Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Miel Otxin askatu!

2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Asteartean, Lantzen, lapurra epaitu, kondenatu, kolpatu, hil eta erre egin zuten, bertako zein bertaraturiko haurren aitzinean. Lasai, ez iezadazue bidali Barojatarren Navarra, las cuatro estaciones dokumentalaren kopia. Badakit inauteria epaitzeko, hiltzeko eta erretzeko europar tradizio zaharraren aldaera bat besterik ez dela Lanzko usadioa. Afera da Lantzen folklorearen garapenaren apetek irudi antropomorfikoa hautatu dutela protagonista gisa. Eta, hartara, zortzikoaren euskal doinu maitagarriaren erritmoan, gizakiak lintxatzeko ohitura ez horren maitagarria irudikatzen dutela umeen aitzinean, Lantzen eta haren inauteri frankiziatu guztietan: Barañain, Tafalla, Burlata, Antsoain, Iruñeko zenbait auzo, Nafarroa osoko hainbat ikastetxe...

Bai, badakit: zuzentasun politikoarekin gogaiturik zaudete, eta Lanzkoa ez zaizue horrenbesterako iruditzen. Aitortuko dizuet seguru asko arrazoia duzuela, baina trukean onartu iezadazue antzeko eszena bat Disneyren pelikula batean edo Irakeko ramadanaren amaierako festari buruzko dokumental batean ikusiko bazenute, zuen iritzia bestelakoa litzatekeela. Lankide batek dioen bezala, agian ez legoke gaizki kontuari bueltatxo pare bat ematea.

Nolanahi ere, daitort: arazoa nirea da. Punitibismoak asaldaturik nauka, eta haren arrastoak gero eta leku gehiagotan ikusten ditut. Konparaziora, segur naiz lerrook irakurtzen ari zaretenon artean bati baino gehiagori otuko zitzaiola ez litzaiokeela inportako PPko lapur gominadunak Miel Otxinen moduan zigortzea. Eta, irakurle jatorrok, halako pentsamenduek (konpartitzen badira) punitibismoa elikatzen dute, indartu egiten baitute arazoak zigorrak gogortuz konpontzen diren ideia. Norentzako eta zergatik eskatzen den zigorra (ia) gutxienekoa da.

Aurrekoan, punitibismoak etxeko atean jo zuen: kosk, kosk. Edo, zehazkiago, posta elektronikoan. Del Castillo eta Quer familiek mezua helarazi zidaten espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren alde sina nezan, Change plataformaren laguntzaz. Espainiako bi sendiok alaba bana galdu dute, indarkeria matxista ankerrak erailda. Handik gutxira, Rajoy presidente espainiarrarekin ikusi nituen telebistan, xede horren beraren aldeko ekitaldi batean.

Familien jarrera ulergarria izan liteke, samina dela kausa. Baina, Juan Antonio Laskurain Zuzenbide Penal katedradunak dioen bezala, «biktimekin tronpatzen ari gara»; izan ere, «zaindu, ulertu eta erreparatu behar ditugu, baina ezin dute legislatu, baldin eta zigor proportzionalak nahi baditugu». Hau da, begia begi truk justizia barbarora itzuli nahi ez badugu.

Rajoyren jarrera, berriz, barkaezina da, hoztasun osoz saiatzen ari baita gizarteko zenbait sektoreren saminari eta horretatik eratorritako mendeku goseari etekin politikoa ateratzen, eta, bidenabar, jendeari sinetsarazten arazo sozialak zigorrak gogortuz konpontzen direla. Esan gabe doa arazoak konpontzeko politika sozialak askoz garestiagoak direla.

PPk 2015ean sartu zuen espetxealdi iraunkor berrikusgarria kode penalean, atentatu jihadistei eta arestian aipaturiko oihartzun mediatiko handiko indarkeria matxista kasuei buruzko titularrak lagun.Baina Rajoy ez da hori egin duen bakarra izan: Espainian, azken hamarkadotan, hogei aldiz aldatu dute kode penala, beti gogortze aldera, hala birgizarteratzeko aukerak murriztuz.

Adi, hego euskal herritarrok, datuak ikaragarriak dira eta: Espainian, (eta hor gauzkate oraindik) 1975ean, 8.440 preso zeuden; 2009an, 76.079; delitu tasa nabarmen aldatu gabe. Espainian, egun, herritar presoen tasa Europako batez bestekoa baino %32 altuagoa da; delitu tasa, %27 txikiagoa. Delituen %16 besterik ez da pertsonen aurkakoa. Presoen %50ek droga-menpekotasun edo psikiatria arazoak dauzkate.

Ene uste harroan, arrunt garrantzitsua da bidegabekeria horretara garamatzan markoa elikatzeari uztea, baita politikari lapurrez, polizia torturatzaileez zein gizon bortxatzaileez ari garelarik ere. Akaso Miel Otxinez ari garelarik, ez horrenbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.