mikel elorza

Nekaldi aroak

2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Igandean Baionan amaitu zen prozesiorik handiena, bizkar gainean zama eta irudi astun eta doloreetako bat garraiatu beharrean eskuetan lekuko bat darabilena, eskuz esku, mihiz mihi, irriz irri. Alde ederra dago! Milaka lagun bildu ziren Korrika egiten Baionan, eta hara bitartean ere milaka ibili dira, asko Korrika egiten, ez hain gutxi korrika egiten. Erlijio-fedeak oso baxu kotizatzen dituen egunotan, euskaltzaletasuna ere ez dago aparretan, onar dezagun, eta kirolaren sinesmena, berriz, inoiz baino fuerteago, eta halaxe normala da ikustea Korrika iritsi aurretik jendea beroketa ariketak serio demonio egiten datorrena kirol froga pro bat balitz bezala. Baina okerragoa litzateke, noski, animatuko ez balira. Oinez joaten garen metroak kenduta, frikiak, gaur egun eta hotzean aztertuta, Korrika galtza bakero, alkandora eta zapatekin egiten dutenak dira; txit maitagarriak, beharrezkoak, oso beharrezkoak, baina frikiak.

Egun hauetan mihiz mihi elkarri eman diogun lekukoa ez dezagula labadoratik pasatu ahala kirol arropekin batera tiraderan sartu bi urte barrura arte. Horixe da benetako kezka, azkenaldiko erabilera datuek horrantz egiten baitute. Hori norbanakoari dagokionez; herritar gisa, bestalde, euskaldun gisa, aspaldian jasotzen ari garen erasoen oldarra ere ezin ahaztu. Giharra badugun arren, alegia, ez gaude sasoiko, eta hori da kezkagarria. Tabernako doinuan esanda: hobea da gorputz ez hain mazatua baina malaletxe gehiago.

Korrikak —eta antzeko beste zenbait ekitaldik— arrakastaz egiten ditugu, beraz, eta ez da gutxi; lantzean behingo poz horiek gozatu behar dira, eta ez beti negarra jotzen ibili. Baina festa-soinekoaren parpailak ez ditzala gorputzaren arrakalak ezkuta: instituzionalizazioaren pipiak gure mundu sinbolikoaren habeak jo ditu, eta hainbat egitura mental hausteko eta erortzeko arriskuan daude. Eta gutako bakoitzaren egitura mental horiek dira egitura sozial sendoen adreiluak. 

Inpresioa daukat hainbat aldarrikapenen inguruan jendartea nekatuta dagoela. Agian izango da kirol gehiegi egiten dugulako. Hainbeste entrenatuta, bizitzeko momentuetara nekatuta iristen gara. Instituzioak behar genituen, noski, baina irudi luke instituzionalizatuegi gaudela, konfort maila handiegia lortu dugula. Ez dakit konfort eta konforme hitzek erro bera ote duten, baina hala ez bada, gugan biak batuak dira igandean lekukoak atseden hartu zuen plazan Errobi eta Aturri batzen diren bezala. 

Nekatuta ez, txikituta ageri ziren Moskun atentatua egin omen duten lau ekintzaileak. Ez zait ahazten, noski, lau hauek fusil automatiko bat eskuetan kontzertu bat ikusten ari zen jendeari tiro egin diotela, hotzean eta motzean, baina ez dakit zerk eragiten didan izu handiagoa, haien aurpegi hebainduak ikusteak, inolako lotsarik gabe erakutsi dituztenak jende aurrean, edo pentsatzea Errusian gehiengo handi batek inolako eragozpen etikorik ez duela irudi horiek erakusten dutenarekiko.

Nekea desesperazio mailara eramanda, berriz, aspaldi dute Gazan. NBEk haien aldeko ebazpenak hartuta ere, misilak igual erortzen dira. Herritarrak berdin hiltzen dituzte. Eta gosetea. Mosku beharrean, Israeli sustengu moral, politiko eta, batez ere, militarra ematen ari garen Europa ez erasotu izana, horrek harritzen nau pixka bat. Eta Israelekiko sorrarazten Errusiako herritarrengan atentatugile atxilotuekiko intuitzen dudan enpatia berbera. Hain gordin.

Nekaldi garaiak hauek: inoiz baino sasoikoago gaude, baina nekatuta bizi gara. Inkonformista errotikoak gara, baina konformidadean bizi gara. Ernegatzeko ziento bat motibo dugu, baina seko otzanduta gaude.

Baina hala ere, gora Korrika!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.