Amak laguntza eske deitu dit berriz; argi dago idatzi gabeko ama-semeen larrialdietarako ituna historia dela. Kutsatuen kopurua futbolarien soldaten itxura hartzen hasi zenean, kalea ahalik gutxien zapaltzea erabaki zuen; beraz, balkoian igarotzen du egun osoa, auzokideekin hizketan. Amaren auzokide Manuelak ere ez du Eusko Jaurlaritzako dekreturik behar izan konfinatzeko; hain dago ikaratuta koronabirusarekin, non etxeko sarreran New Yorkeko aireportuko segurtasun kontrola instalatu duen. Denbora ahal bezala betetzen saiatzen da; pentsa, ordenagailua erosi du! Baina ekainean euskarazko C1 mailaren egiaztagiria lortu zuenez, jadanik ez ditu ordu luzeak igaro behar ariketak egiten. Horregatik, sukaldeko leihora ateratzea bururatu zaio berriz, eta gure amari honakoa eskatu dio: «Mari Carmen, C1-a lortu nuenetik aukera gutxi samar izan dut euskara praktikatzeko, eta beldur naiz etxean sartuta laster herdoilduko ote zaidan hizkuntza. Zergatik ez diozu Xabiri eskatzen astearteko zutabean proposatzeko konfinamenduan euskal kultura bakardadean bizitzeko planak?»
Kaixo, Manuela! Saiatuko naiz artikulu honetan proposatzen eskuratu duzun euskara maila eder horri txinpartak ateratzeko zorroztarriak. Seguru zure egoera bertsuan dagoen bat baino gehiagori probetxuzkoak izango zaizkiola. Hori bai, badakit egunkariak eta tokiko prentsa kontrolpean dituzula, beraz, ez dut halakorik aipatuko.
Amak esan dit goizetan musika entzun nahi duzula. Jakin euskaraz kantatzen duten musikarien katalogo osoena badok.eus gunea dela: hor aurkituko dituzu auzoko Agurtzanek, haren alabak eta ilobak dutxan kantatzen dituzten kantu guztiak. Irratia nahiago baduzu, EITB euskal kantak katean euskarazko errepertorioa isildu gabe jarriko dizute; eta trikitixa zalea bazara, Youtubeko TxokoMusikala kanalean 1.200 bideo baino gehiago dituzu eskura.
Bazkalaurretik irakurtzea gustatzen omen zaizu; bozgora aritzen omen zatzaizkie txitxirioei, lapikoan borborka ari diren bitartean. Bada, errezetei euskal literatura gozoenaren zaporea jarri nahi badiezu, armiarma.eus webgunean klasikoak, poesia eta liburu elektronikoak doan aurkituko dituzu; e-liburutegia.eus eta booktegi.eus webgunean ere, euskarazko nobela, ipuin eta saiakera ugari daude. Eta eltzekariak zure ahotsarekin aspertuta daudela uste baduzu, aittu.eus, etxegiroan. eus eta Xerezaderen artxiboa-n kontakizun eta irakurraldi eder ugariko podcastak dituzu zain.
Bazkalostean bertsozalea izateko prest ei zaude, egunero bertso-bazkari batean sentitzeko. Ez dizu hutsik egingo asmo horretan bertsoa.eus-ek; hamar pandemiatan ere ez dituzu agortuko guneko bertsoaldiak (tamalez, ez dago modurik onak eta txarrak bereizteko!). Eta hainbeste errima entzunda, bertsotan trebatzeko gogoa piztuko balitzaizu, bertsoikasgela.eus-en inprobisatzen ikasteko material interesgarri asko prest dauzkazu.
Afalaurrean dantza-saioren bat ikusi nahi duzula esan diozu amari; ez dakit nik euskara praktikatzearekin lotura zuzena duen asmoak, baina dantzan.eus euskal dantzen Meka da, eta aikoeskola.eus-en dantza eskola digitala abiatu dute! Hori bai, ez nuke esango bestelako dantza moten euskal bilgune digitalik dagoenik, ezta antzerkiaren kasuan ere, nahiz teatro-testuak.com gunean Mikel Martinezek jasotako lanak irakur daitezkeen.
Afalostean pantaila aurrean esertzeko tenorea iristea nahi duzu, telebistako aukera ahal bezala zabalduta: bada, eitb.tv-ko film eta telesailez gain, argia.eus-en multimedia kanalean dokumental eta ikus-entzunezko andana duzu. Telesailik ez zaizu faltako kanaldude.eus eta eitb.eus- en, eta Youtuben Sutan Bang, SuperTxope, Porruren grabatokia edo Probatxoa bezalako kanal txalogarriak proba ditzakezu. Eta euskal kulturan zer dabilen jakin nahi baduzu, eitb kultura eta dapa.eus-eko bideoak ikustea onena. Gozatu eta zaindu!
ARKUPEAN
Manuelarentzako planak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu