Jone Amonarriz

Merki karu

2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

«Kontsumo gizartea ez da istripuz sortu; kontu handiz diseinatutako eraikuntza bat da». Netflix-en Buy Now! The Shopping Conspiracy (Erosi orain! Kontsumismoaren konspirazioa) dokumentalean elkarrizketatutako adituetako baten hitzak dira. Ikus-entzunezkoari buruzko kritikan sartu gabe, uste dut maiztasun handiz behar ditugula errealitatera gerturatzen gaituzten dosiak, gero eta zailagoa baita pertsonongan klik bat eragin eta, klak, inertziaz botoia betiko posiziora ez itzultzea. Black Friday-ren testuinguruan eta Gabonen atarian, Lea-Artibai inguruan entzun izan dudan esaldi baten oihartzuna itzuli zait: «Merki karu izan ahal da».

Kontsumismoak batez ere hiru gauza lapurtzen dizkigu: denbora, dirua eta datuak. «Interneten zera erosiko dut, ze ez daukat astirik dendara joateko», eta bi ordu sarean ea pagotxarik handiena non topatuko. Eta behin sarean, amua ahoan, hara, behar dudan beste zera hori ere hor, algoritmoak emana. Bidean datu eta arrasto guztiak uzteko prest (des)kontuen truke; ondoren kexatuko garen telefono dei eta spam mezu guztien jatorri. Edozein kasutan, behar ez duguna erostea da sistemaren garaipen nagusia, eta horren ondorioak norbanakoaren kalteetatik harago kokatu ezean, norbere zilborraren neurriko soluzioen bueltan alferrik ariko gara.

Low cost bizimodua garestiegia da, esplotatuta bizi diren pertsonentzat, baldintzarik makurrenetan lanean ari diren adin txikikoentzat, arropak, plastikoa eta hondakinak pilatzen ari diren lekuetako biosferarentzat, CO2 isuriekin sortzen ari garen kutsaduraren ondorioentzat, larrialdi klimatikoarentzat. Horregatik, online erosketa batekin aurreztu egin izana sentitze hutsa sintoma kezkagarria da. Izan ere, kasurik gehienetan, merki karu da. Oso karu. Gauzei bigarren bizitza bat ematea edo hondakin gutxiago sortzea; hori besterik ez da benetan merkea.

Hamarkada honek hitz bat merezi baldin badu bere burua definitzeko alternatiba da. Aldaketa. Alternatibak behar ditugu hobeto bizitzeko. Euskal Herrian abian dira asko eskala eta sektore hainbatetan; baita kontsumo arduratsu eta jasangarriaren inguruan ere. Bertakoa eta 0 km erosketak sustatzeko kanpainak han eta hemen, Errigora bezalako ekimen nazionalak, Goiener, Izarkom... Edo baita tokian tokikoak ere, txikitik handira eragiten: bigarren eskuko gauzen salerosketarako denda, azoka edo egitasmoak, Baionako Eguberrietako merkatu alternatiboa edo hainbat ikastolatako baserritar jantziak partekatzeko trukeak kasu.

Gai izaten ari gara tradizio eta moda batez ere anglo-saxoi eta amerikarren aurrean gure propioei, bertakoei eusteko ere toki batzuetan, bederen. Halloween-etik Gau Beltzera igaro garen modu berean, Black Friday-ren aurrean, Ostiral Beltzean —edo zuzenean berau deuseztatzean— kokatzen ari dira asko, izena euskaratzetik harago, bestelako balio batzuetan ardaztuta: iraunkortasuna, euskara, komunitatea, natura, auzolana... Korrontearen aurka antolatzen den indar oro albiste on bat da gure herriarentzat. 

Gernikako urriko azken astelehenaren harira Onintza Enbeitak zioena gogora ekarrita: «Ez geundeke gaizki atzoko jendearen hamarren bat bere herrian astero egiten den azokara joango balitz, edo beste ehuneko hamabostek noizbehinka etxetik hiru minutura duen baserrira ostera egingo balu esnea erostera, edo atzoko jendearen lagin txiki bat prest egongo balitz eskatzen dugun prezioa ordaintzeko». Eta azokatik azokara, abiatu berri den Durangoko Azokaren aurtengo leloak ere badu honetatik guztitik: «Hartzea ematea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.