Joan den igandean, Arratian, ia-ia galduta dagoen ohitura zahar bat ospatu genuen; etxeramartxo. Eguna, garizuma hasi aurreko igandean ospatzen da; inauteri edo aratusteak pasatu ondoren eta aurreko igandean ospatutako txitxiburduntzi edo kanporamartxon antzera, txerriki jana egitean datza. Kanporamartxon, txorizoa zein urdaia makilatxo batean ziztaturik, lagunartean eta kalean egindako suan erre ondoren jaten den bitartean, etxeramartxon etxean eta familiaren artean errepikatzen den erritua da. Otsaila hasi eta garizuma hasi aurrekoen ohituretan azkenak izaten dira hauek. Kandelario, San Blas, Santa Ageda eta erritu guztiek negua atzera utzi nahi dute, eta lurraren esnatzearekin batera, heltzear dagoen udaberriari abegitsu egiten diote ongietorria. Bitartean, asteburu luze honetan, hiri zein herri gehienetan, festa nagusi. Mozorroak, abestiak, alaitasuna eta ezkutaturik, betiko mamua; aspaldian gainetik ezin kendu darabilgun eraso sexisten zomorro beldurgarria. Baina indar basatiaren aurrean, «ez ez dela» oihukatzen dugu, etengabe, temati. Halere, izango dira basakeriak, Tolosan adin txikiko batek jasan dituenaren modukoak. Eta gertaera hauek ez dira akzio-erreakzioan gertatutakoak, ez daukate unean uneko aitzakiarik, zeren funtsean, giza ordena eta botere harremanen errepikapenaren adibidea baino ez baitira.
Ohiturak eta errituak bezala, gizarte zati baten kontrako ekintza sendo eta sendotuak dira sexu erasoak. Mendeetan izan ez den arazoa ez zen 1882. urtera arte eta AEBetan azaldu. Salaketa arriskutsu baten ondorioz egin zen etaezkontideen tratu txarren kontrako lehen legea argitu zuen. Harrigarria bada ere, ez zenez beste salaketarik ezagutu, 1953an legea ezeztatu egin zuten. Ingalaterran, 1889an, senarrak emaztea zigortzeko zeukan eskubidea indargabetu zuten arren, gaur egun ere, badakigu zazpi emaztetik bat bikoteak bortxatua izaten dela, eta erasoen %50 hurbil dagoen edo erlazioa duten gizonengandik etortzen dela. Argi dago errotik kendu beharreko giza eskubideen kontrako eraso sexistak jaio eta hazi garen sistema patriarkal eta androzentrikoaren ondorio zuzenak direla, eta argi ere, diziplina anitzeko ikuspuntutik egindako elkarlanetik baino ez zaiela erantzun eraginkorrik emango. Saiatzen ari garela diote. Jaurlaritzak ere epe laburrean lege bat agintzen digu, baliabideak gehituz doazela, bagabiltzala, antza, baina, hasitako urteari jaramon eginez gero, oso pauso txikiz.
Urteko lehen bi hilabeteetan 16 bat emakume asasinatuak izan dira estatu mailan, eta beste biren heriotzak ikertzeke daude; haiekin, amak zigortzeko eraildako umeak, ama barik geratutako umeak, alaba bako gurasoak, neba-arrebak, senide eta lagunak kontaezinak dira; zeharkako kaltetuak, tragediaren geruza gero eta astun eta zabalagoa eginez. Ikerketek gaur egun estatuan emakumeen %10ek bortxakeria egoerak jasaten dituztela diote. Ezinbestekoa dugu erakundeen eraginkortasuna, eta batez ere justiziaren justizia. Eta justizia bidegabe horren kontra ari dira Gloria, Martina, Patricia, Mariam, Susana, Sonia eta Celia, «Puerta del Sol»-eko zortziak. Denok ikusi genituen atariko irudiak, denok asaldatu gintuzten kolpeek eta bortxakeriak, baina epaile baten ustez, «kolpe arin batzuk» besterik ez ziren. Inoiz baino argiago, justiziaren itsutasunaren inpartzialtasuna, indarkeria eta ustelkeriarekiko itsukeria hutsa. Gizarte epelaren mozorro perfektua.
ARKUPEAN
Mozorroak eta zomorroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu