Inertziaz bukatu nuen zinema-areto erdi huts bateko butakan eserita. Almodóvarren azkena zela esan zidaten lagunek eta sinopsia irakurri gabe ozta-ozta ailegatu ginen lehenengo eszenaren erdian. Hasieran gehiago erreparatzen genion ahalik eta zizaretxo, gominola eta krispeta gehien ahora aldi berean sartzeari, filmari baino: lehenengo hamar minutuetako liturgia. Palomita, erregaliz eta gusanitos paketeekin egin zitezkeen zarata mota guztiak atera ostean, horra handi-handi beste familia amerikar hori. Herriko ezagun batekin topo egiten denean bezala bihotz-ukitzen du batzuetan Hollywoodeko jendea aspaldiko partez ikusteak. Tilda Swinton eta Julian Moorentzat ere urteak pasatzen dira. Bitxia da kariñoa.
Inertziaz bukatu nuen zinema-areto erdi huts horretako butakan, eta ia nahi gabe ahaztu samar nuen har bat berez elikatu zitzaidan. Galdera handiegi bat Swintonengandik niganaino: zer egiten da hil egingo dela dakien lagun zahar batek bere buruaz beste egiteko laguntza eskatzen duenean?
Bizitza da handiena, bat eta bakarra.
Nork euts liezaioke maite duen norbait besterik gabe eta betiko joaten uztearen ardurari? Zer egin behar du batek halakoetan? Lehenengo kolpean, akaso, munduan geratzeko konbentzitu, ez dadin hain arin itzali. Bizitza ederra dela, begira diezaiola itsasoari, senti dezala gailurretako haize hotza, eguzkiaren beroa. Amaierara arte borrokatzeko erregutu, sufrimenduan alboan izango gaituela esan, bere min erraldoia dakigun gozoen laztanduko diogula eta azken hatsera arte maitasunez zainduko dugula zin egin. Bidean ez dugula inoiz; ez dugula sekula; egundo ez dugula bere duintasuna zalantzan jarriko. Dugun bakarra dela bizitza, handietan handiena, eta hona Laboaren berbak:
Nahiz eta heriotza
helduko zaidala jakin
ez dut
haatik
horren aurka
buru-bihotzez borrokatzetik etsiko
ez nau
ustekabean harrapatuko
bizi naizeno bizitza kantatuko dut
eta behar dudan
denbora baino lehen
hiltzen banaute
nere hortzetan itzaliko den azken antzia
beste batenetan
loratuko den
lehen irria
izango da.
Bizitza baita handiena, bat eta bakarra. Baina.
Heriotza poligono industrialetara eraman dugula irakurri nuen duela ez asko, eta ez dut sekula tankerako irudirik egin, baina esango nuke sinbolizatu dezakeela nolabait egin diogun erbeste soziala. Nonbait egotekotan, aldirietako pabiloi gris batean desterratuta baitugu. Arrotz zaigu, eta tripetatik beldurtzen gaituenaz ez dugu hitz egiten. Baina norbere heriotza bihotzez behar eta zinez desio duenari laguntzeak oinarri etikoak dantzan jartzen dizkigu, krimenarekin alderatzeraino. Eta jakin badakit portzelanazkoa dela gaia. Badakit handia dela bizitza, baina batzuetan handiagoa da oinazea.
Inertziaz bukatu nuen zinema-areto erdi huts horretako butakan, palomita den-denak, zizaretxoak eta gusanitoak bukatuta. Argiak piztu eta amak bazkalostean esan zidana etorri zitzaidan akordura: «Jaiotzea ez genuen erabaki, baina nola hil nahi dugun erabakitzeko eskubidea izan behar genuke».
Eta, bai, buru-bihotzez borrokatuko gara biziaren alde, heriotzaren kontra. Baina.