Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Nafarroa Garaia eta inkestak

2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azken 36 urteotan, 1979tik hain zuzen ere, Nafarroa Garaian politika instituzionala eta botere ekonomikoa gidatu duten eliteek, lehen aldikoz, arriskuan dakusate aginte instituzionalaren kontrola.

Joan den asteburuan argitara eman ziren inkesten arabera, erregimenaren biziraupenaren aldeko eta kontrakoen artean berdinketa eman daiteke maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan. Nafarroako Foru Komunitateko parlamentuak 50 jarleku dauzka eta uneotan, dirudienez, 25 eskuratuko lituzkete erregimenari eustearen aldekoek (UPN-PSN-PP-Ciudadanos) eta 25 erregimena eraistearen aldekoek (EHBildu-Geroa Bai-Ahal dugu-Izquierda/ezkerra).

Duela hilabete batzuk, bertze inkesta batzuek garaipen erraza ematen zieten erregimenaren kontrakoei.

Nola ulertu horrenbertze jende, oraindik ere, erregimenaren aldeko boza emateko prest egotea, horren argi geratu denean haien ordezkariek bere poltsikoak betetzeko erabili dutela boterea?

Iván Giménezek argitara eman duen El corralito foral liburuak erantzun aunitz ematen dizkio galdera horri. Lehenago Ricardo Feliuk aurkeztu zuen Nafarroa Garaiko elite boteredunaren zirkulu familiarrei buruzko tesia. Haren ildotik, azterketa oso interesgarria egiten du Giménezek. Hotzikara sortzerainoko datuak eta izenen arteko harremanak agerian utzi ditu.

Uranga familia eta Diario de Navarra. Huarte familia eta Sarria Jaurerria. Azken ehun urteetako Nafarroa Garaiko boterearen kontrolaren ikono dira. Haien —eta bertze batzuen— inguruan sortu diren odol harremanak, enpresa eta kargu publikoetan egonkortu dira. Azken urteotan, egia da, ez dute aurpegia eman behar izan eremu politiko publikoan, haien ordezkari leialak ukan dituztelako horretarako, eskuak sobera zikindu gabe eskupeko galantekin sarituz haien zerbitzari otzanak.

Interes ekonomiko itzel horiek eta, nazional-katolizismoaren printzipio sakrosantu batzuk babeste aldera, diskurtso politiko erabilgarria sortu eta elikatu zuten. UPN da horren adierazpenik gordinena eta PSN haien ezkutari leiala. Haien artean eta haien familiek, lagunek eta ezagunek osatzen dituzten zirkuluen artean banatu dute Foru Komunitateak eskain zezakeen aberastasuna (enpresa publikoak, VWeko konfiantzazko karguak, Unibertsitate pribatuarendako lur eremuak, enpresa pribatu jakin batzuen aldeko erabaki politiko eta ekonomikoak eta, noski, Nafarroako Kutxa). Aberastasun hori, gainera, Espainiak bermatuta egon da (VWeko BEZaren aferak aurpegian eztanda egin ondoren ere, konponbide azkarra bilatu diote).

Erregimenaren aldeko bozaren nukleoa, guztion aberastasuna populazioaren %25-30 horren alde kudeatzearen ondorioz sortu da, batez ere. Poltsikoak hornituta ikusi dituen populazioaren %25-30 horri Espainiako funtzionarioak eta haien zirkuluak batuz gero (PP), hor dugu guttiengo handiena. Horri gehitu izan zaio gehiengo pasiboaren zatirik handiena orain arte.

Nortzuk gelditu dira (salbuespenak historiko zehatzak salbuespen) historikoki Nafarroa Garaia espainiarraren erregimenak egindako aberastasun banaketatik at? Nafar abertzaletasuna eta sistema ekonomiko honen aurkako sektoreak, hau da, orain arte %25-30. Horietako hainbatek boza ematearen aurkako jarrera militantea izan dute eta bertze batzuek ez ditu bereziki erakarri hauteskundeen dinamikak.

Epe motzean, beraz, gakoa, beti bezala, gehiengo politiko pasiboan dago. Populazioaren %40-50 horretan. Gutxiengo aktibo indartsuenaren aldeko hautua egin ohi du gehiengo pasiboaren zatirik esanguratsuenak.

Azken urteotako triskantzek, lapurretek, ustelkeriek eta lotsagarrikeriek gehiengo pasibo horren hautua aldatu arteko eragina izanen dute? Hori da zalantza. Horrelakoetan, gehienetan, erregimenaren aldaketaren aldekoek erakusten duten garaipen izpirituarekin arabera ematen da mugimendua. Podemos/Ahal duguren aldeko inkestetako bozemaleen grafikoaren bilakaerak argi erakusten du zer puntura arte den erakargarria garaipenaren sentsazioa boza eman aitzin edukitzea.

Erregimena aldatzearen alde gaudenok, gure inguruan, banan-banan, erakarri behar ditugu gehiengo pasiboko pertsonak aldaketaren alde. Bide horretan garaipenaren ziurtasuna da argudiorik eraginkorrena. Politikoki aktiboa ez denak beti izaten du nahiago irabazten duenarekin egon, galtzen duenarekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.