Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Milesker!

2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Gaur egun berezia da niretzat, eta zutabe honetan idatziko dudan azken artikulua denez, esperientzia eder honen balantzea egitea proposatu nahi dizuet.

BERRIAk Arkupean-en parte hartzea proposatu zidanean, poztu nintzen nitaz oroiturik. Gero, beti bezala, zalantza piztu zen: nitaz espero zutenari erantzuteko gai izanen ote nintzen, norbaiti interesgarri gerta dakizkiokeen artikuluak idazteko gai izanen ote nintzenetz dudatzen bainuen.

Dudak duda, nola baztertuko nuen, bada, horrelako aukera?

Onartu nuen, beraz, ausartu nintzen atseginez eta apaltasunez gozatzera, blusa zuria jantzi eta esperimentatzen hasi nintzen.

Bi urte hauetan zalantzetatik asko ikasi dut, nire mugak argiago eta zehatzago ezagutzen ditut egun, ariketa honek ene baitan argiago ikusteko aukera eskaini didalarik.

Zailena gai librea izatea eta karaktere kopurua muga bakarra ukaitea izan da. Denek jadanik landu ez duten gai bat aurkitzeak bertigoa ematen du, eta, aldi berean, askatasuna kudeatzen laguntzen du.

Askatasun hori askoz ere eramangarriagoa da bidea seinalatua delarik, bizitzan bezala, ez baita mugarik gabeko askatasunik, eremu libreak oztopoak baititu mugarri.

Ikasi dut, baita plazer handia hartu ere, zutabekideen lana irakurriz batez ere. Ordura arte oso gustura irakurtzen nituen Iritzia saileko artikuluak, beti izan ditut gogoko, baina nihaurrek horretan parte hartu behar izan dudanetik, arrunt bestelakoa izan da nire irakurketa, eta ohorea izan da idazle horien ondoan tartetxo batez egotea, espazio bera partekatzea nonbait, benetan miresten baitut artikulua egunero idazteko duten gaitasuna, miresten dut ideiak biraka hain argiki garatzen dituena, aingeru eta deabruekin jiraka ibiltzen dakiena, etzaniko hitzak ene baitan dantzan jartzeko ahalmena duena.

Zeinek bere estiloarekin mundua ikusteko haren beraren leihoa eta begirada eskaini dit eta nire mundutxoa elikatu du, aberastu. Emakume ausartaren Heroiak daramatzat nirekin, bere indarra eta duintasuna, Terrazetara joaten hasi berria eta artikulua gogora heldu zait, uzkurrago bihurtu baininduen itxialdiak neu ere, «zomorroago» egileak dioen bezala. Zutabegile kaskarraren Gezurrak, gezurrak, gezurrak nire egin ditut, «denboraren zaplaztekoa» hartu dut neuk ere. Matxinsaltoa saltoka dabil zelaian barna, larrepetita gaitik gaira, eta ni ondotik segika ibili naiz gustura, k letraren alde edo kontra ezer ez dudalarik, eta ikasteko hainbeste... Arkupean egon naiz baina. Bi urtez ibili naiz arkupean miatzen, zutabekideen lanaz gozatzen, Sugeak txoriari nola begiratzen dion ikusten, liluraturik.

Adiskideak ezin ditut hemen ez aipatu. Beti ukan ditut inguruan aholku emaile eta animatzaile sutsu gairen baten ideia luzatzeko, edo ene lerroak irakurri ondoren iritzia emateko. Milesker denoi, mila esker irakurri duzuelako eta animatu nauzuelako. Ez dakit artikuluak oso inpartzialki epaitu dituzuen, baina hobe horrela, bihotza mintzo delarik, egia osoa ez erranik ere. On egin dit.

Bidaia ahantzezina izan da, eta urak bezala egin dut bide, batzuetan uhar, besteetan urmael, inoiz istil eta uher, baina antzina jo dut zuei denoi esker.

Oroitzapen eder horiek guztiak zor dizkizuet irakurleoi eta BERRIAko zutabegileoi. Mila esker Gurutzeri eta Juleni, beti baikorki jaso duzuelako hamabostean behingo nire artikulua.

Zorra kitatzea zaila izanen da, hitz hauek aski izanen direnik ez dut uste; hortaz, hitz etzanetako bat mailegatuko dut eskerrak emateko, galtzear dagoen esamolde hau: «Ez ahaztu, inoren etxera zoazenean, atea beti hankaz jo behar duzula», inoren etxera esku hutsik joan behar ez dela adierazteko zeharkako formula zoragarria. Horrela azaldu zarete guztiak nire atarira bi urte hauetan zehar, besoak bete opari, eta oinaz ate joka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.