Joera baten azken adierazpena dugu Alemanian AfD alderdi ultraeskuindarrak lortu duen emaitza. Alemania izateagatik esanahi berezia hartzen duena, dudarik ez, baina joera orokorra, inondik ere. Orokorra eta arriskutsua.
Mapa handietan baino, hala ere, ertz txikietan jarri nahiko nuke gaur puntua. Feminismoak erakutsi digun praktika bat alor honetara aldatuta, mikro-ultraeskuinari jarri nahiko nioke arreta, analisi makroak beste baterako utzita. Mikrofaxismoak; alegia, katetik daramala ohartu gabe askok aldean daraman konpainia-animalia hori. Mikrofaxismoak katetik daramatza jende askok, eta mikrofaximoek garraiatzen dute jende asko, ez da bereizten erraza muga. Arazo askorekin gertatu ohi da, uste duzu kontrolpean daukazula, aldarrikatzen duzu problemaren gaineko zure kontrola —arazoa denik ukatuz, hasteko—, erabat lakioan hartuta zauzkala konturatu gabe. Drama handiren baten edo egoera itzulezin baten ondoren errealitatera jausten zaren arte, normalean.
Mikrofaxismoak COVIDa baino errazago kontagiatzen dira. Komentario txikietan hasten dira, txisteetan, izendapenetan, esaldi arin, oharkabeetan… diskurtso osoa erabat menpean hartu arte. Tabernetako terrazetan entzuten dira asko, dendetako ilaretan, garraio publikoetan, kirol jardun kolektiboetan (bereziki gurasoak daudenean animatzaile). Diferenteari ematen zaion tratuan azaleratzen da, adibidez: harekiko iritzia, harekiko mespretxua, deitura. Denoi datozkigu gogora putomoro, matxupitxu eta abarrak, eta horiek identifikatzen ditugu (orobat mirkomatxismoak eta LGTBIfobia), baina birusa hedatzen da alferren aurka ere, lanik egin ez eta dirulaguntzetatik bizi diren parasito horiengan guztiengan, lana egiten dutenek baino diru gehiago kobratzen omen dutenak lanik egin gabe. Gizarte zerbitzuetako orotariko bezeroengana hedatzen da gaitzespenaren itzala, eta migranteek tokirik ez duten bezala, eta haiekin egin litekeen onena espultsioa den bezala, gizarteko zorriekin ere gauza bera, gugandik at utzi behar dira. «Gure kontura bizi dira!», izaten dute beren maluren sintesi. Eta bizkarroiek adinako kulpa dauka administrazioak berak ere, hauek denak babestu eta sustengatzen ditu besteok abandonatuz, funtzionario lapur eta nagien bitartez gauzatuz herritar zintzoen aurkako gurutzada. Eta beraz publikoa ere zakurren salara igortzekoa da, orokorrean. Egia da publikoa-ren aurkako neurriek ultraeskuinaren oinarriaren aurka egiten dutela berehala, denaren pribatizazioak eliteak bakarrik babesten baititu, baina horrek berdin du behin toxina odolean delarik. Eta beraz medikuek gu gaizki artatzen gaituzte; RGIa kobratzen du mordoak eta guk baino kotxe hobea dute; migranteak toki guztiak betetzen ari dira —eskolak ere (batzuk, egia esan) gero eta ilunago daude gure haur zuri orbangabeen arriskurako—; segurtasun eza ikaragarri hazi da gure kale eta etxepeetan. Eta nork bere larruan nozitu ditu gaitz guztiok, nahiz eta kasu bakoitzean hazka eginez gero zuzenean bakar bat ere ez dute bizi izan kexati nonahikoek (auzokoari gertatu omen zaio, senide bati entzun dio, lankide batek esan dio jakin duela…).
Komentario inozoak trukatuz hasten gara, bestelako iritzi eta esperientzia izanagatik ere, eta iritzia partekatzera pasatzen gara, eta gero diskurtsoa barneratzera. Eta horiek denak orokortzean, brasak sute bilakatzen dira, eta komentario eta ekintza ezdeus horiek (brometan esan du, hitz egiteko modu bat da, ez du benetan hala pentsatzen) lege bihurtzen dira, dekretu, agindu exekutibo.
Beldurra ematen dit boto-emaileen %20ak ultraeskuinari bozkatzea, bai, baina beldurgarriagoak ultraeskuinari botorik ematen ez dioten ezagun, lagun, senide eta lankideen mikrofaxismoak dira.