«Tiparen aurpegia dugu, bihar erakutsiko dugu. Bere izena, sare sozialak… dena dugu. Bizitza ezinezko egingo dizugu legearen barnean. Telecinco-n sartuko gara zuzenean 12etan, ezin duzue galdu!». Daniel Estevezen ahotsa du, Desokupa enpresaren operazio bat iragartzen ari da primizian. Horra iragarki bakarrean indarkeria, morbo eta inpunitate erakustaldia.
2016an sortu zen Desokupa, Bartzelonan, nahiz eta laster hedatu eta Euskal Herrira ere heldu den. 2023an bertan izan genuen Desokupa, Desokupación Legal edo Servi-Okuparen berri Gasteizen, Lizarran, Bilbon zein Donostian. Desokuparen web orrian New Yorkeko zeruertza ageri da, eta dialogo eta errespetua bolo-bolo darabiltzan testua. Desalojoak egiteko zerbitzu efikaza saltzen dute, bitartekaritza zerbitzu bat: okupekin negoziatu eta X euroren truk etxebizitza uzteko akordio batera heltzea. Azkarra eta garbia, aurrezteko dirua eta, bide batez, baita eskubideak ere.
Bitartekaritza horretan dago lehen tranpa. Biktimen testigantzek agerian uzten dute zein den negoziazio-metodoa. Estortsioa, datu pertsonalen difusioa, ezkaratzean agertzen diren matoiak. Mehatxatzen zaituzten telefono-zenbaki anonimoak, sarbide-kontrolak edo, are, norbaitek etxe parean utzitako txerri burua. Finean, jendea muturreraino presionatzea azkenean etxea utz dezan.
Duela astebete Donostian izan ziren bi matoi, Karmengo Amabirjina kaleko eraikin batean. Gutun gordin batean salatu dute pairatutakoa bertakoek. Zera diote: «Mehatxuak ahots goxoz bi bider zorrotz jasotzen dira, hauek entrenatuta datoz». Entrenatuta datoz, hitz horiek iltzatu zaizkit. Alegia, ez dira lau zoro. Lagun batek esan dit: badakite zertan dabiltzan, zer egin dezaketen eta zergatik. Ez dira salbuespenezko lau zoro. Lehen kolpean irudi lezakeen baino rol zentralagoa dute merkatuan zein politikan.
Hori aletu nahian, Vadim Volkoven ekintzaile biolento figurarekin egin dut topo.Volkov 90eko hamarkadako Errusian jabetza pribatuaren gaineko lege berriak gauzatzeko agente biolentoek izan zuten paperaz ari zen. Matoi enpresariak ziren, errekurtso biolentoak (armen eta arte martzialen ezagutza, intimidatzeko gaitasuna, indarra...) errekurtso ekonomiko bilakatzen zituzten. Analogia gehiegizkoa da nire gusturako. Baina komeni da gogora ekartzea biolentziak merkatuan eta politikan paper zentrala duela. Aipa litezke kapitalismoak ezinbesteko dituen desjabetze prozesuak. Edo legaltasunaren ertz grisean agente hauek duten inpunitatea. Hitz egin liteke segurtasunaren eta jabetza pribatuaren izenean diskurtso faxistei ematen zaien akuiluaz. Ez dira lau zoro, hori dena ere badira.
Aipatzekoa da instituzioekin duten harremana ere. Ez soilik beste aldera begiratzen dutenek ematen dieten inpunitateagatik. Badira zuzenean diru publikoz finantzatu dituzten kasuak. 2022an Bartzelonan, Premià de Dalteko Udalean, Juntsek Desokuparen aholkularitza kontratatuko zuela iragarri zuen «gatazken ebazpen lagunkoia bilatu» eta «prozedimendu judizialak saihesteko». Kanarietan PSOE, Podemos eta Nueva Canariasek gestionatutako fondo europarretako dirua jaso zuen.
Gainera, bada bortxaren normalizaziorik instituzio berauetan, matoiekin ala ez. Etxegabetze ilegalak egiten dira. Bai matoiekin elkarlanean, baita Poliziak berak bere kabuz. Iruñeko Jarauta kaleko desalojoaren harira, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen Poliziak Desokuparen modus operandi-asegitu zuela, adibidez, sarbide-kontrolak ezarriz. Bideo batean entzun daiteke «desokupa manda» dioen polizia bat. Aste honetan bigarrenez sartu da gogor Polizia, baimen judizialik gabe, Martutene auzoko eraikin batean.
«Bizitza ezinezko egingo dizugu legearen barnean», iragarri zuen Estevezek, prime-time-an. Ana Rosaren programaren edo etxebizitza aseguru baten jingle baten ostean, normal-normal, segituko zuen telebistako parrillak eta bizi garen gurpil-zoroak. Bizitza berez da ezinezko, izatez biolentoa den sisteman. Eta gainetik errentagarria ez denetan, estutuko dituzte gurpilaren torlojuak. Muturreraino.