Inaki Galdos
ARKUPEAN

Neguan udaberri

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Sekulako arrakastarekin bukatu da Gernikan xisterako aurtengo Winter Series txapelketa. Neguan udaberri. Handia izan da ETBk emandako bultzada, emankizunen kalitate itzela barne, eta beste hainbat enpresa, hedabide eta erakunde ere hor ibili dira laguntza eskaintzen. Baina, inor gutxietsi gabe, antolatzaileen ekimena da batez ere goraipatu behar dena, goitik behera asmatu dutelako eta kirol ikuskizun ederra sortu. Hori nahikoa ez eta atzo ekin zioten Durangon emakumeen lehiaketari, eta udarara begira ere iragarria dute zirkuitu berri bat, beste pilotaleku batzuekin elkarlanean.

Aparraldia hitza erabili du Juan Ignazio Zulaikak egunkari honetako bere blogean txapelketa honen bueltan sortutako giroa deskribatzeko. Egiaren izenean, Xabier Euzkitzek erabilitako berba aipatu du, egokiro bere eginez. Nekeza benetan bi pilotazale hauek baino aditu handiagorik aurkitzea euskal pilotak oro har aspaldian bizi izan duen nobedade handienaren —agian ustekabekoa ere bai— inguruko gogoetak egiteko. Gerta liteke norbaiti iruditzea metafora hori baino gehixeago merezi duela susperraldiak, iragankorra izan ohi delako aparra, baina surflariak ere ez daude beti olatu gainean, noiz berria iritsiko zain disfrutatzen baizik.

Bozkarioak bozkario, ezin dugu perspektiba galdu. Eta berriz ere azpimarratu behar dugu gure kirol honen —modalitate guztien— egoera txarra dela, dramatikoa ere bai kasuren batean. Susmoa dut, gure etsipenaren ispilu, gure konformitate maila ere jaisten ari dela urtez urte, eta balekotzat ematen hasiak garela duela ez hainbeste porrot gisa ulertuko genituzkeen hainbat egoera. Adibidez, aspaldian berri on gisa hartzen dugu urte berri egunean Eibarko Astelena (ia) beterik ikustea... Iñaki Elorza Txapas-ek eta bere artxiboak gogorarazten diguten arte ez oso aspaldi, ez bat, baizik eta bost edo sei jaialdi zirela egun horretan Euskal Herrian zehar antolatzen zirenak.

Euskara hizpide, duela urtebete arkupe honetan aipatu nuen pilotari buruz zale batek egin ohi didan gogoeta, baina gure hizkuntzari ere aplika dakiokeena: pilota salbatutzat ematen dugun unean hasiko dira frontoiak berriro husten. Gehitu nuen hori dela gure hizkuntzaren, kirolaren, herriaren patua. Beste era batera esanda: bizi nahi badugu, ezinbestekoa da —beti izango da— erresistentziaren epika. Gernikan bezala gauzak zoragarri eginda ere, ikuskizun bikain eta erakargarriak sortuta ere, beti egongo da kontzientziak astindu beharra, neurri batean Winter Series hauen aurrekaria izan zen Jai Alai Blues dokumentalarekin gertatu zen gisa. Eta hori ez da txarra berez, horrek ere laguntzen du komunitatea —herria— sendotzen.

Sekulako kontraesana dirudien arren, pilotalekuko ikusle soil izateaz harago pilotazalea militante ere bihurtu behar hau bat dator, gainera, beste helburu batekin: posible al da euskal pilota profesionalari behar duen indarra ematea pilotazaleak ez diren —eta izango ez diren— ikusleen bidez? Bai, posible da eta beharrezko. Eta gertatzen ari da, Gernika eta Iruñeko Labrit lekuko. Are gehiago, Zulaikak berak duela hilabete batzuetako elkarrizketa batean onartu zuen bezala, Ameriketako Estatu Batuetako Jai Alaiaren urrezko garaia ez zen inoiz ikusleen pilotazaletasunean oinarritu. Kontua da, orain eta hemen, apustuak beste ikuskizun mota bati utzi (behar) diola tokia, kirol hutsa ez den beste xarma bat lortu behar dela.

Destino petrala, pentsatuko du norbaitek. Pilotaren geroa, erromantiko erresistenteek eta ikuskizun berrien egarriz dauden esnobek osatutako koktel arraroaren esku. Badakit arin samarra dela horrela laburbiltzea, baina ez dago izan beharko litzatekeenetik oso urruti, mundu zabalean kulturaren eta kirolaren hainbat eta hainbat esparrutan gertatzen den bezala, bide batez esanda.Jar dezagun opera adibide gisa. Agian deserosoa suertatuko zaio irakurleari egin dudan irakurketa, baina uste dut hobe dugula errealitate dikotomiko samar hau onartu eta ahaleginak hortik bideratu. Beno, uste dut batzuk dagoeneko egiten hasiak direla. Zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.