Inaki Galdos

Nahieza

2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Datorren asteburuan jokatuko da Espainiako lehen mailako gizonezkoen futboleko azken jardunaldia. Baina dena dago erabakia, partiden orduak ere aldatu egin dituzte: hasieran denak batera jokatzekoak zirenak, dagoeneko ez, sortuko duten emozioa hutsaren hurrengoa izango delako. Betekadak iragartzetik erdi hutsik egoteko arriskura pasatu dira supituan zelaiak. Egun batzuk lehenago hasiko da Europako hauteskundeetarako kanpaina. Honetan ere zirrararik ez. Baina ez dena erabakita dagoelako, erabakiko denak gutxirako balio izango duelako baizik. Egia izan ala ez, hori da behintzat hautesleak pentsatzen duena neurri handi batean. Eskuin muturraren oldartzeak ere inor gutxi asaldatzen duela dirudi.

Baiki, krisi sakonean murgilduta dago Europa, are gehiago bere erakundeak. Hasteko, agerian ari dira geratzen gobernantza ereduaren arrakalak. Horrekin batera, eskumen falta nabarmena erabaki batzuk hartzeko orduan, ageriko identitate krisia, eta abar luzea. Panorama honekin, ez da harritzekoa aipatutako apatia, kasu askotan nahiezaren itxura handiagoa duena. Tristeena da ez dagoela eztabaidaren lehen lerroan aldaketa sakonerako proposamenik, eta antzerako zerbait aldarrikatzen dutenek —adibidez herrien Europa federala eraikitzea— ez dutela arrakasta handirik lortzen gero hautetsontzietan. Alderantziz, eredu horretatik are gehiago urrunduz, Estatuen berrindartzea proposatzen dutenak daude orain harro.

Ez du esan nahi horrek guztiak, ordea, guretzat interesik ez dutenik ekainaren 9ko hauteskundeek. Hasierako adibidera itzuliz, hala ere larunbatean Anoetara joango denetakoa da gaurko arkupe honetako bisitaria. Hala ere. Bere huskerian badago oraindik zer esan aukeratzen dugun boto-paperarekin, nahiz eta —garbi daukagu hau ere— botoa emateko orduan hemengo politikari ari garen batez ere begira, eta ez Europara.

Alderdi europazalea izan da betidanik EAJ. Bere historian zehar, 1933ko Donostiako Aberri Eguna hartu izan da beti horren adierazle nagusi. Euzkadi-Europa lelopean ospatutako ekitaldi jendetsua. Orain ere oso harreman sendoak ditu Europan. Bistan da ez dagoela bere garairik onenean alderdia, nahiz eta apirilaren 21eko gauean arnasa hartu zuen. Hegoalderi dagokionez, Espainiako koalizioaren aliatuak ere ez dira beste batzuetan bezain indartsuak eta ez dute lan makala izango ordezkaritza lortzen. Hautagai berria dute gainera, Oihane Agirregoitia bilbotarra. (Bide batez, Eusko Jaurlaritzako sailburu berrietako bat izango al da Izaskun Bilbao?). Iparraldean, berriz, Frantziako Ekologia Positiboa eta Lurraldea izeneko koalizioan joango da Jean Telletxea jelkidea. Jakina, ez dauka ateratzeko aukerarik, baina Iparraldean burua erakusteko apustua egin dute. Zalantzarik gabe, Iparraldean Peio Etxelekuren eskutik izaten ari diren susperraldia da jelkideentzat azken urteetako berri pozgarrietako bat. Agian horregatik ari da urduri samar jartzen Jean Rene Etxegarai. Nork daki.

EH Bai ez da aurkeztuko Iparraldean eta bere kide Oier Imaz EH Bilduk BNG eta ERCrekin batera osatu duen zerrendan joango da. Pernando Barrenak Europan jarraitzea dute helburu eta ez dirudi zailtasunik izango dutenik horretarako. Euskaldunak eta galiziarrak indartsu daude, katalanen txakalaldia orekatzeko beste bai behintzat. Ikustear dago Estatuko gainerako lurraldeetan jasotzen duten babesa, Espainiako ezker konfederalaren gainbehera ikusita, gerta daitekeen fenomenoa. Jakina da Europarekiko izan duen jarrera ez dela historikoki izan ezker abertzalean EAJ barruan bezain uniformea, gogora dezagun bestela Sortu alderdiaren baitan hastapenetan izandako eztabaida, baina badirudi gero eta barne adostasun maila handiagoa dagoela horretan.

Bukatzeko, ikustear dago EHKSk abstentziorako eta mobilizaziorako egin duen deialdiaren oihartzuna. Abstentzioa handia izango dela garbi dago, kontua da asmatzea non hasi eta bukatuko den etxean geldituko denaren nagikeria, apatia, gaitzespena edota nahieza. Pena, ezin zenbatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.