Nekatuta nago. Besoetan sentitzen dut, zintzurrean daukadan aharrausi mehatxati etengabeak seinalatzen dit, belarrietako bero biribil honek, izterretan azkura, oinetan takoiekin parranda egin osteko min hori, biriketan hondarra, kopetan mukiak. Nekatuta nago eta ez da bukatzen alarmarik gabe esnatzen naizenean ere. Nekatuta nago eta nekeak hartzen dit gorputza, desioa, gogoa, errua, beharra, mahai-gaina, aisia, kafea. Kafea ere hartzen dut.
Nekatuta nago. Nekatzen nau nekeari aurre nola egin ez jakiteak. Atsedena da nekearen antonimoa? Eta atseden hartuta ere nekatuta banago? Zein da nekearen antonimoa? «Indarra» diost batek. Ezin da egon nekatuta eta indartsu aldi berean? Bururatzen zaidan jende indartsu gehiena nekatuta dago indartsu izan beharraz. Zer moduz? Zein da «nekatuta»-ren antonimoa? «Deskantsatuta»? Ez. «Lasai»? «Ondo»? «Ondo» da, benetan, «nekatuta»-ren antonimorik onena? «Ondo»-k ezin du izan denaren antonimo.
Nekatuta nago. Nekatzen nau lan egiteak. Ez dut lanera joan nahi eta ez dut gaixorik egon nahi lanera ez joateko. Oso gutxi gustatzen zait lan egitea, eta asko nekatzen nau. Alferrak garela esango du inork. Bale ba. Nahiko pozik nago daukadan lanarekin, baina ez zait iruditzen lana kritikaezinagoa denik gustura egiten denean. Bestela bizi ezin duzulako inoren kontura lan egitea kaka bat da beti. Lanaren kultura falta zaigula esango du inork. Bale ba. Niri behintzat ez zait okurritzen ezer txarragorik ordainpeko lana baino. Bueno bai, gauza bat bai: ordaindu gabeko lana. Oharra: ez naiz ari lan militanteaz, maitasuna eta familia ez dira lan militantea, patriarkatuaren militanteak ez dira militanteak, gure amak dira gure aiten alde.
Nekatuta nago. Nekatzen nau agendak. Igande gauetan datorren asteko kronograma egiten hasi naiz. Hemen hau eta gero hori eta ondoren bestea. Hemen tarte bat kafe bat hartzeko. Norekin? Nor ez dut aspaldi zaindu? Gaizki sentitzen naiz lagunak antolatzen aritzeagatik. Ikusten ditut TikTokeko bideo horiek non kalean oinez doan jendea hartzen duten eta galdetzen dioten «badauzkazu 30 minutu jolas bat egiteko? Dirua irabaz dezakezu!». Begiratzen dut ingurura eta askok ez dauzka 30 minutu jolas bat egiteko. Nora zindoazen oinez? Autobusa galduko duzu. Paseatzeko zeneuzkan 45 minutuetako 30 eman dizkiozu jolasari? Hala beharko du. Tarte libreak (libertatea) kalkulatzea eta neurtzea baino oximoron nekagarriagorik... Antolatu izan dut mentalki zein ordutatik zein ordutara masturbatu ere. Ez dakit badagoen gauza patetikoagorik.
Nekatuta nago. Nekatzen nau produktibitateak. Ohean mugikorra hartu eta bertan denbora galtzera etzaten naizenean tripan hazten zaidan korapiloak gainditu egiten nau. Egin nitzakeenen eta egiten ari ez naizenen zerrenda pasatzen zait burutik, Instagrameko story batean irakurtzen dut «ze ona gaurko Saneleren artikulua» eta ezin dut ekidin pentsatzea «Sanele egunero artikuluak idazten eta zu ohean botata zure hilean behingoa idatzi ezinda». Hori ez da egia osoa ere, ez ditut artikulu asko irakurtzen, gehiago dira katuen bideoak eta marikoiei buruzko memeak. Eta hala ere, ezer egiten ez dudanean ere horrek on egingo didala sentitu behar. Ezin alferrik denbora pasatu. Nire errua da asko, bai, baina nola zer noiz.
Nekatuta nago. Nekatzen nau nekeak, eta ez dut uste nitaz ari naizenik. Begiratzen dut ingurura eta joder. Pertsona nekatuak, etsiak, gogaituak, unatuak, asteniadunak sortzen dituen mundu honi inertzia geldiarazi beharko zaio. Estres kronikoak geldotasunera jotzen du, mugimendu gehiegizkoa paralizantea da. Dena egitea da ezer ez egitea. Antsietatea deitzen diogu, baina kapitala da, kapitala hezurretan. Emadazue ohe erraldoi bat eta etzan gaitezen denok batera elkarri mimoak eman eta ezer ez egitera, luze, oso luze. Ez da iraultzaren definizioa izango, baina hiberna dezagun pixka bat. Itzali eta piztu. Hori egiten dut beti zer egin ez dakidanean.