«Irene. Lehenik eta behin, zer moduz zaude?». «Kaixo, guapa. Bueno, shockean gaude denok gertatzen ari denarekin. Tira, nik badut zortea ibaiaz bestalde nagoelako. Maite dudan jendea dut beste aldean. Apur bat angustiatuta.Esperando que no haya nada que lamentar».
Ez naiz gai izan azken esaldia euskarara itzultzeko. Ezin diet aldatu hitzei berezko duten ahotsa. Mezua jaso eta ia astebete geroago irakurtzen dut berriro: «Esperando que no haya nada que lamentar». Izozten zait listua. Goiz hartan esan nion idatziko nuela zerbait DANAren hondamendiaren inguruan. Hondamendi naturala baino, hondamendi sozial eta politikoa, esan bide. Idatzi dira tonak honezkero. Jakitun naiz gehiena esana dela eta gauza batzuk hobe dela, errespetuz, gehiegi ez errepikatzea. Baita sufrimendua transkribatzeak duen arriskuaz ere. Beraz, aldez aurretik barkamenak, zerbaitetan asmatzen ez badut.
Irenek berak eman zidan orain denok ezagutzen ditugun gertakari-segida lazgarrien berri. Urriaren 29an, asteartea, Aemetek 07:30ean eman zuen alerta gorria. Ez ziren, ordea, eskola eta jardun laborala eten. 12:20rako bazen ibaien, sakanen eta euri-bideen gainezkatze arriskuaren berri. Generalitatearen alerta 20:00etan jaso zuen Irenek. Jakin dugu gero bizilagun ugarik zutela ordurako ura gerritik gora. Errepidean ziren Mercadonako kamioiak, Glovoko bizikleta eta motorrak. Lantokietan jendea ohartu zen ez zuela etxean lo egingo. Hau idazten ari naizen garaian, 219 da hildakoei dagokien zenbakia; eta 89 desagertuena (2.000 aipatzera ere iritsi ziren). Ireneren goiz hartako itxaropen apurraren iraungitze data dute, ordea, zenbakiek. Ez dakigu zenbat jendek ehortzi beharko dituen, bigarrengoz, orain hondakin artean lurperatuta dituen kide eta lagunak.
Aditu ditugu terrorearen testigantzak lehen pertsonan. Ekarri nahi dut horietako bat. Ez da akaso hainbat hedabideren morbo gosea asetzeko modukoa, baina esanguratsua iruditu zait. Alorako bizilagun batek dio, nahiz eta eskertzen duen laguntza eta azkenean etxera itzultzeko aukera izango duen, itzultzeak zentzurik ez duela beretzat. Uste dut hor dagoela gakoetako bat.
Zeren, esan, nora demontre itzuli behar luke emakume horrek? 60ko hamarkadatik aberaskundeen mesedetan edifikatutako arrisku-zonaldeetara? Klase konponente izugarri batekin, arriskuaren kolore gorriz tindatzen dituzte mapak milaka lagunen bizitokiek. Are, Ema Zafónek seinalatu duenez, urriaren 29ko astearte eguerdian bertan, Generalitateak normal-normal iragarri zuen hainbat opor-etxebizitza eraikitzeko baimena, litoraletik 200 metro eskasera.
«Mediterraneoa sutan dago», adierazi dute hainbat adituk. Adierazpenak klimari egiten dio erreferentzia; baina egin liezaioke baita kaleari, herritarrei, suminari ere. Paiporta eta Benetusserretik hasita; igaro Ribaroja eta heldu Bartzelonaraino, motiborik ez da falta. Ziur nago laster helduko direla «normaltasunera» itzultzeko demandak. Ez dut uste ekaitzaren ondoren barea etortzen denik. Bartzelonan alerta piztu zen une berean ari ziren etxegabetzen familia bat Rambletan. Hori da norma. Baldintza normaletan erabakitzen da nor bai eta nor ez; noren mesedetan eta noren kostura, bizi ala hil. Nekropolitika deitzen zaio horri. Esan, beraz. Esan itzulerak zentzurik duen. Itzuli, nora itzuli?
Non lur hartu? galdetu zuen Latourrek klima-aldaketari begira. Adierazi nahi zuen aspaldi agortu zela etorkizun bizigarri bat. Agortu zela, hain zuzen, berez jasangaitza den «proiektu modernoaren» izenean. Moderno-ren tokian, nik nahiago, zuzenean, kapitalista jarri. Negazionismoak jendea hiltzen du, kapitalismoak ere bai. Eta, Latourri jarraiki, negazionismoaz baino, agian hobe axolagabekeriaz hitz egitea («sudapollismo», esango luke Emma Zafónek). Zeren haiek ere jakitun dira, aspaldi, sistema hau ez dela bizitzarentzat bideragarria. Ondotxo dute egiten ari direnaren berri; baina badakite ere beste batzuek ordainduko dituztela plater hautsiak. Els nostres morts, el seu benefici, hori da azaroaren 9rako deitu den manifestazioaren leloetako bat.
Penintsulaz bestalderaino heldu da milaka langile eta bolondresen, auzolanaren eta antolakuntzaren kemena. Horri esker aterako dira espaloi batzuk lokatz artetik gainazalera. Har ditzatela protestek.