Negu jendea idatzi nahi duzula esan diozu. Otsailean neguari buruz idaztea apur bat arraroa dela erantzun dizu segituan. Haserretu egin zara. «Otsailari buruz pentsatu eta ez datorkit inoiz negua burura». Esan dizu. Inori ez zaio iruditzen urtarrila baino neguagoa. «Ez du ematen, baina urtarrila gertuago dago udazkenetik otsaila udaberritik baino». Esan diozu. Ez dizu erantzun.
Hilabete honetan gauza gehiegi gertatzen ari zaizkiola esan dizu. Lau aste asko da. Zuri otsaila laburregia iruditzeak pegatzen dizun bezain beste pegatzen dio martxoa desiratzeak. Otsailean ilargi beterik ez egoteko posibilitatea existitzen dela esan diozu. Ez dizu erantzun.
Otsaila esan eta mundu guztiak motza dela erantzuten duela esan dizu. Negua ez da motza; lau aste oso. Haserretu egin zara horrekin ere. Ez duzu ulertzen zergatik dituen otsailak hogeita zortzi egun eta ez martxoak eta maiatzak hogeita hamarna. «Galdetu al dio noizbait norbaitek nola bizi duen hori, besteak beste, 2018ko eta 1999ko otsailean jaiotako jendeari?». Esan diozu. Ez dizu erantzun.
Otsaila otsailari ihesi ematen duela ondorioztatu duzu, tristatu egin zara. Negu jendea izango zelakoan zeunden. Ez duzu berehalakoan etsiko. «Esan, mesedez, zer egin duzun aste honetan». Esan diozu.
Parkean San Jose loreak ikusi dituela esan dizu. Udaberria dator. Otsailari negua izateak pegatzen dion bezain gutxi pegatzen dio San Jose loreak zer diren jakiteak, baina harritu egin zaitu. San Jose eguna iristeko hilabete falta dela esan diozu. Ez dizu erantzun.
Gauez etxeko teilatuan katuak entzuten dituela esan dizu. Katuila da. Berari katuak gustuko izateak pegatzen dion bezain gutxi pegatzen dio otsailari katuila izenak. Etxean bat hartu beharko lukeela esan diozu. Ez dizu erantzun.
Kotxetik etxera bidean olatu batek busti duela esan dizu. Piscisen sartu gara. Zuri astroei kasu egiteak pegatzen dizun bezainbeste pegatzen dio iluntzea itsasoari begira pasatzeak. Piscis edo Aquarius zein gurago duen galdetu diozu. Ez dizu erantzun.
Hondartzan jendea eguzkia hartzen ari zela esan dizu. Egun beroak datoz. Paseatzeko gaugiroa aprobetxatu nahi izateak pegatzen dizun bezainbeste pegatzen dio hondartzan bazkaldu izanak. Itsasoa entzutea ala ikustea zer gurago duen galdetu diozu. Ez dizu erantzun.
Supermerkatuan San Valentinerako jarri zituzten bonboiak ofertan daudela esan dizu. Dena kadukatzen da. Bonboiak jan nahi izateak pegatzen dion bezainbeste pegatzen dio beherapenekin ez enteratzeak. Erosi ote dituen galdetu diozu. Ez dizu erantzun.
Datorren astean bere urtebetetzea dela esan dizu. Zorionak. Piscis izateak pegatzen dion bezain gutxi pegatzen dizu bere urtebetetze eguna ez jakiteak. Orain arte ezeri ez erantzun izana otsailean jaiotakoa delako barkatzen diozula esan diozu. Ez dizu erantzun.
Otsailean jaiotako jendeak ere ez dirudi negukoa; kezkatu egiten zaitu horrek. Sofan eseri zara artikulua idazteko materiala biltzen saiatu arren, gauza handiegirik topatu ez duzulako triste. Eguna eguzkitan igaro duzu, baina poltsa beroa jarri duzu berdin-berdin. Neguko erritual intimoak mantentzea inportantea da. Orain ez dakizu okerreko lekuetan ibili zaren bila edo benetan den negu jendea kasik mitologikoa.
Negua udaberriaren zain igarotzen duen jende horrekin guztiarekin haserretu zara. Ez duzu lozorroa ospatzearen plazera galtzen ari dela onartu nahi. Ez duzu ulertzen nola den posible. Zazpi minutuko iragarki garaia aprobetxatu duzu sofatik altxatu, leihora joan eta “Non zaudete pijama lodia jantzita zuen lagunekin batera La Isla de Las Tentacionesera engantxatuta zaudeten negutar guztiak! NON!” oihukatzeko.
Pixkanaka agertu dira begiak gandututako leihoen atzean. Negu jendea existitzen da, noski. Eta, hain zuzen ere, horregatik da negu jendea: ez duzulako ikusten.