eman direla hainbat esparrutan, hainbat eskubidetan. Autogobernuari dagokionez ere horrela gertatzen ari da. Oparoa, beraz, alderdi sozialistari botoa eman ez arren bere gobernua sostengatzen duten alderdiei bota eman zieten hiritarrentzat. Egia da sarri hautsi duela emandako hitza Sanchezek, sarri engainatu dituela bazkideak, eta, itxura guztien arabera, horrela jarraituko duela hemendik aurrera ere, baina eutsi beharreko gobernua da. Alde batetik oraindik ere lorpen berriak erdietsi daitezkeelako, baina beste alde batetik, alternatibak izua sortzen duelako.
Galdera da, ordea, eskuin muturraren mamua, mehatxua, baleko aitzakia den zenbait kontutan Pedro Sanchezekiko EH Bilduk eta EAJk duten jarrera otzan eta etorkorra ontzat eman dezagun. Haren anaiaren eta haren emaztearen kasuak, adibidez. Alde batera utzita bai bata eta bai bestea agian jazarpen baten biktima izan daitezkeela, eta agian akusazioen ibilbide penala antzua izango dela, gaur egun bi pertsona hauei buruz mahai gainean dagoena, ezagutzen duguna, lotsagarria da erabat, gutxienez presidenteari galdera zehatzak egitera bultzatu beharrekoa. Gauza bera gobernuaren baitan sortu diren ustelkerien inguruan.
Bateraezina al da gobernu bat babestea gobernu horrekiko zorroztasun handiagoa izatearekin? Bateraezina al da Estatuko Fiskal Nagusiarekiko Auzitegi Gorenak irekitako zigor auzia kritikatzea eta aldi berean Fiskal Nagusi horrek izan dituen jokabide batzuk salatzea? Ez al dira bateragarriak gobernu honen jarraipenaren alde lana egitea baina aldi berean gobernu honen gehiegikeriak irmo salatzea? Neurri kontua da, baiki, eta horrelako egoera zailetan ez da erraza neurria hartzea, baina iruditzen zaigu badagoela tarte handiagoa kritikarako.
Azkenean Pedro Sanchez soilik eskuin muturraren erasoaldi bortitz batek eramaten badu, denok izango gara egoeraren biktimak. Baina (ustezko) erorialdi horretan presidentearen eta bere alderdiaren ustelkeria eta gehiegikeriak ere nahasten badira, ez daitezela gero batzuk penaz geratu ahotsa ez altxatu izanagatik.