Ate joka ditugu Europako hauteskundeak. Duela hamabost egun arkupe honetan bertan iragarri genuena betetzen ari da, eta ez du ematen sekulako zirrara dagoenik, ez alderdien ekitaldietan parte hartzeko, ezta botoa emateko ere. Beste kontu bat da apatia hori nagikeria hutsak eta axolagabetasunak sortzen duten edota gaitzespena eta haserrea diren jendea muzin egitera bultzatuko dutenak. Agian denetik zertxobait. Kanpaina izan bada, dena dela, eta jarraitu jarraitzen ari gara batzuok, interesez gainera. NATO ez da nobedadea diskurtsoetan bost urtetik behin izaten diren hauteskunde hauetan, baina oraingoan aurrekoetan baino indar handiagoa hartzen ari da, Ukrainako haizeak eraginda seguruenez.
Euskal Herriko Hegoaldean EH Bildu da gaiari heldu diona. Pernando Barrena eta enparauak behin eta berriz ari dira azpimarratzen 1986ko erreferendumean ezetz esan geniola NATOri eta Europan herriaren borondate hori defendatuko dutela. Ez dugu lortu igandeko hauteskundeetara begira alderdiak idatzitako programarik, baina 2019koan NATOren amaiera bultzatuko zutela zioten kontu honi buruz. EAJk, berriz, aurtengo bere programako 154. puntuan aipatzen du erakundea. Besteak beste, defentsarako ekipoak erosteko Europako erreferentziak babestea proposatzen du, Estatuen arteko elkarlan osoarekin eta NATOren arauak beteta.
Ez zaigu gaizki iruditzen duela ia berrogei urteko galdeketa baten emaitza diskurtso politikoaren lehen lerroan jartzea, memoria ariketa hauek beti direlako beharrezko. Baina ordutik aurrera gaiaren inguruan izandako hainbat nobedade ere aintzat hartzea ez dago gaizki, batez ere nobedade horien protagonistek hemen oso gertuko senide politikoak dituztela kontuan hartzen badugu. Alde batera utzita Suedia eta Finlandia NATOko kide berri direla —nork esango zigun duela bost urte!—, goazen Eskozia eta Irlandatik osteratxo bat ematera.
Eskozian 2007an hasi zen SNP gobernatzen Alex Salmonden eskutik. Mundu osoan gobernura iritsitakoan beste hainbat gai eta alderdirekin gertatu ohi den bezala, berehala hasi ziren ziaboga ematen NATOri buruz, eta 2012ko urrian erakundearen kontrako jarrera historikoari buelta eman zion alderdiak, 426-332 emaitzarekin. Handik bi urteko independentziaren aldeko erreferendumean hori izan zen gainera emandako hitzetako bat, NATOn jarraituko zutela alegia. Hamar urte beranduago, alderdiak bere jarrera berretsi egin zuen, bestek beste esaldi deigarri honekin: «NATOren aldekoak izaten jarraitzen dugu, bakearen alde gaudelako». Alderdiaren gazte erakundeak (YSI) ezezkoari eutsi zion, hala ere, 2022. urtera arte. Orduan erabaki zuen NATOren aldeko jarrera izatea. Jack O’Neill buruzagi gazteak beste esaldi bitxi batekin iragarri zuen berria: «Nire bizitza politikoan harroen sentiarazten nauen erabakietako bat».
Jakina da Irlandar Errepublikaren ezaugarrietako bat neutraltasuna izan dela beti. Gutxik eman nahi diote egoerari buelta han, momentuz behintzat. NATOn ez, baina beste zenbait aliantzatan badago ordea Estatua, adibidez PESCOn eta PfP delakoan. Sinn Fein alderdiak irmoki aldarrikatu izan du beti akordio horietatik alde egin beharra, baina gobernatzeko aukerak gero eta garbiagoak dituenez —dituenetik—, hasia da ñabardurak azaltzen bere jarrera historikoarekiko. Matt Carthy buruzagiak defentsa politika findu egin beharra dutela onartu du, egungo egoerara gaurkotu. Bestalde, Mary Lou McDonald alderdiko presidenteak esan du PESCO eta PfPtik ez liratekeela aterako, ez berehala behintzat. Errepublikako ezkerreko hainbat sektore hasia da kezkatzen, susmo txarrak hartzen.
Nobedadeak nobedade, txuleta jokatuko genuke, Euskal Herriak —edo Euskal Herriaren zati batek, hau beste kontu bat da— bihar independentzia lortuko balu, gobernatzen duenak gobernatzen duela, gaur esaten direnak esaten direla, NATOko kide izaten jarraituko genukeela txintxo-txintxo. Gustura galduko genuke postura, independentistontzat ez bailitzateke batere seinale txarra izango jokatu ahal izate hutsa.