Inaki Galdos
ARKUPEAN

Misterioa

2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Harridura baten kronika da hau. Edo urrutitxoago joanda, misterio handi batena, berebiziko ahaleginak egin arren ezin baitut ulertu Borja Senperrek politika utziko zuela iragarri zenetik sortutako gehiena, eta ez da gutxi izan. Agian zintzoena Samara Velte izan da orrialde hauetan azkeneko aldiz Larrepetit-aren itxura hartu duenean. Zintzoena eta fenomenoa hobekien deskribatu duena ere bai: politikari ohiari (berak ere) egin dion jarraipena obsesibotzat ere har daitekeela jabetu eta faszinazioa zehazki ez dakiela nondik datorren onartu. Hori bai, ironikoki guapo hitza hiru aldiz erabili zuen zarauztarrak bere aitorpenean.

Euskal Herrira iritsi berria den norbait joan den asteko Hegoaldeko prentsaren aurrean jarri izan bagenu, agian galdetuko liguke non irakur daitekeen gizon horren pentsamendu politikoa, hain zen handia bere inguruan sortutako losintxa kopurua... Gipuzkoako bosgarren alderdiko presidentea zela argitu beharko genioke, eta duela urte gutxi Madrilerako hauteskundeetan bi porrot jasoa. Eta ez, ez dagoela bere pentsamendua jasotzen duen libururik. Bere poesia bai, baina hori beste kontu bat dela. Duela gutxi Donostiako alkatetzarako bere burua aurkeztu zuela, politikari muzin egiten zionaren itxurarekin, baina bere legebiltzarkide postua utzi gabe. Soldata ere ez, handiagoa baitzen hangoa zinegotzi sartu berri (ustez) despolitizatuarena baino.

Baina argitu beharko genioke bazuela zerbait magikoa. Adibidez, Donostiako hauteskunde horietan laugarren geratu zela, lau urte lehenago bere alderdiko hautagaiak baino 1.000 boto gehiago lortuta, bitik hiru zinegotzira igota eta egun bereko Batzar Nagusietarako bere alderdiaren zerrendak baino 1.600 boto gehiago lortuta. Argi dezagun berriz: 1.000 boto, zinegotzi bakarra eta 1.600 boto gora, egun horretan bertan beste alkategai askok hainbat tokitan lortutakoa baino gutxiago, zer esanik ez gure historia hurbileko beste hainbat emaitza ikusten baditugu. Baina, horra hor magia, berak lortu zuela hedabide eta aditu askoren bataioa, Senper efektua, zer ohorea berea. Are gehiago, hauteskunde ondoren zerrendako hirugarrenak eta laugarrenak uko egin ziotela zinegotzi izatea, emakumeak biak, askok sumatzen zuten bezala bosgarren zihoan gizonezkoa sartzeko, baina, magiaren magiaz, inor gutxi asaldatu zela tranpa lotsagarri haren aurrean.

Eta zer erantzun iritsi berriari, gure protagonistari prentsak eskainitako profiletan aipatzen zen ildo propioarena galdetuko baligu? Bada, nik neuk behintzat nire harridura erakutsiko nioke hori irakurri izanagatik. Argituko nioke ildo propioa izatea beste gauza bat dela niretzat. Ildo propioa Patxi Zabaletak izan zuela bere garaian, baita Sabin Intxaurraga eta Inazio Oliverik ere euren alderdian, edo Oskar Matutek Ezker Batuan. Ildo propioa izatea alderdiaren baitan ponentziak aurkeztea dela, edo ebazpen proposamenak, edo testu ofizialen zuzenketak; barne hautagaitzak aurkeztea, indarrak neurtzea, herriz herri militanteen babesak jasotzea. Edota Gemma Zabaleta eta Denis Itxasok egin zuten bezala, nahiz eta gero bakoitzak bere bidea aukeratu zuen, pentsamendua liburu baten jaso eta gero alderdian ezartzeko saiakera egitea. Oso noizean behin desadostasuna edo ñabardurak azaltzeko prentsari adierazpenak egiteak ezin diola titulu hori eman inori. Politikaren banalizazio eta fribolizazio handian ari gara erortzen Borja Senperrenari ildo propioaren kategoria onartzen badiogu, are gehiago garbi utzi duenean PPn ez dagoela deseroso eta ez duela politika desadostasunengatik uzten.

Bai, datu objektiboak eskuan, misterio handia da gizon honek lortu duena, Samara Veltek aipatutako faszinazioa. Orain arte idatzi dituenak asko argitzen badute ere, agian Daniel Innerarityren liburu berriren baten zain egon beharko dugu ulertzeko zergatik, adibidez, egunkari honek eskaini zizkion azaleko argazki handiena eta harian saileko bi orrialdeak... eta nik neuk hamabostean behin bisitatzen dudan arkupe osoa, Gipuzkoako bosgarren alderdiko presidente ohiari. Adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.