Irati Zubia Landa.

Malkozko garelako

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zer da Gizakia? Galdera filosofiko handi bat da, letra larriz idazten diren horietakoa. Historian zehar saiakera andana egin dira: gizakia da animalia arrazionala, gizakia da hizkuntza duena, gizakia da, gizakia da... Definizio mota horiek esentzialismo orori darien kiratsa dute. Antzinako Greziatik gaurdaino uxatu ez den berbera. Hala ere, aitortzen dut galdera bera tentagarria dela. Zerk egiten du gizakia gizaki?

Sabina Urraca idazleari aditu diot erantzun askoz ere kitzikagarriago bat. Antza, gizakia da animalia guztien artean malko emozionalak botatzen dituen bakarra. Beste animaliak tristatzen dira. Egiten dute, bakoitzak bere erara, negarrari dagokion soinu eta keinurik. Baina, malko emozionalak gizakiak bakarrik sortzen omen ditu. «Badu zentzurik», pentsatu dut. Galeanok zioen malkozko garela.

«Malko emozionalak» diot, existitzen direlako malko mota diferenteak: emozionalak, basalak eta erreflexuzkoak. Bakoitzak du bere funtzioa. Basalek, begia heze mantentzea. Erreflexukoek, kanpo estimuluei —adibidez, kutsadurari edo hautsari— aurre egitea. Eta emozionalek, bada, izenak berak dio. Bakoitzak du bere funtzioa, nahiz eta niri batzuetan nahasten zaizkidan. Behin gezur bat sartu zidaten begian, gezur lehor-lehor bat. Eta ez dakit esaten zein motatakoa den atera zitzaidan malkoa.

Darwinek esan omen zuen malko emozionalak alferrikakoak direla ikuspuntu ebolutibo batetik. «Ba, ok», pentsatu dut, gauza asko esan zituen —edo esaten da esan zituela— Darwinek. Zientzialariek hainbat teoria proposatu dituzte. Nire faboritoak Heather Christle poetaren esana konfirmatzen du: negarra da hizkuntzaren porrota. Malkoak ditugu hitzak ez direlako dena adierazteko gai. Jaioberriekin gertatzen omen da hori, nahiz eta deskubritu dudan jaioberriek mainak egiten dituztela, baina ez dutela oraindik malkoak segregatzeko aparaturik garatu.

Edonola ere, malko emozionalek emozioak adierazi eta jendea mobilizatzeko balio dute. Beste bitxikeria bat: malko emozionalek beste malko motek baino proteina gehiago dute eta, hala, denbora gehiagoz eusten diete masailei itsatsita, beste gizaki batek ikus ditzan. Flipatu egin dut, malkoak manipulazio emozionalerako tresna primario gisa. Funtzio noblea iruditu zait. Atsekabez nabil orain egiten kontaketa: zenbat malko galdu ote dudan alferrik parekoak baimenik ez eman eta atzera irentsi ditudan aldiro.

Behinola malkoak botatzea izan zen ofizio bat. Baziren negarti profesionalak, bizimodua ateratzeko hiletetan negar egiten zuten emakumeak. Zuriz edo grisez jantzi, hildakoaren aurrean belaunikatu eta negar batean lehertzen ziren, ingurukoak emozioak askatzera anima zitezen. Peluka ere eramaten zuten, ileetatik tira egin eta dramatismoa areagotzeko. Antzinako Erroman negartiek taldearen buru zen figura bat zuten, azaltzen ziona emakume bakoitzari nola eta zein tonutan egin auhenak. Orkestra bateko zuzendariak nola. Euskaraz erostari esaten zaie negarti profesionalei. Gazteleraz hainbat izen dituzte: plañideras, lloronas, lastimeras, endechaderas, lamentatrices. Lamentatriz, uf, ez esan ez denik munduko termino dotoreena. La Mentatriz, drag izen ideala.

Debekuekin amaitu zen ofizioa, Eliza Katolikoaren mandatuak zirela medio. Nagore Irazustabarrenaren artikulu batean topatu dut Euskal Herrira ere heldu zirela debeku horiek. Adibidez, 1298ko Baionan oihuak eta negarrak debekatu ziren hiletetan. 1486ko Lekeition ordenantza batek soilik senideei ematen zien negar egiteko baimena, betiere ileetatik tira egiten ez bazuten. Nago zentsura hori ez dugula gainetik kendu. Zenbat malko hipotekatuta solemnitatearen izenean.

Ezin txundituago nauka malkoen mobidak. Zenbat malko kabitzen dira bizi batean? Bota ditudanekin beteko nuke urmael bat, kantinplora bat, katilu bat? Eta bota ez ditudanekin? Zein da malkoaren hotsa? Negar zotinaren buaa? Mukiaren snif? Tantaren plok? Tantak goitik behera erortzen dira beti. Eta ni izan naiz behetik gora eta isilik botatako malkoen lekuko. Kontu hauekin bueltaka heldu naiz ospitaleko atarira. Bertan dut zain atso bat. Toki honetan ere isiltasuna hobesten da. Atsoak, ordea, emango dit baimena. «Llora, niña».Egun luze baten ondoren zapatak eranztea bezalakoa da. Hau da, definitiboki, nire definizio gustukoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.