Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Negarrari eutsi

2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Lehen aldiko ez dugunegar egin. Elkar uzten dugularik, usaian, ezin diegu negarrei lekurik ez utzi. Urtean behin baino gehiagotan ez dugulako lortzen tartetxo bat atzematen gure agendetan. Aldiz, ez dugu badaezpada bizitza hain kargaturik. Lan egiten dugu, baina gure herrian antolatzen dugu gure egunerokotasuna. Lanetik kanpoko denboran hor dihardugu. Bata Sardinian, bestea Euskal Herrian.

Topo egiteko bidea luze bezain laburra iduritzen zaigu. Denborak egiten du amaiezin, eta maitasunak hain hurbil. Klixez betetako esaldi horiekin ez dugu maitasun erromantikoaren irudirik zabaldu nahi. Bi lagunen arteko harreman ederra baizik. Bi, edo gehiago. Ez baikara bakarrik bi pertsona istorio horretan. Hiru, lau, bost, sei... Ez dakit nondik hasi zen hori dena.

Ideietan lagun, baina praktikan urrun. Erraten da horrela direla harreman sendoak eraikitzen. Honetan, teorian ez dugu sobera sinesten. Utopia, ametsa, gogoeta eta biziak hartzen dutela gaina gure elkarrizketetan. Sakonak izateko helbururik gabe ere, elkar ikusten dugun lehen orenek kokatzen gaituzte. Berriki irakurritako liburu hau, gomendio hori eta beste. Zer den bestearen biziaren zentroan? Lehen, lagunak; orain, xakurra. Denbora aitzina doa, eta gu harekin.

Bizio guziak partekatzen ditugu, jan, edan eta erre. Elkarrekin. Funtsean bakarrik nirekin erretzen du. Hark jatekoa egiten dit eta nik zigarretak biltzen dizkiot. Egun osoak pasatzen dira horrela.

Bazen garaia, bai. Bazen garaia eta sumatu dugu. Batek konfinamenduaren oroitzapenak etengabe gogoratzen ditu. Bestea ohartzen da, pixkanaka-pixkanaka, trauma sortu zaiola. Agian, horregatik aspaldi ez dute elkar ikusi. Agian ez da ausartu erratera beldurtu dela. Agian min egin dio besteen begirada futituak. Agian eritu da. Agian gaizki da. Besteak bere etxebizitza proiektua aipatu du. Etengabe. Badirudi ez dela besterik bere bizi berrian. Lagunak oraindik ba ote du bere lekua bizi berri horretan?

Bakoitzaren neurketa lana ez da erraxki egiten. Lehenbiziko pozak tokia uzten dio hitzari, hutsunerik izan ez dadin. Hutsuneak antizipatzen dira. Ba ote dugu zerbait kontatzeko elkarri? Hutsak betetzen ez baditugu hitza bere kabuz etorriko ote da? Jarioa ez da mozten, ez dugulako uzten. Esentzializatzen dugu maitasun hori. Joateko baimenik ez balu bezala. Ez dugu ureztatzen, esanahiak dion bezala. Esperientziak, buruak, emozioak eta feeling onak oroitzen ditu. Uraren beharrik ez du.

Bi egun izan ziren, arraroak. Ustekabekoak. Bizioek elkartu gintuzten, berriro. Solasak arraberritu ziren oinarritik joan gabe. Autonomiaren lexikal kanpoa jorratu genuen etengabe. Lurretik burura, burutik lurrera. Sabela janariz galkatuz eta birikak ketuz. Egingo ez ditugun bidaiakaipatu genituen. Ohoratuko ez genuen hitzordu bat finkatu genuen.

Asteburu bulimikoa amaitu zelarik, ez zen malkorik atera. Frustrazioari buru egiten jakin dugula erran nahi duke. Bakoitza bestea gabe bizitzen lortzen dugula diot nik. Dependentzia bukatu dela nahiz eta maitasuna egon. Hau maitasun erromantikoa ote da?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.